Atzealdea

Gordailuak eta Ekainberrik hartuko dute Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera

Foto Gordailuak eta Ekainberrik hartuko dute Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera

Gordailuak eta Ekainberrik hartuko dute Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera

Apiriletik ekainera bitartean ikusgai egongo da Donostian #IceAgeEuropeNow erakusketa, Izotz Aroko aurkikuntza ikusgarrienen irudiekin.

Gordailuak eta Ekainberrik hartuko dute Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera

Apiriletik ekainera bitartean ikusgai egongo da Donostian #IceAgeEuropeNow erakusketa, Izotz Aroko aurkikuntza ikusgarrienen irudiekin

Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak, Gordailuko zuzendari Carlos Olaetxeak eta Ekainberriko gerente Juanjo Aramburuk aurkeztu berri dituzte aste honetan Gipuzkoan izango den Ice Age Europe Museo Sarearen urteroko bilera eta #IceAgeEuropeNow erakusketa. Azken hori apirilaren 24tik ekainaren 10era egongo da ikusgai Donostiako Zuloaga plazan, San Telmo Museoaren parean.

Ekainberrik bere burua proposatu zuen 2018ko lehen bilera antolatzeko egoitza gisa, eta ekitaldia bere hamargarren urteurreneko ospakizunen barruan sartzeko asmoz. Horren bidez, sareko kideei gonbita egin nahi izan zaie, 2008an inauguratu zenetik hamar urte bete diren honetan, Ekain kobazuloaren erreplikaren inguruko errealitatea ezagut dezaten.

Euskal Herria ere presente dago sarean Ekainberri, Isturitze-Otsozelaiako Haitzulo eta Santimamiñeko haitzuloen bitartez.

Gordailuan egingo den bileran aipatu herri guzti horiek egongo dira eta datozen zentro hauek: Prehistomuseum (Belgika), Krapina Neanderthal Museum (Kroazia), Isturitze-Otsozelaia eta Musée de l’Homme de Neanderthal la Chapelle aux Saints (Frantzia), Palaön eta Neandertal Museum (Alemania), MUSE-Museo delle Science (Italia), Santimamiñe, Ekainberri, La Roca del Bous, Altamira eta Cenieh (Espainia) eta Kents Cavern eta Gibraltar Museum (Erresuma Batua).

5 urte dira sarea osatu zela eta, zentro bakoitzeko esperientzia partekatzeko egiten diren bileraz gain, jarduera berriak jarri dira abian, hala nola, Ice Age Europe aldizkari berria eta #Ice Age Europe Now erakusketa, Bastida/Bastide–La Clairencera iritsiko dena Isturitze & Otsozelaia Haitzuloen eskutik eta Donostiara, berriz, apirilaren 27an.

Meetingaren barneko  jardueren artean Lezetxikiko Paleolito garaiko aztarnategi garrantzitsura  bisitaldi bat programatu da Alvaro Arrizabalaga doktorearen eskutik. Ostegun arratsaldean, meetingaren ondoren, bileren egoitza den Gordailura bisita gidatua eskainiko zaie. Ostiral arratsaldean, taldeak  Ekainberri bisitatuko dute eta, larunbatean, talde osoa Iparraldera mugituko da Isturitze eta Otsozelaiako haitzuloak miretsi ahal izateko. #IceAgeEuropeNow erakusketaren inaugurazioan ere parte hartuko dute. Erakusketa hori Trentotik (Italiatik) dator eta gero Donostiara eramango da.

 

#IceAgeEuropeNow erakusketa

Apirilaren 24tik ekainaren 10era Donostiako Zuloaga plazan izango da Ice Age Europe Sareak antolatzen duen #IceAgeEuropeNow erakusketa ibiltaria.

Mundu mailan oso ezaguna den Neanderthalen aztarnategian inauguratu zen, Neanderthal Museumen (Mettmann, Alemania). Handik aurrera bidaiatzen aritu da Kroazia, Italia, Frantzia, Espainia eta Gibraltarren zehar. Erakusketa gutxienez Europako 15 toki ezberdinetan ikusteko aukera izango da.

Erakusketan kalitate handiko eta formatu handiko argazkiak ikus ahal izango dira. Argazki horietan, aurkikuntza txundigarriak, aparteko objektuak eta iragana eta orainaren arteko lotura sinesgaitzak ikusiko dira. Erakusketaren bidez, gure Europako kultur ondare komuna zabaldu eta esperimentatu nahi dugu eta Izotz Aroko ondarea guretzat zein gertukoa den jakinarazi. Erakusketa European Year of Cultural Heritage 2018 "Sharing Heritage" / “Ondarea partekatzen” 2018ko Ondarearen Europar Urteari egiten zaion ekarpena da.

Balore hauek azpimarratu nahi izan dira: Izotz Aroan denok “europarrak” ginen, mugarik gabe.

Garai horretako emakume eta gizonen antza izugarria dugu. Denok gara emigranteak (Afrikatik etorri ginen eta Europan zehar mugitzen ibili ginen izotz aroetan), Neanderthalen zati bat guregan dago…

Donostiako Zuloaga plazan dagoen bitartean, astearte, larunbat eta igandetan, Ekainberriko langileek, San Telmoko Museoarekin elkarlanean, bisita gidatuak eta erakustaldi edo tailer desberdinak egingo dituzte; horiei esker, bisitariek aukera izango dute historiaurreko errealitatera eta inguruan UNESCOk gizadiaren ondare izendatutako Ekaingo margo zoragarriak utzi zizkiguten gizakiengana gerturatzeko.