Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Indarkeria matxista digitalen aurrean “berdintasunaren alde aurpegia emateko” deia egin du Gipuzkoak

Indarkeria matxista digitalen aurrean “berdintasunaren alde aurpegia emateko” deia egin du Gipuzkoak

‘Nik [Names]' kanpainaren helburua da ingurune digitaleko indarkeria horiek ikusaraztea eta horiei buruz kontzientziatzea, emakumeen % 60k aitortu baitu ziber-indarkeria egoeraren bat bizi izan duela, Berdintasunerako Foru Organoaren ikerketaren arabera

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzientziazio kanpaina berria aurkeztu du, Berdintasunerako Organoak bultzatua, arreta indarkeria matxista digitaletan jartzen duena, igandean, maiatzak 17, egingo den Interneten Egunaren testuinguruan. Prentsaurrekoan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Nerea Isasi Berdintasunerako Organoaren zuzendaria eta Norma Vazquez psikologo feminista eta indarkeria matxistan espezialista. Ekimenaren helburua da gero eta hedatuagoa dagoen errealitatea ikusaraztea eta errespetuan, berdintasunean eta elkar-zaintzan oinarritutako ingurune digitala sustatzea. Ildo horretan, Eider Mendoza diputatu nagusiak kanpainaren aurkezpenean azpimarratu duenez, “Internet aurrerapen eztabaidaezina izan da gure gizartearentzat, baina ezin dugu alde batera utzi indarkeria matxistak ugaltzeko eta zabaltzeko espazioa ere bihurtu dela. Benetan berdintasunezkoa den gizarte bat nahi badugu, eremu digitalean ere hala izatea behar dugu, emakume guztientzako gune segurua dela bermatuz ”, adierazi du.

‘Nik [Names]' kanpainak indarkeria matxista digitalen ezaugarri espezifiko batean jartzen du arreta. Izan ere, Interneteko erasotzaileek sarri anonimotasunak estalita jokatzen dute. Testuinguru horrek “machosfera” delakoari lotutako espazioetatik gorroto-diskurtsoak eta sexu-mehatxuak zabaltzea sustatzen du. Izan ere, nickname-tan (izenordeak) edo nortasun erreala ez duten profiletan gizon eta mutil horiek emakumeei eta kanon tradizionaletan sartzen ez direnei inpunitatez erasotzeko tresna bat aurkitzen dute.

Ekimena Berdintasunerako Organoa azken urteotan emakumeen eta gizonen desberdintasunaren agertoki berriei heltzeko eta erakundeek sexismo-mota guztien aurrean duten konpromisoa indartzeko egiten ari den lanaren barruan kokatzen da. Mendozak adierazi duen bezala, “indarkeria matxista ingurune birtualean ere gauzatzen da, eta hainbat modutan egiten du”. “Online gertatzeak ez du birtual egiten: ondorioak egunerokoak eta errealak dira, eta emakume askok jasaten dituzte, batez ere gazteenek. Horregatik, ezinbestekoa da errealitate hori ikusaraztea eta tresnak ematea, eremu digitalean ere harreman berdinzaleagoak eta osasungarriagoak lortzeko. Aktibatzen ari garen ekimenekin, kontzientziak piztu nahi ditugu, eta gazteak, batez ere, berdintasunaren alde aurpegia ematera animatu, baita sare sozialetan ere ”, azaldu du.

Norma Vazquezek, Sortzen aholkularitzako adituak, Aldundiak egindako ikerketaren emaitza batzuk nabarmendu ditu: inkestan parte hartu duten Gipuzkoako 10 emakumetik 2k indarkeria matxista digitalaren biktimatzat hartzen dute beren burua; alabaina, berariaz bizipen zehatzei buruz galde egindakoan, 10etik 6k aitortzen halako egoera bat bizi izana. Hauek dira modurik ohikoenak: baimenik gabeko eduki sexuala bidaltzea (% 14), zitak behin eta berriz eskatzea (% 10), irain matxistak (% 8) eta mehatxu-mezuak edo iruzkin sexualizatuak (% 7). Horrek agerian uzten du jokabide horietako asko normalizatuta daudela sareen eguneroko erabileran. Gainera, kasuen % 30ean erasotzailea anonimoa da, eta % 20an biktimaren inguruko pertsona ezagunak dira.

Egoera horri indarkeria horiek identifikatzeko eta horiei erantzuteko zailtasuna gehitu behar zaio: galdetutako emakumeen % 56k aitortu dute ez luketela jakingo nola jokatu ziber-indarkeria kasu baten aurrean. Diputatu nagusiaren hitzetan, “jokabide horiek antzematen ikastea eta ez normalizatzea da gakoetako bat. Kontzientzia sozial handiagoa behar dugu, baina baita jarduteko, laguntzeko eta zaintzeko tresnak ere. Horrela bakarrik lortuko ditugu ingurune digital seguru eta indarkeriarik gabekoak”.

Nazioarteko datuek kezka hori indartzen dute. Nazio Batuen arabera, nesken eta gazteen % 60 inguruk ziber-jazarpenen bat jasan dute 18 urte bete baino lehen, eta irudiak baimenik gabe zabaltzen dituzten biktimen % 90 emakumeak dira. Estatuan, emakumeen % 80k ziber-jazarpena jasan du sare sozialetan, baina % 5ek soilik salatzen du, kasu askotan ezjakintasunagatik edo errudun bilakatzeko beldurragatik.

Nik [Names] indarkeria digitalen aurka

Errealitate horren aurrean, Aldundiak ekintza plan bat diseinatu du, sentsibilizaziotik harago doana eta gizarteari tresnak eskaini nahi dizkiona indarkeria horiek prebenitzeko, horiei aurre egiteko eta biktimei laguntzeko. Nerea Isasi, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak azaldu duenez, kanpaina urte osoan zehar egingo da, publiko, ekintza eta mugarri bereziekin. Interneten Eguna dela-eta kontzientziazio kanpaina abian jartzearekin batera, lurraldeko profesionalekin eta elkarte feministekin lan egiten ari da foru organoa, prestakuntza eta hausnarketa saioekin. Ildo horretan, lehen prestakuntza espezifikoa antolatu da GUNEA espazioan, eta Hausnarbide foroaren jardunaldi bat eskainiko da. Ekainean izango da, eta Interneten jazarpen kanpainak jasan dituzten hiru ekintzailek parte hartuko dute: Cristina Fallarás, Pamela Palenciano eta Irantzu Varela. Hirurek gai horri buruzko podcast batean parte hartuko dute, herritarrei zuzendutakoa, eta egun berean kaleratuko da. Ikasturtea hastearekin batera, gazteei zuzendutako ekintzak indartuko dira, eta gizarte osoari zuzendutako hirugarren kanpaina bat aurreikusi da, azaroaren 25aren inguruan, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean.

Isasik nabarmendu duenez, “ez gaude arazo indibidual baten aurrean bakarrik, erantzun kolektiboa behar duen gai sozial baten aurrean baizik. Kanpaina hau programa zabalago baten parte da, eta horren bidez gizarte osoa inplikatu nahi dugu, erakundeetatik hasi eta elkarteetara eta herritarrengana iritsi arte, indarkeria horiek prebenitzeko, horiei aurre egiteko eta erreparazioan aurrera egiteko ”.

Diputatu nagusiak ondorioztatu duenez, “kanpaina honekin bereziki arreta eman nahi diegu jokabide horiei, eta dei argia egin: berdintasunaren alde aurpegia emateko unea da, beste aldera ez begiratzekoa eta indarkeriarik gabeko espazio digitalen eraikuntzan aktiboki inplikatzekoa”.

  

850