Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hiru aldundiek 2026ko Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak aurkeztu dituzte; aurten inoiz baino plaza gehiago eskainiko dira

Hiru aldundiek 2026ko Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak aurkeztu dituzte; aurten inoiz baino plaza gehiago eskainiko dira

Gipuzkoak 1.461 plaza eskaintzen ditu guztira 7 eta 17 urte bitarteko adingabeentzat. Zozketa martxoaren 26an egingo da, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da, Aldundiaren Youtubeko kanalaren bidez (@gipuzkoa5839).

2026/03/02
Gazteria

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek elkarrekin antolatzen duten Udalekuak 2026 udako kanpainaren aurkezpena egin da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, EAEko hiru hiriburuen arteko urteko txanda sistemari jarraituz. Gipuzkoako Gazteriako zuzendari Isaac Palenciak Udalekuak 2026 eta Gazte Oporraldiak 2026 udako programetan parte hartzeko deialdiaren irekiera iragarri du.

Zehazki, Udalekuak programak inoiz baino plaza gehiago eskainiko ditu uda honetan: guztira 4.289 plaza, Euskadiko hiru lurraldeetan banatuta, 4.004 plaza euskaraz eta 285 plaza elebidun. Programa 7 eta 13 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta zazpi eguneko txandak egin ahal izango dituzte uztailaren 1etik 29ra bitartean, biak barne.

Adin tarteen arabera, 7-8 urtekoentzat 404 plaza eskainiko dira, guztiak euskaraz.  Kopururik handiena 9 eta 11 urte arteko adin tartean eskainiko da, 2.245 plaza (2.090 euskaraz eta 155 elebidun), eta, azkenik, 12-13 urte arteko adingabeek 1.640 plaza izango dituzte (1.510 euskaraz eta 130 elebidun).

Lurraldeka, plaza guztietatik 1.050 Gipuzkoan eskainiko dira; 1.695, Araban; eta 1.544, Bizkaian. Horrek esan nahi du iazko aldean %4,3ko igoera izan duela plaza kopuruak, eta Euskadi osoan 177 adingabe gehiago hartzeko aukera egongo dela, Gipuzkoan, 50;  Araban, 67, eta Bizkaian, 30.

Aurkezpenean, Palenciak nabarmendu duenez, “udalekuak ilusio handiko unea dira ehunka haur eta gazterentzat; egun ahaztezinak biziko dituzte, jardueraz, naturaz eta lagun berriez beteta.  Baina aisialdirako gunea izateaz gain, programa hauek funtsezko balioak sustatzen dituzte, hala nola autonomia, elkarbizitza, euskara, berdintasuna eta garapen pertsonal zein kolektiboa.  Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaigun ahal den neurrian plaza kopurua handitzeko ahalegina egitea, adingabe gehiagok izan dezaten aukera espazio seguru, dibertigarri eta hezitzaile hauez gozatzeko. 

Halaber, adierazi du Gipuzkoak beste 40 plaza gehiago izango dituela uda bakoitzean Hondarribiko aterpetxean egiten den Udaleku Teknologikoan. Gune hau 7 eta 13 urte bitarteko gipuzkoarrentzat soilik da.

15 instalazio hiru lurraldeetan

Udalekuak 2026 kanpaina hiru lurralde historikoetan banatutako 15 instalaziotan egingo da. Gipuzkoan, Orioko Txurruka aterpetxean, Zarautzen, Juan Sebastián Elkanon (Hondarribia), eta zehaztu gabe dauden beste bi kokaleku. Araban hiru tokitan:  Zuhatzan, Barrian (Barria-Narbaiza) eta Espejon. Eta Bizkaian, beste zazpitan: La Arboledan, Gorlizen, Lurraskan, Meakaurren, Legasan, eta oraindik zehaztu gabe dauden bi kakelu.

Berritasun gisa, hiru aldundiek aurten 146 euroko kuota orokor bakarra adostu dute, plaza bakoitzaren kostuaren zati bat bere gain hartuz Prezioaren barruan sartzen dira ostatua eta mantenu osoa, dinamizazio zerbitzua,  istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, bai eta Donostiatik, Bilbotik edo Gasteiztik instalazioetarainoko joan-etorriak ere. Gainera, lurralde bakoitzak hobariak ezartzen ditu familia ugarientzat eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzat.

Administrazioek plazen % 5 gordetzen dute premia bereziak dituzten adingabeentzat, elkarte espezializatuen laguntzarekin adingabe horiek behar bezala integratzen direla bermatzeko. Txanda bakoitzeko taldeak aisialdiko begirale tituludunek, zuzendariek eta jarduera espezifikoetan (bela, windsurfa, etab.) adituak diren langileek osatuko dituzte, baita desgaitasuna duten adingabeen arreta emateko gaitutako profesionalek ere.

Gazte Oporraldiak, nerabeentzako aukera

Bestalde, Gazte Oporraldiak programak 371 plaza eskaintzen ditu Gipuzkoako 14-17 urteko gazteentzat. Horiek 7, 10, eta 12 eguneko opor txandak hartu ahal izango dituzte uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean.

Guztira 15 jarduera eskaintzen dira: 10 euskaraz (269 plaza) eta 5 gaztelaniaz (102). Programa honekin egiten den bezala, trukea egiten da beste lurralde eta autonomia erkidego batzuekin: eskaintzen diren jardueretatik 12 (256 plaza) Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Madrilgo autonomia erkidegoekin koordinatuta egingo dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Aldundiarekin ere.

Jarduera eskaintza askotarikoa izango da: arroilen jaitsiera, raftinga eta via ferratak Baztanen (Nafarroa) edo Alquézarren (Aragoiko Pirinioak); abentura anitzeko eta naturako jarduerak Navarredondan (Gaztela eta Leon) edo Condemiosen (Gaztela-Mantxa); kostalde inguruko jarduerak Piles eta Benicassimen (Valentzia); eta uretako jarduerak Rascafrían (Madril) eta Zuhatzan (Araba) .  Halaber, nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeetako eskaintza: Zarauzko surf udalekuak eta Orioko aterpetxeko udalekua, piragua, urpekaritza eta Paddle surfa egiteko aukera emango duena.

Bestalde, beren sormena eta sen artistikoa landu nahi duten gazteek beste erkidego batzuetako gazteekin batera (Araba, Madril, Gaztela-Mantxa eta Galizia) Gasteizen egingo den "Gazte Rock" musikaren inguruko udalekuan parte hartu ahal izango dute.  Era berean, Hondarribian egingo diren arte eszenikoen udalekuez ere gozatu ahal izango dute.

Izen-ematea eta zozketa

2026ko Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programetako zozketan parte hartzeko izen-emateak martxoaren 6tik 20ra egingo dira Gipuzkoan; martxoaren 18tik 27ra Araban; eta martxoaren 9tik 18ra Bizkaian.  Eskaerak gehienez hiru parte-hartzaileko taldeetan aurkeztu ahal izango dira.

Zozketa publikoak honako egun hauetan egingo dira:  Gipuzkoan, martxoaren 26an; Araban, apirilaren 16an; eta Bizkaian, apirilaren 20an.  Udalekuei buruzko informazio guztia eta haien eguneroko jarra

  

4106