Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ikerketa aitzindari batek, lehenengoz neurtu du gizarte zerbitzuek nola hobetzen duten adineko mendekoen bizitza Gipuzkoan

Ikerketa aitzindari batek, lehenengoz neurtu du gizarte zerbitzuek nola hobetzen duten adineko mendekoen bizitza Gipuzkoan

Pertsona ardatz duen arreta, laguntzen jarraitutasuna eta parte-hartze komunitarioa dira egoitzetan eta beren etxeetan artatzen diren pertsonen bizi-kalitatean eragin handiena duten faktoreetako batzuk. Azterlanean parte hartu duten eta mendekotasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako 3.025 pertsonen artean, % 57,4k dio bizi-kalitate ona duela etxean, eta ehuneko hori % 74,5era igotzen da egoitza-zentroetan bizi diren pertsonen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak ASCOT (Adult Social Care Outcomes Toolkit) azterlanaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur. Ikerketa aitzindaria da, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatua, eta, ebidentzia zientifikoarekin, ahalbidetzen du jakitea zainketek nola eragiten duten egoitzetan eta beren etxeetan artatzen diren eta mendetasun-egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatean.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak baieztatu duenez, azterlanak jasotzen duen ondorio nagusia da bizi-kalitate hobea "ez dagoela soilik" baliabide eta zerbitzuen eskaintza handiagoaren mende, baizik eta emaitzak hobeak direla zaintzak "pertsonalizatuak eta jarraituak badira eta adinekoen lehentasunak errespetatzen badituzte, eta lotura komunitarioak bultzatzen badituzte". Eta, ildo horretan, azpimarratu du ondorio hori guztiz bat datorrela Gipuzkoan egiten ari diren ahaleginarekin: "Trantsizio irmoa egiten ari gara zaintza-eredu pertsonalizatuagoa, komunitateari estu lotutakoa eta berritzailea izateko".

Gainera, azpimarratu du gizarte-zerbitzuek eta -baliabideek artatutako pertsonen bizi-kalitatea ebaluatzea eta neurtzea garrantzitsuak direla sistemaren beraren hobekuntzan "jauzi erabakigarria" emateko. Horretarako, azpimarratu du "ezinbestekoa eta oso garrantzitsua" dela Agentzia sortzea, Gipuzkoako Gizarte Politiken Kalitaterako eta Ebaluaziorako Agentzia "independentea".

Bizi-kalitatearen lehen argazki bat

Azterlan horri esker, aukera izango dugu lehen aldiz lortzeko mendekotasun egoeran dauden eta Gipuzkoako gizarte-zerbitzuek artatzen dituzten adinekoen zaintzarekin lotutako bizi-kalitateari buruzko adierazle objektibo bat.

Emaitzen arabera, etxean artatutako pertsonen % 57,4k bizi-kalitate ona du, eta ehuneko hori % 74,5era igotzen da egoitza-zentroetan bizi diren pertsonen artean. Hala ere, azterlanak berak adierazten du bi emaitzak ezin direla zuzenean alderatu, informazioa biltzeko metodologia desberdina izan baita arreta-eremu bakoitzean. Balio nagusia da, hain zuzen ere, identifikatzea zer faktorek azaltzen duten bizi-kalitate hobea eremu bakoitzean, eta ebidentzia horrek nola bideratu dezakeen politika publikoen hobekuntza.

Egoitza-eremuan, azterlanak identifikatzen du pertsona ardatz duen arreta dela bizi-kalitatean eragin handiena duen faktoreetako bat. Beren nahiak eta lehentasunak oso kontuan hartzen direla hautematen duten pertsonek 0,17 puntuko hobekuntza lortu dute ASCOT indizean; alde hori estatistikoki esanguratsua da, eta arreta pertsonalizatzeak haien ongizatean zuzenean eragiten duela berresten du.

Era berean, parte-hartze komunitario handiagoa duten zentroek emaitza hobeak lortzen dituzte bizi-kalitateari dagokionez: adierazle hori igotzen den bakoitzean ia puntu bateko (0,96) hobekuntza lortzen da ASCOT indizean. Ikerketak ondorioztatzen du, gainera, zentrotik irteteko, komunitatearekin harremana izateko eta bizi-proiektua norberaren lehentasunen arabera garatzeko aukerak izateak eragin nabarmena duela egoiliarren bizi-kalitatean. Aldiz, zentroaren tamaina, kudeaketa-eredua edo kokapena bezalako aldagaiek ez dute lotura esanguratsurik erakusten emaitzekin.

Etxeko arretan, azterlanak agerian uzten du bizi-kalitatea hobetu egiten dela pertsonek laguntza-sare jarraitua, koordinatua eta beren beharretara egokitua dutenean. Arreta-maiztasun handiagoak –laguntza formaletatik, informaletatik edo bien konbinaziotik datorrena– emaitza hobeak ematen ditu, bereziki mendetasun-maila handienak dituzten pertsonen artean. Ildo horretan, ikerketak agerian uzten du Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) edo eguneko zentroetarako laguntza bezalako baliabideek zainketen jarraitutasun hori errazten dutela, eta, horri esker, pertsonak autonomia, ongizate eta segurtasun maila handiagoekin egoten direla etxean.

Oro har, azterlanaren emaitzek ondorio bera adierazten dute: bizi-kalitatea hobetzea ez dago soilik baliabideen eskaintza handitzearen mende, zainketa pertsonalizatuak, jarraituak, pertsona bakoitzaren lehentasunak errespetatzen dituztenak eta familia-, gizarte- eta komunitate-loturei eusteko gai direnak bermatzearen mende baizik.

