Gipuzkoako hirugarren sektore sozialaren lana sustatuko du Aldundiak, 1,43 milioi euroko laguntzekin
Gipuzkoako hirugarren sektore sozialaren lana sustatuko du Aldundiak, 1,43 milioi euroko laguntzekin
Gipuzkoako hirugarren sektore sozialaren lana sustatuko du Aldundiak, 1,43 milioi euroko laguntzekin
Egoera ahulenean dauden pertsonen arreta eta gizarte‑zerbitzu hurbil, konprometitu eta berritzaileen mantentze‑lanetan funtsezkoa den sektorearekin lankidetza bultzatuko da
Diputatuen Kontseiluak Zainketetako eta Gizarte Politiketako departamenduak bultzatzen dituen irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeentzako 2026ko dirulaguntzen deialdia onetsi du. Deialdi berria lurraldeko gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten erakundeei zuzenduta dago, eta 1.432.991 euroko zuzkidura du guztira. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak entitate horien lana nabarmendu du, “gure gizartean gero eta konplexuagoak diren errealitateei erantzuten dieten proiektuak bultzatzen dituztelako, eta, aldi berean, premia berriei aurrea hartzen dietelako”. “Ildo horretan”, gaineratu du, “deialdi hau lankidetzako eta erantzukidetasuneko tresna gisa ulertzen da, hirugarren sektore soziala aliatu estrategikotzat hartzen duena pertsonengan eta komunitatean oinarritutako zaintza eredu baterantz aurrera egiteko”.
Zenbateko osotik, 1.082.991 euro pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku-hartze sozialeko programak egiteko diru-laguntzetara bideratuko dira; 250.000 euro egoera eta arazo sozial jakin batzuen aurrean sentsibilizatzeko eta prebenitzeko programetara bideratuko dira; eta 100.000 euro sortzen ari diren premia sozialak ezaugarritzera eta arreta sozialeko modu berriak garatzera bideratutako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarako gordeko dira.
Eskabideak eta dokumentazio osagarria elektronikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan dagoen dirulaguntzen atariaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Diru-laguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira, eta 2027ko martxoaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira.
Berasaluzek azpimarratu duenez, “irabazi-asmorik gabeko hirugarren sektore sozialak garrantzia handia du Gipuzkoan; izan ere, sektore horrek funtsezko zeregina betetzen du pertsonei arreta emateko orduan, batez ere egoera ahulenean daudenei, eta erabakigarria da gizarte-zerbitzuen sistema publikoa indartzeko, hurbiltasunetik, konpromisotik eta berrikuntza sozialetik abiatuta”.
Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoa
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu berri du Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak iragarritako dirulaguntzen 2026ko deialdia. Dirulaguntza ezinbesteko tresna da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako batean aurrera egiteko: herritarren arteko bizikidetza sendotzea eta gure kultura demokratikoa indartzea. Guztira, 620.000 euro bideratuko dira sei dirulaguntza-lerrotara: udalei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei daude zuzenduta, hiru arlo nagusitan: bizikidetza eta aniztasuna, Bizikidetza Lantzen programa eta memoria historikoa.
Giza eskubideen eta aniztasuneko bizikidetzaren arloan, 150.000 euro bideratuko dira gizarte-erakundeetara eta beste 150.000 euro udaletara, errespetua, elkar-aitortza eta inklusioa sustatzen dituzten proiektuak bultzatzeko. Bizikidetza Lantzen programaren baitan, 140.000 euro esleituko dira udalerriei bakearen, bizikidetzaren eta gertuko memoriaren arloko tokiko politikak garatzeko, eta 60.000 euro erakundeei, bereziki terrorismoaren biktimekin eta motibazio politikoko indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketen biktimekin lotutako proiektuetarako. Memoria historikoaren arloan, 60.000 euro bideratuko dira udaletara eta 60.000 euro elkarteetara, ikerketak, argitalpenak, memoria-ibilbideak eta testigantzen bilketa sustatzeko.
Laguntza hauek lurraldean eragin oso esanguratsua dute. Iaz, dozenaka udalerrik eta berrogeitik gora elkartek parte hartu zuten harrera-proiektuetan, kulturartekotasun ekimenetan, memoria demokratikoaren lanketan, biktimei laguntzeko jardueretan eta gorrotoaren aurkako sentsibilizazioan. Bizikidetza egunero eraikitzen eta lantzen da, udalerrietatik, gizarte-ehunetik eta giza eskubideekiko konpromisotik abiatuta.
Joxe Mari Korta bekak
Era berean, Gobernu Kontseiluak Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioarekin lankidetza hitzarmen berri bat sinatzea onartu du, 2026an Lanbide Heziketako Joxe Mari Korta bekei jarraipena emateko, 12.000 euroko zuzkidurarekin. Industria arloan talentu gaztea bultzatzeko eta hainbat balio lantzeko, hala nola ahalegina, zintzotasuna eta herrialdearekiko konpromisoa sustatzea du ekimen honek xede.
Foru bozeramaileak azaldu duenez, "akordioak indartu egiten du 2024an Aldundiaren eta Fundazioaren artean hasitako lankidetza, industria teknologiei lotutako Lanbide Heziketako ikasleen ikasketekin jarraitzea ekonomikoki babesten baitu". Programak 6.000 euroko bi bekaren deialdia aurreikusten du. Horietako bat industriako erdi-mailako ziklo bat egiten ari diren eta goi-mailako gradu bat egin nahi duten ikasleentzat da, eta bigarrena, aldiz, goi-mailako gradu bat bete ondoren, prestakuntza-ibilbidea unibertsitate-ikasketen, goi-mailako ziklo berri baten edo espezializazio-ikastaro ofizial baten bidez jarraitu nahi dutenentzat.
Berasaluzek nabarmendu duenez, “beka horiek talentuaren, Lanbide Heziketaren eta lana ulertzeko moduaren aldeko apustua dira, ahaleginean, lankidetzan eta gizartearekiko konpromisoan oinarrituta”. Era berean, azpimarratu duenez, “gure gazteei beren prestakuntza ibilbidean laguntzea Gipuzkoako industria sarea indartzea eta belaunaldien arteko errelebo kualifikatua eta balioak dituena bermatzea da”.
Lankidetza horrekin, Aldundiak eta Fundazioak Joxe Mari Kortaren aztarna bizirik mantentzeko eta prestakuntza, enpresa eta komunitatea lotuko dituzten ekimenak bultzatzen jarraitzeko borondatea berretsi dute, lurraldearen ongizateari eta aurrerapenari lagunduz.
1740