Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Ogasunak 420,9 milioi itzuli eta 395 ingresatu ditu 2025eko Errenta kanpainan

Gipuzkoako Ogasunak 420,9 milioi itzuli eta 395 ingresatu ditu 2025eko Errenta kanpainan

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza foru diputatuak modu positiboan baloratu du kanpaina, eta inplikatutako profesionalen lana eskertu du

2026/07/08
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Ogasunak 420,9 milioi euro itzuli eta 395 ingresatu ditu 2025eko Errenta kanpainan. Balantzeak 25,9 milioiko emaitza positiboa ematen du zergadunen alde. Itziar Agirre Ogasun eta Finantza foru diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariarekin eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, uztailaren 2an amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko.

Foru diputatua, hasteko, pozik agertu da errenta kanpainak izan duen bilakaera positiboarekin, “aurreikusitakoaren arabera igaro baita”, eta eskerrak eman dizkie zergadun guztiei, aurten ere beren ekarpena egin dutelako “kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzeko”. Era berean, Ogasun eta Finantza departamentuko eta IZFEko profesionalen taldearen lana baloratu du, “kanpaina honen arrakasta ziurtatzeko egindako ahaleginagatik, erreforma fiskalaren berrikuntzak aplikatzen ziren lehena, eta aitorpena egin ahal izateko kanalak hobetzen eta egokitzen laguntzeagatik.

2025eko Errentaren emaitzei dagokienez, Ogasun eta Finantza diputatuak oso balorazio positiboa egin du amaitutako kanpainari buruz, batez ere Gipuzkoako ekonomiaren bilakaera positiboaren, finantza merkatuaren portaera onaren, BPGaren %2,3ko hazkundearen eta 2025eko langabezia tasa baxuaren ondorioz (%4,9). Azaldu duenez, “faktore horiek zuzenean eragin dute aurkeztutako aitorpenen kopuruan eta emaitzan”.

Errentaren zifrak

Aitorpenen kopuruari dagokionez, zergadunek 434.090 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, aurreikusitakoak baino 12.090 gehiago, eta iazko kopurua gainditu dute berriro, 10.980 aitorpen gehiagorekin.

Modalitateei dagokienez, 116.861 zergadunek egin dute aitorpena Internet bidez, aurreko kanpainan baino 6.123 gehiago. Autolikidazio proposamenen bidez 237.654 aitorpen aurkeztu dira, 2024ko Errentan baino 3.027 gehiago. Azkenik, errenta mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan, 79.575 aitorpen aurkeztu dira bide horretatik, aurreko kanpainan baino 1.830 gehiago.

Emaitzaren arabera, 303.874 aitorpen itzuli behar izan dira (guztizkoaren % 70), eta Ogasunak 420,9 milioi euro itzuli ditu horrela, hau da, 1.385 euro zergadun bakoitzeko, batez beste. Gainerako 130.216 aitorpenak ingresatzeko izan dira, 395 milioi guztira. Kopuru horiek egindako aitorpen guztien % 30a izan dira. Ordaindu beharreko emaitza izan duten zergadunek batez beste 3.034 euro ingresatu dituzte zerga administrazioan.

Irune Yarza Ogasun eta Finantza zuzendariak nabarmendu du prozedura berriak harrera ona izan duela, hau da, proposamena ZergaBidea programaren bidez onartzea, horren edozein kontzeptu IFZren eta proposamenaren kodearen bidez aldatzeko aukera izanez. “Guztira, 2.359 zergadunek erabili dute aukera hori”. Gainera, 7.354 zergadunek onartu dute beren proposamena Errenta+ aplikazioaren bidez”, azaldu du Yarzak. Ogasuneko zuzendaria pozik agertu da kopuruekin, eta erakundeak zergen kudeaketa modernizatzen jarraitzeko duen konpromisoa azpimarratu du, “egokitu eta Foru Ogasunarekin kudeaketak errazago eta eskuragarriago egiten lagunduko duten bideak eskainiz”.

