Gobernu Kontseiluak Turismo Zergaren Foru Arau proiektua onartu du
Gobernu Kontseiluak Turismo Zergaren Foru Arau proiektua onartu du
Zerga horretaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoko Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eta Higiezinen Katastroaren Foru Arauaren proiektuak ere onartu ditu

Foru Gobernuaren Kontseiluak gaur onartu du Zerga Turistikoaren Foru Arauaren proiektua, Lurralde Historikoko edozein udalerritan dauden ostatu turistikoko establezimenduetako egonaldia zergapetzea ahalbidetuko duena.
Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak gaur goizean Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan azaldu du “Izaera lokala duen berehalako zerga dela hau, subjektu pasiboei, hau da, egonaldia egiten duten pertsona fisikoei, ezarriko zaiena. Establezimendu turistikoak arduratuko dira zergadunari zerga hori eskatzeaz eta zergaren auto likidazioa aurkezteaz eta izenpetzeaz”.
Zergaren zerga-oinarria zehazteko, zergadunak turismo-ostatuko establezimendu batean egindako egonaldi bakoitzaren egonaldi-unitateen kopurua hartuko da kontuan. Zerga-kuota kalkulatzeko, segidako turismo-egonaldiko unitateen kopurua dagokion karga-tasarekin biderkatuko da, unitate horiek egiten diren turismo-establezimendu motaren arabera. Nolanahi ere, gehienez 5 egonaldi-unitate zenbatuko dira zergadun bakoitzeko.
Agirrek azaldu du “hala, honako hauek zergapetuko dira: hotel-establezimenduetako egonaldiak, ostatu-etxeak, apartamentu turistikoak, kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk, nekazaritza-turismoko establezimenduak, landa-ostatuak eta landetxeak, aterpetxeak, turismo-ostatuko beste establezimendu batzuk, erabilera turistikoko etxebizitzak (hala nola osorik lagatako erabilera turistikorako etxebizitza osoak edo logelaka lagatako erabilera turistikorako etxebizitza partikularrak) eta gurutza ontzi turistikoak, Gipuzkoako portu batean geldialdia egiten dutenean”.
Zerga aplikatzetik salbuetsita egongo dira ondoko egonaldi motak: EBko edozein estatu kidetako administrazio publikoek helburu turistikoekin antolatutako gizarte-programek diruz lagundutako egonaldiak; hemezortzi urtetik beherako pertsonek egindakoak; % 65eko edo handiagoa edo II. edo III. graduko mendekotasuna frogatzen duten pertsonen egonaldiak; hezkuntza-sistemako maila eta gradu guztietan edo EAEko administrazio publikoek antolatutako talentu-programetan parte hartzeagatik ostatu hartzen dutenenak; osasun-arrazoiengatik egindako egonaldiak eta haiekin doazenak; eta ezinbesteko arrazoiengatik egiten direnak.
Udalek, ordenantza fiskal bidez, % 100erainoko hobaria ezarri ahal izango dute zerga-kuotaren gainean, 25 ostatu-plaza edo gutxiago dituzten udalerrietan. Era berean, udalek % 50erainoko errekargua ezarri ahal izango dute zerga-kuotaren gainean, 750 ostatu-plaza edo gehiago dituzten udalerrietan.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak aurreratu du, “Foru Arauaren proiektuaren testuak ezartzen du zerga turistikoaren karga 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko dela indarrean”.
Lurralde Historikoko Ondasun Higiezinen eta Higiezinen Foru Katastroari buruzko Foru Arau proiektuak
Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Lurralde Historikoko Ondasun Higiezinen gaineko Zergari eta Higiezinen Foru Katastroari buruzko Foru Arau proiektuak onartu ditu. Itziar Agirrek azaldu du “Bi Foru Arau hauen bidez helburua da 1989tik indarrean dagoen erregulazioa egungo zerga-esparrura eguneratzea. Horrela, argi eta garbi bereizten dira Higiezinen Katastroa, izaera teknikoko administrazio-erregistro gisa, eta OHZ, higiezinen jabetzaren gaineko udal-zerga nagusi gisa”.
Ondasun Higiezinen arloko Foru Arauak hainbat berrikuntza dakartza, hala nola ezaugarri bereziko ondasunen hirugarren kategoria bat sartzea, hiri- eta landa-ondasunekin batera, zerga-egitatea Lurralde Historikoko Higiezinen Katastroari buruzko Foru Arauaren proiektuan jasotako katastro-erregulazio berrira egokituz. Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezin horien karga-tasari dagokionez, Foru Arauak ezartzen du karga-tasa bat ezarri ahal izango dela, % 0,7ko mugaraino handituta.
Hiru foru-arauak Gipuzkoako Batzar Nagusien esku jarri dira, ondoren osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko. Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak espero du “hiru foru arauak udaberrian onartu ahal izatea”.
Misioak: mugikortasun berria eta elikadura jasangarria
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak Misioak programaren deialdi berri bat onartu du, 700.000 eurokoa, mugikortasun berriko eta elikadura jasangarriko misioekin bat datozen ekimen berritzaileak bultzatzeko. Berasaluzeren hitzetan, “lurraldearen erronka handietara bideratutako berrikuntzaren alde egiteko modu bat da. Aurrean ditugun erronkak konplexuak dira, eta erakundeen, enpresen, ezagutza zentroen eta gizarte eragileen arteko lankidetza modu berriak eskatzen dituzte ”. “Misioak programaren bidez, Gipuzkoako berrikuntza ekosistema osoa aktibatu nahi dugu, hainbat esparrutatik erronka horietarako soluzio zehatzak gara daitezen eta ezagutza, berrikuntza eta benetako aplikazioa konekta ditzaten”.
