Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Guztion ongizatea “elkarrekin eraikitzeko” deia zabaldu da Irungo Ongizatearen Plazan

Guztion ongizatea “elkarrekin eraikitzeko” deia zabaldu da Irungo Ongizatearen Plazan

Eider Mendozak eskerrak eman dizkie atzo eta gaur Zabaltza plazan kokatuta egon den “plaza ibiltarian” parte hartu duten herritarrei, non “ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoak partekatu ditugun denon artean”.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Atzo eta gaur, urriak 7 eta 8, Irungo Zabaltza plazan kokatuta egon da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen “plaza ibiltaria”, Ongizatearen Plaza ekimena, alegia. “Elkar entzun, hausnartu, iritziak partekatu eta gozatzeko” topagunea, Eider Mendoza, diputatu nagusiaren esanetan. “Guztion ongizatean eragina duten errealitate berri eta emergenteak plaza ekarri ditugu, elkarrekin hausnartu, elkar entzun, ikasi eta eraikitzeko aukera edukiz”, nabarmendu du, eta bi egunez, goiz eta arratsalde, bertaratu diren herritarrak eskertu nahi izan ditu; izan ere, “ezinbestekoa” da erronka hauei eta norberaren ongizateari, “modu kolektibo eta komunitarioan heltzea”.

 

“Modu batera edo bestera, denoi eragiten diguten gaiak dira”, horregatik, azpimarratu du Mendozak, Ongizatearen Plaza egitasmoak hamaikagarren geralekua egin duela egunotan Irunen: “Orain arteko esperientzia guztiek erakutsi digute gai hauek plazara ekarri behar ditugula, ikusgarri egin, elkarrekin hausnartu, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko”. Gaineratu du diputatu nagusiak, hitzaldi, solasaldi, tailer praktiko eta mahai inguruen bidez, “ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoetako batzuk” partekatu direla, jorratu diren gaiak izan direlarik ariketa fisikoa, nahi ez diren bakardadeak, gazteen ongizatea, elikadura osasuntsua, migrazioa eta harrera, edota heriotza eta dolu prozesuak.

 

Gaur goizean elikadura osasuntsua ardatz hartu duen gosari tailerra egin da, Elikaeneako Anne Otegiren eskutik, Mugarrieta Ganadutegiko Ion Areitioren laguntzarekin. Tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatu dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin batera. Ondoren, gazteen ongizatea hartu da mintzagai. Sare sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera eta suizidioaren hautua esaterako, hiperkonexioaren eraginak diren eztabaidatuz. Gazteak izan dira euren ongizatean eragiten duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatu dituztenak.

 

Irungo Ongizatearen Plazari amaiera emateko, arratsaldean, Cristina Lajas dietista-nutrizionistak perimenopausian eta menopausian elikadurak betetzen duen papera azaldu du. Aldaketa hormonalek gorputzean eta eguneroko bizitzan dituzten eraginak ulertzen lagunduz. Ondoren, migrazio-prozesua bizi izan duten pertsonek beren esperientzia partekatu dute, Irunera iristeko bidea, lehen urratsak, zailtasunak, sorpresak eta herri berrian beren lekua aurkitzeko prozesua nolakoa izan den. Bukatzeko, bi egunetan bizitako esperientziak partekatu eta komunitatea indartzeko amaiera irekia antolatu da, Txorimaloak Soinu Taldeak eta Elatzetako Kantu Lagunek girotu dutelarik plaza.

  

1869