Gnat Zinemak «Las Hijas del Mar» filmaren estreinaldiarekin Gipuzkoa eta Koreako emakumeak elkartuko ditu
Gnat Zinemak «Las Hijas del Mar» filmaren estreinaldiarekin Gipuzkoa eta Koreako emakumeak elkartuko ditu
Gnat Zinemak «Las Hijas del Mar» filmaren estreinaldiarekin Gipuzkoa eta Koreako emakumeak elkartuko ditu
Gipuzkoako VI. Natura eta Ingurumen Zinemaldiaren erakustaldia irailaren 7tik 12ra egingo da Donostian eta Tolosan, eta gizakien eta naturaren arteko harremana lantzen duten sei proposamen eskainiko ditu.

Inaugurazio-filmaren bidez, «Las Hijas del Mar» lanak euskal kostaldeko emakumeak eta Koreako Jeju uharteko haenyeoak lotuko ditu. Koreatik etorritako ordezkaritza batek parte hartuko du, baita dokumentaleko protagonistek eta lantaldeak ere.
José Ignacio Asensio: «Gnat Zinemak natura ezagutzen, ulertzen eta geure sentitzen laguntzen digu, baina baita gure ingurunea babestea guztion ardura dela erakusten duten giza istorioak ezagutzen ere».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatzen duen Gipuzkoako VI. Natura eta Ingurumen Zinemaldiaren Erakustaldia, Gnat Zinema, irailaren 7tik 12ra itzuliko da. Edizio berri honek zinema gure ingurunea ezagutzeko, kontzientzia sortzeko eta ingurumenaren arloko erronka nagusien inguruan hausnartzeko tresna gisa kokatzen du berriro.
Edizio berria irailaren 7an hasiko da Donostiako Kursaalean, «Las Hijas del Mar» filmaren estreinaldiarekin. Gemma González Martínez euskal zuzendari eta gidoilariaren lehen dokumental luzea da. Filmak euskal kostaldeko emakumeen eta Koreako Jeju uharteko haenyeoen arteko zubia eraikitzen du. Milaka kilometrok bereizten dituzten bi komunitate dira, baina itsasoarekin, lanarekin, memoriarekin eta kulturaren transmisioarekin duten harreman sakonak lotzen ditu.
Inaugurazioak, gainera, nazioarteko izaera nabarmena izango du, Koreatik etorritako ordezkaritza baten parte-hartzearekin. Ordezkaritzan izango dira Son Choonsook eta Ko Myunghyo haenyeoak, Lee Mijin zuzendarikidea eta Stella Kang interpretea. Haiekin batera, Gipuzkoarekin lotutako taldeko eta protagonistetako ordezkariek parte hartuko dute: Maider Perez arraunlariak, Izaskun Suberbiola Mater-en zuzendariak eta Gemma González dokumentalaren zuzendariak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da zuzendariarekin eta protagonistekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko foru diputatuak, José Ignacio Asensiok, nabarmendu duenez, «Gnat Zinemak natura ezagutzen, ulertzen eta geure sentitzen laguntzen digu, baina baita gure ingurunea babestea guztion ardura dela erakusten duten giza istorioak ezagutzen ere. Las Hijas del Mar filmak ezin hobeto islatzen du espiritu hori: elkarrengandik urrun dauden bi lurraldetako emakumeek itsasoarekin duten harreman bat partekatzen dute, belaunaldiz belaunaldi eraikia, eta identitateaz, komunitateaz, memoriaz eta erresilientziaz hitz egiten digute».
«Las Hijas del Mar»: Jeju eta euskal kostaldearen arteko zubia
«Las Hijas del Mar» filmak 75 minutuko iraupena du, eta Jeju uharteko eta euskal kostaldeko emakumeak ozeanoarekin duten harreman intimoaren bidez lotzen ditu. Haenyeo urpekarietatik hasi eta itsasoarekin lotutako tradiziozko lanbideetaraino, dokumentalak erakusten du itsasoak oraindik ere lanerako, memoriarako eta identitaterako espazioa izaten jarraitzen duela.
Filmak komunitateari eta belaunaldien arteko transmisioari estuki lotutako bizimoduak mantentzen dituzten emakumeak ditu ardatz. Azkar aldatzen ari den mundu batean, haien istorioek itsasoaren inguruan eraikitako kultura, erresilientzia eta ezagutzetara hurbiltzeko aukera ematen dute, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ezagutzetara, hain zuzen ere.
Protagonisten artean dago Ko Myunghyo, haenyeoen familia batekoa. Jejuko Iho arrantzale-komunitatean urpekaritza egiten jarraitzen du, bere amarengandik jasotako tewak —ohiko buia— erabiliz. Son Choonsook ere protagonistetako bat da. 1974an hasi zen amarekin batera urpekaritzan, eta berrogeita hamar urte baino gehiago daramatza itsasoan lanean. Bere belaunaldiko emakumeen memoria bizia ordezkatzen du; familia, gorputza eta eguneroko esperientzia izan zituzten lanbide hori ikasteko oinarri.
Filma, gainera, Gemma González Martínez euskal zuzendari, gidoilari eta kultur ekoizlearen lehen dokumental luzea da. Bere lanak memoria, identitatea eta pertsonen eta lurraldearen arteko harremana aztertzen ditu, emakumeen ahotsetan eta belaunaldien arteko transmisioan arreta berezia jarriz.
