Jasangarritasun Departamentuak Bidasoako eskualdean abiatu du BateraLabs prozesua, klima aldaketaren aurrean herritarrak parte hartzeko foroa
Jasangarritasun Departamentuak Bidasoako eskualdean abiatu du BateraLabs prozesua, klima aldaketaren aurrean herritarrak parte hartzeko foroa
Jasangarritasun Departamentuak Bidasoako eskualdean abiatu du BateraLabs prozesua, klima aldaketaren aurrean herritarrak parte hartzeko foroa
Bidasoako hogeita hamar eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalek BateraLabs prozesuaren lehen saioan parte hartu dute Irunen, klima-aldaketaren aurrean herritarrek parte hartzeko foro berrian.

BateraLabs klimaren arloko entzute-, deliberazio- eta ekintza-prozesu bat irekitzen du tokikotik, identifikatutako beharretatik abiatuta eskualde bakoitzeko gutxienez proiektu zehatz bat bultzatzeko konpromisoarekin.
José Ignacio Asensio: “BateraLabs klimaren aldeko herritarren partaidetzarako benetako foroa da. Tokikotik abiatuta elkarrekin lan egiteko gune bat. Trantsizio ekologikoa guztion artean eraikitzen badugu bakarrik izango duelako zentzuak”.
Herritarrek klima-aldaketaren aurrean parte hartzeko BateraLabs foroa Bidasoan abiatu da gaur, Irunen egindako lehen saio batean. Prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima Klima Aldaketaren Fundazioak bultzatzen dute, udalekin eta eskualdeko garapen-agentziekin lankidetzan, eta Gipuzkoako 11 eskualdeetan garatuko da.
Ekitaldian Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok hartu du parte, eta honako hau azpimarratu du: “BateraLabs herritarrek klima-aldaketaren aurrean parte hartzeko benetako foroa da. Ez da mahai tekniko bat, ezta prozesu itxi bat ere, baizik eta entzuteko eta lan partekatua egiteko benetako gune bat, non herritarrek hasieratik parte hartzen duten erronkak identifikatzen eta konponbideak eraikitzen. Trantsizio ekologikoak zentzua izango du baldin eta guztion artean eraikitzen badugu, tokian tokitik”.
Irunen egindako saioan hogeita hamar pertsona inguruk parte hartu dute, eskualdeko ordezkari instituzionalen, gizarte eragileen eta elkarte sarearen artean. Bertaratutakoen artean daude Bidasoa Activa eskualdeko garapen agentzia, Irun eta Hondarribiko udalak, Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa, Birziklatu, Bidasoako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartea (ACUBI), Nagusilan, Club Deportivo Bidasoa, Secretariado Gitano Fundazioa, Jacobea Irun-Bidasoa Elkartea, Irun Mugan Merkatarien Elkartea, Balazta Elkartea, FICOBA, Hondarribiko Arraun Kluba, Gurutze Gorria, Plaiaundi Ecological Park, Bidasoa Eskubaloi Kluba, Hondarribia Amuitz Merkatarien Elkartea eta Círculo Morada Kultur Elkartea, eskualdeko aniztasun soziala, instituzionala eta komunitarioa islatuz.
Eskualde kaltebera, erantzun egokituak eskatzen dituena
Jardunaldian Bidasoako errealitate klimatiko espezifikoa testuinguruan kokatu da, klima-aldaketaren aurrean kalteberatasun handia duen lurraldea baita, bereziki Txingudi-Bidasoa, Jaizkibel eta Aiako Harria eremuetan. Batez besteko arrisku-maila, oro har, txikia bada ere, eskualdeak inpaktu zehatz batzuekiko esposizio handia du, bereziki kostalde- eta euri-uholdeekin lotuta.
Ildo horretan, arrisku garrantzitsuak identifikatu dira, hala nola euri-uholdeek eraikinetan eragindako kalteak, Irun eta Hondarribia bezalako hiriguneetan kostaldeko uholde-arrisku handia, eta azpiegitura kritikoen gaineko inpaktu posibleak, hala nola aireportua edo GI-636 errepidea. Tenperaturen igoerarekin lotutako arriskuak ere aipatu dira, abeltzaintza-ekoizpenean eta animalien ongizatean eragina dutenak, eta epe ertainean gero eta handiagoa izango dela aurreikusten da.
Eskualdean bereziki sentikorrak diren beste eremu batzuk dira baso-sektorea, suteen eta euri-jasen eraginpean dagoena, eta lehen sektorea, hiri-ingurunearekin eta giza osasunarekin batera identifikatutako klima-arriskuen zati handi bat biltzen duena. Testuinguru horrek egokitzapenari eta arintzeari tokiko begiradatik heltzeko beharra indartzen du, lurraldearen ezagutzan eta herritarren zuzeneko parte-hartzean oinarrituta.
Entzutea, lehenestea eta jardutea: konpromiso zehatz bat eskualdeka
Erakunde-ongietorria egin eta proiektua aurkeztu ondoren, saioan parte hartzeko dinamika bat aurkeztu da, «lurraldea irakurtzera», inpaktuak identifikatzera eta klima-erronkak lehenestera bideratua, parte-hartzaileen eguneroko esperientziatik abiatuta. Mapaketa kolektibo baten bidez, muturreko beroarekin, uholdeekin, mugikortasunarekin, osasunarekin eta natura-ingurunearen babesarekin lotutako gaiak mahaigaineratu dira.
Lehenengo saio honek BateraLabs prozesuaren hasiera markatzen du Bidasoa eskualdean. Bigarren fasean, udazkenerako aurreikusia, eztabaida kolektiboa eta proposamen zehatzen formulazioa landuko dira, neurri bideragarriak definitzeko helburuarekin, inplikatutako eragileekin eta benetako inpaktuarekin.
Prozesuaren elementu nagusi gisa, Jasangarritasun Departamentuak konpromisoa hartu du eskualde bakoitzean gutxienez proiektu zehatz bat bultzatzeko, herritarrek BateraLabs-en esparruan identifikatutako premia eta lehentasunetatik abiatuta. Ekimen horiek ekintza klimatikoen herritarren paper-zorro baten parte izango dira, eta inplikatutako udalei, eskualde-agentziei eta foru-sailei helaraziko zaie, herritarren proposamenak jarduketa erreal bihurtzeko.
BateraLabs ez da unean uneko ekintza bat, baizik eta jarraipena duen prozesu bat, aurrez aurreko saioak, parte hartzeko tresnak eta jarraipen publikoa uztartzen dituena. Klima-politika egiteko modu berri bat: herritarrei entzutea, benetako beharrak identifikatzea eta tokiko esparrutik jardutea, eskualdea trantsizio ekologiko bidezkoago, parte-hartzaileago eta eraginkorrago bat eraikiz.
1668