Zainketen benetako eragina neurtzeko metodologia aitzindaria

Azterketa premisa argi batetik abiatzen da: zaintza-sistema baten kalitatea ez da soilik neurtu behar eskaintzen duen plaza edo prestazio kopuruaren arabera, pertsonen bizitza hobetzeko duen gaitasunaren arabera baizik.

Helburu horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak iraupen luzeko zainketen arloan orain arte egindako ebaluazio-prozesu handienetako bat bultzatu du, ASCOT (Adult Social Care Outcomes Toolkit) nazioarteko metodologia lehen aldiz eskala handian aplikatuz Euskadin eta Estatu osoan. Lehen aldiz erabili da gaztelaniaz eta euskarazko bertsioa baliozkotu da.

Tresna horrek aukera ematen du zainketek bizi-kalitatean duten benetako eragina neurtzeko, autonomia, segurtasuna, ongizate emozionala, norberaren bizitzaren gaineko kontrola, harreman pertsonalak, komunitateko parte-hartzea eta duintasuna bezalako alderdiak ebaluatuta. Azterlanean, mendekotasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako 3.025 pertsonak hartu dute parte —1.983 pertsona artatu dira etxean eta 1.042 pertsona egoitza-zentroetan—, udalekin, egoitza-zentroekin eta gizarte-zerbitzuetako profesionalekin lankidetzan, erabiltzaileen balorazioak administrazio-datuekin konbinatuta, ebidentzian oinarritutako ebaluazio zorrotza lortzeko.

Mendekotasuna duten adinekoak Gipuzkoan nola bizi diren azaltzen duen erradiografia

Azterlanak, lehen aldiz, mendekotasun-egoeran dauden eta Gipuzkoako gizarte-zerbitzuek artatzen dituzten adinekoen errealitatearen ikuspegi zehatza eskaintzen du. Prestazio edo zerbitzu bat jasotzen duten 34.070 pertsonetatik 3.025i egin zaie inkesta, eta ikerketan parte hartu dute. Horien batez besteko adina 82,6 urtekoa da —81,9 urte beren etxeetan bizi direnen artean, eta 83,9 urte egoitza-zentroetan bizi direnen artean—, eta mendekotasun-maila handia dute eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako. Aldi berean, emaitzek agerian uzten dute familia- eta gizarte-laguntzen sarea oso garrantzitsua dela, haien ongizaterako funtsezko elementua baita.

Ikerketak erakusten du muga funtzionalak pertsona horietako askoren eguneroko errealitatearen parte direla. % 20,8k ezin du modu autonomoan ibili, % 24,8k ezin du bere garbiketa pertsonala egin, % 37,1ek ezin du laguntzarik gabe jantzi eta % 27,3k ezin du telefonoa erabili. Gainera, % 70 inguruk zailtasunak ditu elikagaiak prestatzeko edo etxeko lanak egiteko, eta horrek agerian uzten du bizitza duina eta autonomoa bermatzeko etengabeko laguntza behar dutela.

Azterlanak osasun-egoeran eta ongizate emozionalean ere jartzen du arreta. Galdetu zaien pertsonen % 43,5ek uste du bere osasun-egoera erdipurdikoa dela. Etxean bizi direnen kasuan, % 39,9k adierazten du pixka bat edo nahiko estu edo deprimituta sentitzen dela, eta % 7,5ek antsietate- edo depresio-maila oso edo ikaragarri handiak ditu. Egoitzetan, ehuneko horiek apalagoak dira, % 34,1 eta % 4,1, hurrenez hurren, eta agerian uzten dute laguntza emozionala zainketen parte gisa indartzearen garrantzia.

Datuek erakusten dute, halaber, familia-inguruneak oraindik ere pisua duela zaintza-sisteman. Etxean artatutako pertsonen erdiak baino gehiagok (% 51,1) senide bizikide baten laguntza jasotzen du; % 30ek bizikide ez diren senideen laguntza du, eta % 13,5ek barneko zaintzaile baten laguntza. Gainera, % 42,3k laguntza-iturri desberdinak konbinatzen ditu, eta hamar pertsonatik seik (% 60,8) laguntza jarraitua jasotzen dute egun osoan edo ia osoan.

Egoitzei dagokienez, azterlanak parte-hartzearekin eta ingurunearekiko loturarekin lotutako hobekuntza-aukerak ere nabarmentzen ditu. Hamar pertsonatik ia seik uste dute beren Arreta Plan Indibidualizatuan (API) jasotzen direla beren bizitzarako garrantzitsutzat jotzen dituzten gai gehienak edo batzuk, eta % 59,9k uste du profesionalek oso kontuan hartzen dituztela beren nahiak eta lehentasunak jasotzen duten arretan.

Agentzia: urrats erabakigarria gizarte-politiken ebaluazioan

ASCOT azterlanaren emaitzek indartu egiten dute Gipuzkoa azken urteotan bultzatzen ari den zaintza-ereduaren eraldaketa-prozesua, eta pertsonen bizi-kalitatea hartzen dute politika publikoen eragina ebaluatzeko adierazle nagusi gisa. Lortutako ebidentziak aukera emango du gero eta pertsonalizatuagoa, komunitarioagoa eta pertsonengan zentratuagoa den eredu batean aurrera egiten jarraitzeko, erabakiak hartuta ezagutzatik eta etengabeko hobekuntzatik abiatuta.

Lan hori kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte-politikak ebaluatzeko kultura sendotzen jarraituko du, Agentzia, Gipuzkoako Gizarte Politiken Kalitaterako eta Ebaluaziorako Agentzia abian jarrita. Agentzia hori irailaren 2an aurkeztuko da Tabakaleran. Erakunde berriak jarraipena emango dio zainketek pertsonen bizi-kalitatean duten benetako eragina neurtzeko eta ebidentzia hori baliatuta lurraldeko gizarte-zerbitzuen sistema indartzen jarraitzeko apustuari.

  

1096