Ikuskapen-sistemak detektatutako esku-hartze prebentiboak egingo dira Isuskitzako tunelean (AP-1) eta Lasarte-Oriako biaduktuan (AP-8/N-I)
Ikuskapen-sistemak detektatutako esku-hartze prebentiboak egingo dira Isuskitzako tunelean (AP-1) eta Lasarte-Oriako biaduktuan (AP-8/N-I)
Ikuskapen-sistemak detektatutako esku-hartze prebentiboak egingo dira Isuskitzako tunelean (AP-1) eta Lasarte-Oriako biaduktuan (AP-8/N-I)
Lanak udazken honetan egingo dira, eta bide sarearen segurtasuna eta iraunkortasuna hobetzea ahalbidetuko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak konponketa- eta birgaitze-lan berriak jarri ditu abian Isuskitzako tunelean eta N-I eta AP-8 lotzen dituen bidezubian, Lasarte-Orian. Hobekuntza lan horiek udazken honetan burutzea aurreikusten da. Bidegik azpiegituren egoera ona bermatzeko egiten dituen aldizkako ikuskapenetan dute jatorria lanek eta, horrela, Isuskitzako tunelean (AP-1, Leintz Gatzaga) ebakuazio galeriak birgaituko dira tunelaren segurtasun baldintzak indartzeko; Lasarte-Orian, berriz, bidezubiaren bao baten gainean jardungo da, haren egonkortasuna bermatzeko eta haren bizitza baliagarria luzatzeko.
Ildo horretan, foru erakundeak azpimarratu du lan horiek bide azpiegituren etengabeko jarraipen, berrikuspen eta hobekuntza dinamikaren parte direla, eta horrek aukera ematen duela behar diren esku-hartzeak planifikatzeko, arriskuak minimizatuz eta etorkizunean afekzio handiagoak saihestuz. Iraupen nabarmeneko obrak badira ere, bereziki Lasarte-Oriaren kasuan, sarearen segurtasunarekin eta prebentziozko mantentze-lanekin hartutako konpromisoari erantzuten dio, hain zuzen ere.
Isuskitzako tunelaren eraberritzea
Alde batetik, Bidegik Isuskitzako tuneleko (AP-1) ebakuazio galeriak birgaitzeko lanen lizitazioa hasi du, 1,8 milioi euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta bederatzi hilabeteko egikaritze-epearekin.
Hain zuzen, ikuskapenei esker tuneleko bi hodiak komunikatzen dituzten eta haien segurtasun sistemaren funtsezko parte diren ebakuazio galerietan gorabeherak detektatu ahal izan ziren. Ondorioz, euskarria indartuko da, eta auskultazio sistema bat instalatuko da, azpiegitura monitorizatzeko eta haren segurtasuna bermatzeko.
Obrak bi hodietan zirkulazioa mantenduz egingo dira, baina afekzio puntualak egongo dira, batez ere Gasteizko norabideko galtzadan.
Lasarte-Oriako bidezubiaren konponketa
Bestalde, foru sozietatearen Administrazio Kontseiluak Lasarte-Orian N-I eta AP-8 errepideak lotzen dituen bidezubia konpontzeko proiektua onartu du, Behobiarako noranzkoan, eta lizitazioari ekin dio.
Jarduerak 634.661 euroko aurrekontua du eta 24 asteko exekuzio epea. Helburua da zubibidearen baoetako bat egitura aldetik indartzea, haren bizitza baliagarria luzatzeko eta funtzionamendu egokia bermatzeko. Konpontzeko, galtzadaren erdialdean jardun beharko da, eta, ondorioz, lotura erabat itxi beharko da obrak egiten diren bitartean. Horretarako, behar bezala seinaleztatutako desbideratze alternatiboak prestatu beharko dira, eta aldez aurretik iragarriko dira trafikoa bideratzeko.
Bidegik azpiegituretan egiten dituen aldizkako ikuskapen sistemei esker, azken urteetan hainbat konponketa egin ahal izan dira errepide sareko hainbat puntutan. Hala, azken hilabeteetan, besteak beste, Larretxipiko bidezubia konpondu da, Errenterian, AP-8a eta GI-20a lotzen dituena, eta gaur egun beste obra batzuk martxan daude, hala nola Arbizelaiko bidezubian, AP-1ean, Aretxabaletan, edo AP-1a eta AP-8a lotzen dituen Maltzagako bidezubian, Behobiarako norabidean.
614