Elikadura jasangarriaren esparruan, misioaren helburua da lurraldeko tokiko ekoizpen primarioaren aukerak handitzea, jatorrizko laboreen eta abeltzaintzako espezieen ekoizpena handituz eta, aldi berean, ekoizpen berriekin esperimentatuz. Era berean, tokiko ekoizleen arteko antolaketa eta lankidetza modu berriak bultzatu nahi ditu, Gipuzkoako elikadura sistemaren gaitasuna indartu ahal izateko.
Mugikortasun berriaren kasuan, helburua da sistema intermodalago, irisgarriago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea, hainbat garraiobide integratuko dituena eta lurralde osoan joan-etorri arinak erraztuko dituena. Misioak planteatzen du, halaber, pertsonengan oinarritutako mugikortasun eredu berriak bultzatzea, eta mugikortasun eredu elektrikoago eta ingurumen inpaktu txikiagoko bateranzko trantsizioa; flotak pixkanaka elektrifikatuz eta kargatzeko azpiegiturak hedatuz, bai eta mugikortasun konektatua bultzatuz ere, ibilgailuen, azpiegituren eta pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetuko duten teknologiak txertatuz; horrela, bide segurtasuna hobetzeko, trafikoaren kudeaketa optimizatzeko eta mugikortasun zerbitzu berriak garatzeko.
Balantzea eginez, 2025eko deialdiari esker, lurraldeko misio estrategiko horiekin lerrokatutako bost proiektu berritzaile bultzatu ahal izan ziren. Mugikortasunaren esparruan, hainbat ekimen garatu ziren, hala nola G.MODE-Gipuzkoa Mobility Designer ekimen berritzailea, garraio publikoko sareak diseinatzeko eta simulatzeko tresna interaktiboa; edo NEXT-STATION, denbora errealean informazioa integratuko duten eta garraio publikoaren erabiltzaileen esperientzia hobetuko duten geraleku adimendun konektatuak garatzeko proiektua.
Elikadura jasangarriaren esparruan, proiektuak tokiko elikadura sistema eta lehen sektorea indartzera bideratu ziren. Horien artean daude, besteak beste, “Eskualdea barnetik elikatzen” ekimena, Goierrin eta Urola Garaian ekoizleen arteko ekoizpena eta lankidetza sareak indartzera bideratua; ala baratze sektorearen beharrak aztertzeko eta tokiko ekoizpena handitzea ahalbidetuko duten antolaketa eredu berriak definitzeko Abelurrek bultzatutako proiektua; edo Baserri Digitala 2.0, baratzezaintza teknifikatuaren eta hidroponiaren potentziala aztertzen duena, produktibitatea handitzeko eta nekazaritza sektorera profil berriak erakartzeko.
Artisautzarako eta zibersegurtasunerako laguntzak
Era berean, Gipuzkoako artisautza sektorea sustatzeko laguntza programaren 2026ko deialdia onartu da, 466.600 eurorekin. Ildo horren helburua da sektorearen lehiakortasuna indartzea, merkaturatzea hobetzea eta balorizazio soziala indartzea.
"Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentuaren bidez, artisautzaren sustapen integralarekin duen konpromisoari eusten dio, alderdi tradizionala zein garaikidea bultzatuz eta haren ikusgarritasuna, profesionalizazioa eta bideragarritasun ekonomikoa indartzen lagunduz", bozeramailearen arabera.
Foru erakundea artisautza-sektorearentzat etorkizun jasangarria bermatzeko garatzen ari den estrategiaren parte dira laguntza horiek, haren dimentsio kulturala, soziala eta ekonomikoa integratuko duten lankidetza-, antolaketa- eta sustapen-eredu berriak sustatuz.
Gipuzkoa Digitala: Zibersegurtasuna programaren 2026ko deialdia ere onartu da, 400.000 eurorekin hornitua, lurraldeko enpresen zibersegurtasun gaitasunak indartzeko, bereziki industria arloan. Berasaluzek azaldu duenez, “zibersegurtasuna indartzeak nazioartean industriari eragiten dioten mehatxuen gorakadari erantzuten dio, bereziki oso automatizatuta dauden manufaktura-sektoreetan”. ZIUR foru zentroaren ziber-adimen industrialari buruzko azken hiruhilekoko txostenaren arabera, konpainia baten datuen aurkako erasoen gertakariak, gero erreskatea (ransomware-a) eskatzeko, % 14 baino gehiago igo ziren mundu mailan 2025eko azken hiruhilekoan, manufaktura-industria sektore kaltetuenetako bat izanik, eta horrek industria enpresen zibersegurtasun gaitasunak indartzeko beharra indartzen du.
Programa bi jarduera-ildotan egituratzen da. Lehenengoa enpresetan zibersegurtasun gaitasun aurreratuak indartzera bideratuta dago, mehatxuak detektatzeko zerbitzuak ezarriz eta gertakarien aurrean erantzuteko planak eginez. Bigarren ildoa plantako prozesuak eta makinak kontrolatzen dituzten azpiegiturak hobetzean, berritzean eta modernizatzean oinarritzen da, industria enpresei sistema eragileak indartzen eta baldintza teknologiko berrietara egokitzen lagunduz.
1213