Iñurritzako Eguneko Zentro berria Zarauzko zainketa sarea indartzera dator
Iñurritzako Eguneko Zentro berria Zarauzko zainketa sarea indartzera dator
544.500 euroko inbertsioa egingo da, sei hilabeteko epean egingo dira lanak, eta, amaitzean, 19 pertsonentzako tokia izango du. Maite Peña: "Zarautzen eguneko zentro berri hau abian jartzea beste aurrerapauso bat da hurbileko zerbitzuen sarea indartzeko eta pertsonen ongizatea politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoan". Gaur egun, 250 pertsona inguruk jasotzen dute arreta eta laguntza, gizarte erakundeekin eta eragileekin lankidetzan Zarautzen bultzatutako baliabide eta zainketa sarearen bidez

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak eman dituzte abiatutzat Iñurritzako Eguneko Zentro berria -herriko adinekoentzako arreta eta zainketa indartzera xedatutako baliabidea- egokitzeko lanak. Jarduketak 544.500 euroko inbertsioa eta sei hilabeteko exekuzio epea du, eta, amaitzean, 19 lagun hartuko ditu.
Zentro berria 205 metro koadroko lokal batean kokatuko da, Iñurritza errekaren ondoan. Ekipamendu berriari esker, udalerriko adinekoen arreta indartu ahal izango da, eta Zarautzen gaur egun dauden beharrei erantzun ahal izango zaie, hiri- eta komunitate-ingurunean txertatutako hurbileko baliabide baten bidez.
Aurrerapena zainketa ereduan
Iñurritzako eguneko zentro berria aurrerapen garrantzitsua da Zarauzko adinekoei zuzendutako arreta eta zainketa ereduan. Kokapen berriak -herrigunetik gertuago, irisgarriago eta hiri-ingurunean integratuago-, udalerriko bizitza komunitarioarekin eta sozialarekin lotura handiagoa izatea ahalbidetuko du, eta, autonomia pertsonala, parte-hartze aktiboa eta erabiltzaileen ongizate integrala sustatuko du.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, jarduketa hori Gipuzkoako Foru Aldundia lurralde osoan bultzatzen ari den estrategiaren barruan kokatzen da, zainketa eredu pertsonalizatuago, hurbilago eta pertsonen beharretara egokituago batean aurrera egiteko. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza instituzionala nabarmendu nahi izan du, horri esker bultzatu ahal izan baita udalerriarentzat baliabide berri hori. "Zarautzen eguneko zentro berri hau abian jartzea beste aurrerapauso bat da hurbileko zerbitzuen sarea indartzeko eta pertsonen ongizatea politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoan", adierazi du.
Horrez gain, Peñak azpimarratu duenez, Aldundiak lanean jarraitzen du baliabideak garatzen, adinekoek aukera izan dezaten beren bizi proiektuari beren ohiko ingurunean eusteko eta beren gizarte eta komunitate loturak izaten jarraitzeko. "Aurrera jarraitzen dugu
zainketak herritarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzeko funtsezko elementutzat hartzen dituen Gipuzkoa eraikitzeko prozesuan”, erantsi du.
Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman dizkio Aldundiari Zarautzen ekosistema soziala hobetzeko lanean jarraitzeagatik: “gure aldetik, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko elkarlanean estu jarraitzen dugu, gure herriko zaintza sarea indartzen baitute”.
Zarauzko arreta eta zainketa sarea
Gipuzkoako Foru Aldundiak arretarako eta zainketarako baliabide sare zabala du Zarautzen, adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendua, Zarauzko Udalarekin eta lurraldeko hirugarren sektore sozialeko entitateekin lankidetzan garatua.
Adinekoei zuzendutako zerbitzuei dagokienez, Zarautzen Santa Ana eta Santa Ana UPSI egoitzak daude, gaur egun 87 pertsonari arreta ematen dietenak, bai eta Maria Etxetxiki eguneko zentroa ere, 49 erabiltzaile dituena. Sei hilabete barru, sare horri Iñurritzako eguneko zentro berria gehituko zaio, eta 19 plaza izango ditu.
Desgaitasunaren eremuan, bi egoitza baliabide daude: Atzegi-Aldapeta eta Maria Etxetxiki, 11 plaza guztira, bai eta Goyeneche Aldapeta eguneko zentroa ere, 24 pertsona artatzen dituena. Era berean, Gureak elkartearekin batera, lantegi okupazionalak daude non 48 pertsonak lan egiten duten.
Gizarteratze sarea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak elkarrekin sustatutako zenbait baliabiderekin osatzen da, Zarautz Oinarrian programaren esparruan, Emaús eta Zabalduz gizarte entitateekin lankidetzan. Horien artean daude gizarteratze zentroak, 9 erabiltzaileri arreta ematen dietenak, eta gizarte inklusioko eguneko zentro bat, gaur egun 5 erabiltzaile dituena.
Gainera, Zarautzen bi egoitza baliabide daude osasun mentalaren arlokoak, gaur egun 9 erabiltzaile dituztenak.
Oro har, 250 pertsona inguruk jasotzen dute arreta eta laguntza Zarautzen baliabide sare horren bidez. Sare hori erakundeek, hirugarren sektore sozialeko entitateek, eragileek eta komunitateak beren gain hartutako konpromiso partekatuaren emaitza da, zainketa eredu pertsonalizatuagoa, ingurunean integratuagoa eta pertsonen autonomia, inklusioa eta ongizatea sustatzera bideratua indartzen jarraitzeko.
701