Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasun Departamentuak eguzki-eklipsea zuzenean emitituko du

Jasangarritasun Departamentuak eguzki-eklipsea zuzenean emitituko du

Gipuzkoako Foru Bideometria Sareko kamerek zerurantz orientatutako irudia eskainiko dute eklipseak irauten duen bitartean, etxetik jarraitu ahal izateko, bereziki mugikortasun urriko pertsonei begira.

2026/08/11
Eclipse

Irudiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren Hondartzen webgunearen bidez ikusi ahal izango dira.

José Ignacio Asensio: “Jasangarritasunak pertsonak zaintzea ere esan nahi du, eta inor ez uztea gizarte gisa partekatzen ditugun espazio eta esperientzietatik kanpo”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak aldi baterako birbideratuko ditu bere Itsasertzeko Foru Bideometria Sareko kamerak, edonork etxetik datorren asteazkenean, abuztuaren 12an, eguzki-eklipsea jarraitu ahal izan dezan, bereziki desgaitasuna duten edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei begira.

Ekimen hau desgaitasuna duen pertsona batek egindako eskaeraren ondorioz sortu da. Pertsona horrek Jasangarritasun Departamentuari helarazi zion eklipsea bere etxetik ikusi ahal izateko nahia, Gipuzkoako hondartzetako webcam-en bidez. Departamentuak eskaerari erantzutea erabaki du, eta aldi baterako kamerak herritar guztien zerbitzura jarriko ditu fenomeno astronomikoak iraun bitartean.

“Banakako eskaera batek aukera bat ikusarazi digu askoz pertsona gehiagok gozatu ahal izan dezaten guztiontzat irisgarria izatea nahi dugun gertakari batez”, adierazi du Jasangsarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok. Nabarmendu duenez, “eklipsea kostaldera joan ezin diren pertsonei hurbiltzea ahalbidetzen digun tresna publiko bat badugu, zentzuzkoa da haien eskura jartzea”.

Eguzki-eklipsea Euskadi osoan ikusi ahal izango da, eta 19:30ak aldera hasiko da; ezkutatze-mailarik handiena 20:30ak inguruan izango da. Osotasuna Euskadiko hainbat puntutan ikusi ahal izango da denbora-tarte labur batean.

Interesa duten pertsonek Gipuzkoako hondartzetako webcam-en bidez zuzenean ikusi ahal izango dituzte irudiak, eta eklipsea zein hondartzatik jarraitu nahi duten aukeratu ahal izango dute. Zehazki, kamerak honako hondartza hauetan daude: Hondarribia; Zurriola, Kontxa eta Ondarreta, Donostian; Antilla, Orion; Zarautz; Malkorbe, Getarian; Itzurun, Zumaian; Deban; Mutrikuko portuan; eta Saturraranen, Mutrikun.

Gipuzkoako hondartzetako webcam-ak:

https://www.gipuzkoa.eus/es/web/hondartzak/webcams

Hondartzen bilakaera ezagutzeko sortutako sarea

Itsasertzeko Foru Bideometria Sarea Gipuzkoako hondartzak monitorizatzeko tresna bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatua. Kamerek jasotako irudiek hareatzen bilakaera morfologikoa aztertzeko eta hainbat adierazle analizatzeko aukera ematen dute, hala nola hondartzaren azalera eta itsasertzaren lerroaren kokapena. Horrela, hondartzen kudeaketa hobetzen eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko egokitzapen-neurriak diseinatzen laguntzen dute.

Sareak Gipuzkoako kostaldean zehar banatutako estazioak ditu, eta denbora-serieak eskuratzeko aukera ematen du, hareatzen bilakaera ulertzeko, besteak beste, denboraleek, mareek eta haien morfologian eragina duten beste faktore batzuek eragindako fenomenoen aurrean.

Horrela, klima-aldaketaren aurrean gure hondartzak ezagutzeko, babesteko eta egokitzeko sortutako azpiegitura batek aparteko erabilera izango du bihar: ezaugarri horietako fenomeno astronomiko batez gozatzeko aukera emango die, beren egoera pertsonalagatik, kostaldera hurbiltzeko aukerarik ez duten pertsonei ere.

“Jasangarritasunak pertsonak zaintzea ere esan nahi du, eta inor ez uztea gizarte gisa partekatzen ditugun espazio eta esperientzietatik kanpo”, azpimarratu du Asensiok. “Ekimen txikia da, baina oso ondo erakusten du zer-nolako erakunde publikoa izan nahi dugun: entzuten duen, erantzuten duen eta baliabide publikoak pertsonen bizitza hobetzeko erabiltzen dituen erakundea”.

Jasangarritasun Departamentuak herritarrak gonbidatzen ditu eklipsea Gipuzkoako hondartzetako webcam-en bidez jarraitzera, eta gogorarazi du, Eguzkia zuzenean behatzeko, ezinbestekoa dela homologatutako eguzki-babeserako sistemak erabiltzea eta agintariek eta erakunde espezializatuek emandako segurtasun-gomendioei jarraitzea.

  

5161