Natura hainbat begiradaren bidez ezagutzeko programazioa
Inaugurazioaren ondoren, Gnat Zinemak irailaren 8an jarraituko du Kursaalean, David Allenek zuzendutako Wilding: El regreso de la naturaleza filmarekin. Isabella Tree-ren bestseller batean oinarrituta dago filma, eta 400 urteko finka bateko nekazaritza-lurrak naturari itzultzea erabakitzen duen bikote gazte baten esperientzia kontatzen du. Hesiak kendu eta prozesu naturaletan konfiantza jartzen dute lurrak leheneratzeko. Saioak, gainera, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko topaketa bat izango du Oskar Alegria zinemagile eta idazlearekin.
Irailaren 9an, Donostiako Aquariumak Vida entre dos mundos hartuko du. Lexeia Larrañagak zuzendutako dokumentalak lur eta itsasoaren arteko mugan dauden ekosistemen aparteko aniztasuna erakusten du. Marearteko eremuak, alga-belardiak, estuarioak, dunak, itsaslabarrak eta ur sakonak habitat-mosaiko baten parte dira, eta aldaketek espezieak egokitzera behartzen dituzte. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da egileekin. Bertan izango dira, besteak beste, Lexeia Larrañaga zuzendari eta gidoilaria, Alex Gutiérrez ekoizle, argazki-zuzendari eta kamera, eta Enrique Talledo urpeko kamera.
Irailaren 10ean, berriro Kursaalean, Blue Carbon dokumentalaren txanda izango da. Nicolas Brownek zuzendutako lanak zientzia eta musika uztartzen ditu, kostaldeko ekosistemek —mangladiek, padurek eta itsas belardiek— karbono dioxidoa harrapatu eta biltegiratzeko duten garrantzia erakusteko. Estatu Batuetan, Senegalen, Vietnamen, Frantzian, Kolonbian eta Brasilen filmatu da dokumentala. Protagonista Jayda Guy DJ, musika-ekoizle eta itsas biologoa da, eta soinu-banda originala RZAk, Wu-Tang Clan taldeko kideak, egin du; Seu Jorge musikari brasildarrak ere parte hartu du. Saioaren ondoren, karbono urdineko ekosistemetan adituak diren pertsonekin solasaldia egingo da, tartean AZTIko ikertzaileekin.
Erakustaldia irailaren 11n Tolosara eramango da. TOPICen Doñana: donde el agua es sagrada dokumentala proiektatuko da, Carmen Rodríguezek zuzenduta. Dokumentalak Doñanan barrena egiten du bidaia, Europako erreserba ekologiko handietako batean barrena, eta uraren presentziak markatutako lurraldea erakusten du. Bertan, 300 hegazti-espezie baino gehiagoren migrazio-bideak eta mehatxurik handiena duten ekosistema eta espezieetako batzuk aurki daitezke. Saioaren aurkezpena José María Morales eta Joaquín Gutiérrez Acha naturaren zinemako profesional entzutetsuek egingo dute.
Gnat Zinemaren VI. edizioa irailaren 12an amaituko da, TOPICen, Zumo de remolacha lanarekin. Proposamenak zinema eta antzerkia uztartzen ditu krisi klimatikoari ikuspegi pertsonaletik heltzeko. Isabel Martík zuzendutako obra da, eta Fernando Valladares da interpretatzailea. Zientzialaria nazioarteko desobedientzia zibileko ekintza baketsu batean parte hartu ondoren argitaratu zuen artikuluan oinarrituta dago. Piezak zientziaren eginkizunari, gizartearen erantzukizunari eta krisian dagoen planeta batean bizitzaren alde borrokan jarraitzearen zentzuari buruzko hausnarketa proposatzen du.
Zinema, natura eta hausnarketa
VI. edizio honetako programazioak, beraz, Gnat Zinemaren funtsari eusten dio: naturarekin lotutako kalitatezko ikus-entzunezko edukiak herritarrengana hurbiltzea eta, bereziki, pertsonok naturarekin dugun harremanaz hausnartzea. Saioek hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, ekosistemen leheneratzea, itsas biodibertsitatea, karbono urdina, Doñanaren kontserbazioa eta gizarteak krisi klimatikoaren aurrean duen erantzuna.
«Gure natura-ondarea ezagutu eta baloratuko duen herritartasuna behar dugu, eta, aldi berean, hura babesteko moduari buruzko eztabaidetan parte hartu ahal izango duena», adierazi du Asensiok. «Gnat Zinemak zinema topaketa eta hausnarketarako espazio bihurtzen du, oso errealitate desberdinetara hurbiltzeko eta, aldi berean, aurrean ditugun erronka asko partekatuak direla erakusteko gai den espazioa».
Erakustaldia irailaren 7tik 12ra egingo da Donostiako Kursaalean, Donostiako Aquariumean eta Tolosako TOPICen. Saio guztiak doakoak izango dira. Kursaaleko eta TOPICeko saioetarako sarrerak leihatilan eta dagozkien webguneetan eskuratu ahal izango dira; Aquariumeko saiorako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Informazio gehiago: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gnaturaldia/gnaturaldia
1260