Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jaime Rodríguez Salís bekak Oiassoren kultura ondarearen ikerketa eta zabalkundea sustatuko ditu

Jaime Rodríguez Salís bekak Oiassoren kultura ondarearen ikerketa eta zabalkundea sustatuko ditu

Arkeolan Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin antolatu duen deialdiak 12.000 euroko zuzkidura izango du.

2026/07/08
Beca Rodríguez Salís

Irungo Oiasso Museoak Jaime Rodríguez Salís kultura ondarea ikertzeko beka berria aurkeztu du gaur goizean. Ekimena Arkeolan Fundazioak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin.

Aurkezpenean izan dira Goizane Álvarez Kultura diputatua, Cristina Laborda Irungo alkatea, Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendaria eta Diego Rodriguez, Jaime Rodriguez Salísen semea.

Beka Jaime Rodríguez Salísen ibilbidea eta ekarpenak aitortzeko sortu da, hark aurkitu baitzituen Oiasso erromatarren garaiko antzinako hiriaren lehen aztarnak, 1969an. Haren ikerketak funtsezkoak izan ziren erromatarrek utzitako ondarea ezagutzeko eta Iruni eta Bidasoa eskualdeari buruzko kontakizun historiko berri bat eraikitzeko.

Jaime Rodríguez Salís bekaren deialdia urtero egingo da, eta ondare historiko, arkeologiko, artistiko, etnografiko, antropologiko eta bibliografikoarekin eta Oiassorekin lotutako artxibo eta museoekin zerikusia duten gaiak ikertzera eta zabaltzera bideratuta egongo da.

Deialdiari esker, Bidasoako eskualdearekin lotura zuzena duten ikerketak egin ahal izango dira, baina baita Estatuko eta nazioarteko beste eremu batzuetakoak  ere, baldin eta haien emaitzak inguru honetako ondarearen ezagutzari, kontserbazioari edo balioa nabarmentzeari aplika badaitezke.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak azpimarratu duenez, beka hau aukera bikaina da "Jaime Rodríguez Salísek utzitako ondare ikaragarriari merezi duen aitorpena egiteko eta, aldi berean, etorkizunera eramateko, ikertzaileen belaunaldi berriei lagunduz".

Álvarezen iritziz, “kultura ondarea guztion ondasuna da, eta babestu, ikertu eta herritar guztien eskura jarri behar dugu. Gure historia ezagutzeak nor garen ulertzen laguntzen digu, baina baita kontzientzia kritiko handiagoa, demokratikoagoa eta memoria kolektiboaren kontserbazioarekin konprometituagoa duen gizarte bat eraikitzen ere".

Diputatuak gaineratu duenez, erakundeen eta eragile espezializatuen arteko lankidetza "ezinbestekoa da ikerketa eremu akademikoetara mugatu ez dadin, eta hortik ateratzen den ezagutza plazaratu eta zabaldu, eta lurraldeari kultura- eta gizarte-aukera berriak ekar diezazkion".

Cristina Laborda Irungo alkateak, berriz, honako hau azaldu du: "Jaime Rodriguez Salisi egin diezaiokegun omenaldirik onena gure ondarea ikertzen eta zabaltzen jarraitzea da. Beka hau erakundeok partekatzen dugun konpromiso horren adierazgarri da: Irunen horrenbeste egin zuena aitortzea eta, aldi berean, aukera berriak ematea ikerketako profesionalek Oiassori buruzko ezagutza zabaltzen jarrai dezaten. Beka honekin, bere memoria zaintzeaz gain, bere ondareari jarraipena ematen diogu, ikerketa berriak bultzatuz".

Azkenik, Diego Rodriguezek, Jaime Rodriguez Salisen semeak, eskerrak eman nahi izan dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuari eta Arkeolan Fundazioari, aitaren izena daraman beka sortzeagatik. Adierazi duenez, familiarentzat “harrotasuna eta emozioa” da legatuak bizirik jarraitzea, ikerketa berriak bultzatzeko eta herritarrei Oiasso eta Bidasoaren aberastasun historikoa hurbiltzeko ekimen baten bidez.

Oiassoren ondareari buruzko ikerketa berriak

Bekak ikerketa ildo berriak bultzatu nahi ditu, gaur egun dugun ezagutza zabaldu eta berritzeko, aurkikuntza berriak ahalbidetzeko eta Oiassoren iraganari buruzko galdera nagusiei ikuspegi desberdinetatik heltzeko.

Ekimenak eskualdeko lekukotza historiko eta arkeologikoen potentziala garatzeko gai diren ikertzaileak erakarri nahi ditu, eta lan berritzaileak sustatu, Oiassoren historia Europako testuinguruan kokatzen laguntzeko. 

Ondare materialaren azterketan sakontzeaz gain, ondare immaterialarekin eta lurraldeari lotutako kultura-identitate eta -adierazpenekin lotutako ikerketak ere sartuko dira deialdian.

Arkeolan Fundazioa izango da ekimenaren eragile, eta Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du. Beka 12.000 eurokoa izango da.

  

348