Ondarearen gaineko Zerga eta Fortuna Handien Aldi Baterako Elkartasun Zerga

Bestalde, Ondarearen gaineko Zergari eta Fortuna Handien Aldi Baterako Elkartasun Zergari dagokienez, Foru Ogasunak 96,3 milioi euro ingresatu ditu 2025eko kanpainan, iaz baino 12,5 milioi gehiago. Guztira, aurreko ekitaldian baino 944 aitorpen gehiago egin dira; 2024an 9.669 aitorpen egin ziren, eta 2025ean 10.613. Zergadunek batez beste 9.075 euro ingresatu dituzte. “Ondarearen hazkundea, batez ere, balore higigarrien gorakadak eragin du, eta horrek, aldi berean, finantza merkatuen bilakaera positiboa islatzen du, oro har, 2025ean”, azaldu du Agirrek.

Erreforma fiskala eta eragina 2025eko Errentan

Foru diputatuak prentsaurrekoa aprobetxatu du erreforma fiskalak 2025eko Errenta Kanpainan izango duen eraginaren inguruko behin-behineko datu batzuk emateko. Agirrek gogorarazi du onartutako neurriek batez ere kontziliazioari, familiari, zaintzari, etxebizitzari edota ingurumenari buruzko alderdietan eragiten dutela, eta horien artean bereziki nabarmentzen direla 36 urtetik beherako gazteei zuzendutakoak. Neurri horiek guztiek 100 milioi euroko aldeko zerga-saldoa sortu dute errenta kanpaina honetan Gipuzkoako zergadunen mesedetan.

Agirrek nabarmendu du, gainera, etxebizitzarako pizgarri berriei esker 57 milioi euro baino gehiago aplikatu direla etxebizitza alokatzeko eta/edo erosteko politika berrietan, eta 80.000 zergadunek baino gehiagok jaso dituztela onura horiek, eta horietatik 26.000 36 urtetik beherako gazteak direla, 24,5 milioi euroko laguntzarekin.

Era berean, 100.000 pertsonak baino gehiagok jaso ahal izan dituzte BGAEei ekarpenak egiteko pizgarri berriak, 11 milioi euroko eragin fiskalarekin.

Diputatuak azpimarratu duenez, “fiskalitatea gipuzkoarrok dugun tresna garrantzitsua da gizarte kohesioa bultzatzeko eta gure herritarrak babesteko beharrezkoa denean, baita gure ehun berritzailea bultzatzeko edo gizarte gisa aurkezten zaizkigun erronkei erantzuteko ere”.

Zerbitzuen Karta

Ogasuneko langileek kanpainan eskainitako zerbitzuari dagokionez, foru arduradunek Errentaren lantaldeak egindako lana txalotu dute. Foru arduradunek egindako errepasoan azpimarratu dute kanpaina honetan 72.164 dei jaso direla kontsultak egiteko eta proposamenak aldatzeko, eta horietatik 378 dei baino ez direla galdu, hau da, dei guztien % 0,52. Egindako 295.852 autolikidazio proposamenetatik % 80,3 onartu dira. Azkenik, itzulketak ordaintzeko batez besteko epea 1,27 egunekoa izan da modalitate mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan; 1,54 egunekoa autolikidazio proposamenen kasuan; eta, azkenik, modalitate telematikoaren kasuan, kasuen % 98,3an 10 egunetik beherako epean egin da itzulketa.

Agirrek foru erakundeak gipuzkoarrei zerbitzu publiko eraginkorra, lehiakorra eta kalitatezkoa eskaintzeko duen bokazio argia azpimarratu du. Ildo horretan, foru diputatua pozik agertu da talde teknikoak egindako lanarekin, “aurten ere esperotako mailan egon baita, gorabeherarik gabeko kanpaina bat bermatuz eta bikaintasunezko arreta eskainiz”.

  

452