Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasun Departamentuak amaitu du Legorretan bi hiri-sarbide degradatu ingurumenaren aldetik berreskuratzeko prozesua

Jasangarritasun Departamentuak amaitu du Legorretan bi hiri-sarbide degradatu ingurumenaren aldetik berreskuratzeko prozesua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Depatamentuak 41.500 euroko inbertsio globala egin du, eta, horri esker, Santa Marina bidearen ingurunea leheneratu ahal izan da, bai eta Esnaola auzorako sarbidea ere, azpiegitura berdearen eta birnaturalizazioaren irizpideen bidez.

2026/01/14
Legorretako azpiegitura berdea

José Ignacio Asensio: “Jarduketa honek erakusten dute azpiegitura berdea funtsezko tresna dela espazio degradatuak berreskuratzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure udalerrien ingurumen-erresilientzia indartzeko. Proiektu honek klima-ekintza, biodibertsitatea eta gizarte-ongizatea uztartzen ditu”.

Jasangarritasun Departamentulak gaur goizean aurkeztu ditu Legorretako udalerriko bi eremu degradatuetan (Santa Marinako bidea eta Esnaola auzorako bidea) ingurumena eta paisaia lehengoratzeko egindako obrak. José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Iñaki Agirre Legorretako alkateak parte hartu dute aurkezpen-bisitan.

Proiektua Next Generation funts europarrekin finantzatutako jarduketen barruan dago, eta helburu nagusia izan du espazio oso degradatuak lehengoratzea, haien segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzea eta berriro herritarren zerbitzura jartzea, naturan eta biodibertsitatearen berreskurapenean oinarritutako konponbideen alde eginez.

Obrek 34.765,80 euroko aurrekontua izan dute (BEZik gabe) K1 Ekopaisaia (Kimubat Taldea) enpresaren kontura, eta 6.740 eurokoa (BEZik gabe) Asmatu SLk egindako obra-zuzendaritzarako. Obrak egiteko epea sei astekoa izan da, eta lanak abenduaren hasieran amaitu dira.

Bisitan, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu duenez, “jarduketa horiek erakusten dute azpiegitura berdea funtsezko tresna dela espazio degradatuak berreskuratzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure udalerrien ingurumen-erresilientzia indartzeko”. Era berean, foru-arduradunak azpimarratu duenez, “proiektu horiek klima-ekintza, biodibertsitatea eta gizarte-ongizatea uztartzen dituzte”.

Bestalde, Legorretako alkate Iñaki Agirrek “oso positibotzat jotzen ditu 2 eremu hauetan burutu diren lanak. Batetik, herrigunean dagoen iturri-haundi izenez ezagutzen den gunea berreskuratzeak, herritarrei aisialdirako gune lasai batez gozatzeko aukera emango die. Bestetik, meategi inguruko bidea oso egoera txarrean zegoen eremu bat zen, hondakinez eta espezie inbaditzaileez josita, eta orain, hauek garbitu ondoren, bertako espezieak landatu eta meategi zaharretik datozen urak bideratu dira”.

Santa Marina bidea berreskuratzea

Lehenengo esku-hartzea Santa Marinako bidean egin da, Legorretako meatzaritzari lotutako bide zahar batean. Bide hori urteetan zabortegi gisa erabili zen, eta espezie inbaditzaile ugari zeuden, bereziki Fallopia japonica, Neola errekaren inguruan.

Honako lan hauek egin dira: inguruko belar-sastrakak modu selektiboan kentzea, metatutako hondakinak kendu eta kudeatzea, espezie inbaditzaileen aurkako tratamendu espezifikoa egitea eta hazkunde azkarreko landaredi autoktonoa landatzea, eremuaren berreskuratze ekologikoa errazteko. Gainera, hormigoizko areka bat egin da, meategi zaharretik datozen urak kanalizatzeko eta kontrolatzeko, eta, horrela, inguruko segurtasuna eta kudeaketa hidrikoa hobetzeko.

Esnaola auzorako sarbidea birnaturalizatzea

Bigarren jarduketa hirigunea Esnaola auzoarekin lotzen duen bidean egin da. Espazio hori aisialdiari lotuta egon ohi da, eta oso degradatuta eta erabili gabe zegoen, eta segurtasunik ezeko eta deskonexioko arazoak zituen.

Eremu horretan, belar-sastrakak modu selektiboan kendu dira, espezie inbaditzaileak kendu dira, urmael naturalizatu txiki bat sortu da, dagoen iturria konpondu eta edangarri bihurtu da, eta oinezkoentzako bide bat egokitu da, egurrezko sardekin, ingurunea erabiltzeko eta gozatzeko aukera ematen duena.

Herritarren zerbitzurako azpiegitura berdea

Jarduketa horiek Next Generation funts europarren laguntzarekin bultzatzen dira, eta indartu egiten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak azpiegitura berdearen alde egiten duen apustua, espazio degradatuak leheneratzeko, konektagarritasun ekologikoa hobetzeko eta ingurune osasungarriagoak eta irisgarriagoak eskaintzeko tresna gisa.

Santa Marina eta Esnaolarako sarbideak berreskuratzea beste urrats bat da Gipuzkoa lurralde berdeago, seguruago eta erresilienteago baterantz eraldatzeko, non ingurune naturalaren babesak eta pertsonen ongizateak aurrera egiten baitute eskutik.

  

2391