Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala jasoko du Zelatunek (Hernio) ostiralean
Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala jasoko du Zelatunek (Hernio) ostiralean
637 abeltzainek 42.841 abelburu igoko dituzte aurten lurraldeko mendietako larreetara. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errezilgo Udalarekin batera, ekitaldi publiko bat antolatu du urteroko mugarri hau ospatzeko

Errezilgo Zelatungo larreek jasoko dute aurten, maiatzaren 1ean, ostirala, Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala. Foru Aldundiak ekitaldi publiko bat antolatu du Errezilgo Udalarekin batera eta bertan espero dira, udal ezberdinetako ordezkariak, abeltzainak eta, noski, herritarrak ere bai. Ekitaldiak, ohiko legez, modu adierazgarrian sinbolizatuko du lurralde osoko mendietako larreen irekiera.
Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak urteko mugarri horren garrantzia eta sinbolismoa azaldu du. Zentzu horretan, "ekitaldi hau mendeetan zehar Gipuzkoako kultura eta nortasuna zaindu duten abeltzainen eta familien zereginaren aitorpena dela" adierazi du. Era berean, kolektibo horrek biodibertsitatearen zaintzan eta lurraldearen oreka berdean duen zeregina balioan jarri du Arrutik. “Abeltzainen lana ez da soilik tokiko elikadura osasuntsu eta osasungarri batez hornitzea, askoz haratago doa eta, testuinguru horretan, horrelako ekintzen bidez, sektorea zaintzea, tokikoaren aldeko apustua egitea eta abeltzainek gure ingurune naturala eta gure ongizatea zaintzeko egiten duten lana balioan jartzea ezinbestekoa dela jakinarazi nahi diegu herritarrei”.
Aurten guztira 637 abeltzainek igoko dituzte beren abelburuak lurraldeko mendietan banatutako larre desberdinetara. Zelatunera, zehazki, ardi, behi eta behorrak igoko dira, larreen aprobetxamenduen aniztasuna handituz eta espazio horien erabilera iraunkorra indartuz.
Larre eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtea
Ekitaldi hau, gainera, Nazio Batuek bultzatutako Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtearen baitan egingo da. Ekimen horren helburua da ekosistema horiek lurraldearen orekan, biodibertsitatearen kontserbazioan eta lehen sektorearen jasangarritasunean duten garrantziari balioa ematea. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du larreen kudeaketa iraunkorrarekin eta abeltzaintza-jarduerari laguntzearekin duen konpromisoa, funtsezkoa baita, besteak beste, paisaia mantentzeko, suteak prebenitzeko eta lurraldearen garapen orekaturako.
968