Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako salmentak % 3,5 igo dira 2026ko lehen zortzi hilabeteetan

Gipuzkoako salmentak % 3,5 igo dira 2026ko lehen zortzi hilabeteetan

Barne-salmentak eta esportazioak % 5,0 eta % 0,7 hazi dira hurrenez hurren aurreko aldi berarekin gonbaratuz

2026/10/06
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen salmentak % 3,5 igo dira 2025eko epealdi berarekin alderatuta. Barruko salmentak eta esportazioak handitu egin dira, nahiz eta barneko salmenten igoera esportazioena baino askoz handiagoa izan, % 5,0 eta % 0,7, hurrenez hurren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak egiten duen txostenaren arabera, lehenengo zortzi hilabeteetan salmenta guztien igoera orokorra sektore guztietan eman da. Nabarmentzekoa da zerbitzuen sektorearen hazkundea (+%4,6), nahiz eta industrian ere nabarmen hazi diren salmentak (+%2,7). Eraikuntzaren kasuan, aldiz, hazkundea apalagoa izan da (+%1,0).

Kanpo salmenten norakoari dagokionez, EBrako esportazioak % 6,8 igo dira, eta gainerako herrialdeetarako salmentak, berriz, % 6,2 jaitsi dira.

Inportazioak, berriz, +%4,2 igo dira zortzi hilabete hauetan. Eta erosketa horien jatorriari dagokionez, EBtik datozen erosketak mantendu egin diren bitartean, EBtik kanpoko herrialdeetatik datozen inportazioak +%15,3 igo dira.

Enpleguari dagokionez, urtarriletik abuztura bitarteko zifra agregatuek erakusten dute Gipuzkoan enpresek enplegatutako pertsonen kopurua % 0,5 igo dela urte arteko terminoetan. Hazkunderik handiena eraikuntzan eman da (+%1,8), industrian hazkundea % 0,8koa izan da eta zerbitzuen kasuan enplegua bere horretan mantendu egin da.

Enpresek epealdi horretan ordaindutako soldatak, berriz, % 4,3 igo dira, 2025eko datuekin alderatuta. Sektoreen bilakaeran ikusten da igoerarik handiena eraikuntzan izan dela (+%6,3), zerbitzuetan igoera % 4,7koa izan da eta industrian % 3,9koa. Txostenaren arabera, langile bakoitzeko batez besteko ordainsaria % 3,8 igo da.

Ordiziako N-I-420 lotunean oinezkoentzako ibilbidearen proiektua onartzea

Ordiziako N-I-420 lotunean oinezkoentzako ibilbide bat eraikitzeko proiektua gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da.

Proiektuaren arabera, N-I errepidea lotzeko bidearen ondoan oinezkoentzako ibilbide bat egingo da, hiru metroko zabalerakoa. Ibilbide horrek modu seguruan mugitzeko aukera emango du, errepidetik joan beharrik gabe, Ordiziako erdigunetik, San Bartolome ingurutik, Goierriko Berrikuntza Guneraino, Goierriko Eskolaraino eta Oiangu parkerako sarbideraino. Su Eskolaren parean, Altamiraraino iristen den pasealekuarekin ere lotuko da, eta, horrela, ibilbide zirkular bat osatuko du. Lazkaibarretik Beasain eta Lazkaora igotzen den ibilbidearekin bat egingo du.

Jarduerak 420.000 euroko aurrekontua du gutxi gorabehera, eta gauzatzeko epea 12 astekoa. Datozen asteetan, proiektuaren lizitazioa egingo da.

Aintzane Ezenarroren izendapena Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusi gisa

Foru Gobernu Kontseiluak Aintzane Ezenarro Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari izendatzea onartu du gaur goizean.

Aintzane Ezenarro Komunikazio Zientzietan eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da, eta Oinarrizko Eskubideetan eta Botere Publikoetan masterra dauka egina EHUn.

Bere ibilbide profesionalari dagokionez, 2025eko irailetik gaur egun arte EITBko memoria eta historia gaietako arlo burua izan da. Aurretik, Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuko Zuzendaria izan da (2015-2024); Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko aholkularia, bake hezkuntza gaietan (2013-2015); Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea (2005-2012) eta batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan (2003-2005).

Ezenarrok Ion Gambra ordezkatuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren arloko zuzendaritza bere gain hartuz. Izendapen honekin kultura demokratikoaren aldeko lana sendotu nahi du Foru Aldundiak; giza eskubideetan eta memoria demokratikoan oinarritutako kultura demokratikoaren aldeko mezua eta lan pedagogikoa egin.

  

1754