Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako salmentak % 3,1 igo dira lehenengo hamaika hilabetetan, aurreko urtearen aldean

Gipuzkoako salmentak % 3,1 igo dira lehenengo hamaika hilabetetan, aurreko urtearen aldean

Bai barne salmentak (+ % 3,7), bai esportazioak (+% 2,0) handitu egin dira denbora tarte horretan, 2024ko aldi bereko zifrekin alderatuta

2026/01/14
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen salmentak % 3,1 igo dira 2025eko urtarriletik azarora, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Barne-salmentek eta esportazioek portaera positiboa izan dute aldi horretan: barne-salmentek % 3,7 egin dute gora, eta esportazioek % 2,0. Sektoreka, guztizko salmenten hazkunde metatua industria-sektorean (+%2,6) gertatu da neurri txikiagoan, eta eraikuntzaren (+%4,9) eta zerbitzu-sektorearen (+%3,5) hazkundeak hazkunde orokorra gainditzen du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak garatutako Salmentei, Kanpo Merkataritzari, Enpleguari eta Soldatei buruzko txostenaren arabera, Europako bazkide komertzial nagusien ahultasunak eta nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasunek eraginda, Gipuzkoako enpresen esportazioak % 2,0 soilik igo dira aldi horretan. Helburuari dagokionez, kanpoko salmentak % 1,8 igo dira EBn, eta gainerako herrialdeetarako salmentak, berriz, % 2,1.

Inportazioak % 2,1 handitu dira urteko azarora arte. Erosketa horien jatorriari dagokionez, % 0,4ko igoera txiki bat ikusten da EBtik datozen erosketetan; eta, EBtik kanpoko herrialdeetatik datozen inportazioak, aldiz, % 6,9 igo dira.

Lan merkatuari erreparatuta, azken hilabeteetan nolabaiteko moteltzea nabari bada ere, Gipuzkoako lan merkatuak indartsu eta hazten jarraitzen du, eta, hala, lehen hamaika hilabeteetan Gipuzkoako enpresek enplegatutako pertsonen kopurua % 0,4 igo da. Datuak sektoreka aztertuz gero, ikusten da hazkunderik handiena industrian (+% 0,8) eta eraikuntzan (+% 1.0) izan dela; zerbitzuetan, berriz, enpleguak % 0,1 egin du behera.

Soldatei dagokienez, 2025eko lehen hamar hilabeteetan Gipuzkoako enpresek ordaindutako soldatak % 4,7 igo dira. Sektoreko bilakaera nahiko orekatua izan da soldatei dagokienez; hala ere, hazkunderik handiena eraikuntzan izan da (+% 5,1), industrian hazkundea % 4,8koa izan da eta zerbitzuetan % 4,5koa. Epealdi honetan, enpleguak (+%0,4) soldatek (+%4,7) baino askoz gutxiago egin du gora; beraz, langile bakoitzeko batez besteko ordainsariak %4,3 egin du gora.

  

1937