Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Jasangarritasun Departamentuak ingurumen- eta gizarte-proiektu berriak bultzatuko ditu, 2026rako 42.250 euroko dirulaguntza-lerroarekin

Jasangarritasun Departamentuak ingurumen- eta gizarte-proiektu berriak bultzatuko ditu, 2026rako 42.250 euroko dirulaguntza-lerroarekin

Foru Gobernu Kontseiluak irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko deialdia onartu ditu, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat datozen proiektuak garatzeko.

2026/02/11
Subvenciones ODS

José Ignacio Asensio: “Deialdi honen bidez, indartu egiten dugu trantsizio ekologiko justu batekin dugun konpromisoa, inor atzean utziko ez duena eta osasuna, ongizatea eta berdintasuna politika publikoen erdigunean kokatuko dituena”.

Laguntza-lerro horrek 42.250 euroko zuzkidura du, eta ingurumen-hezkuntza, herritarren sentsibilizazioa, parte-hartze soziala eta natura-ingurunearen kontserbazioa indartzea du helburu, bidezko trantsizio ekologiko inklusibo eta parte-hartzailea sustatuz.

Dirulaguntzek berariaz lagunduko dute honako GJH hauek betetzen: 3. Osasuna eta ongizatea; 6. Ur garbia eta saneamendua; 7. Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria; 11. Hiri eta komunitate jasangarriak; 12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak; 13. Klimaren aldeko ekintza; 14. Urpeko bizitza; eta 15. Lehorreko ekosistemen bizitza.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “deialdi honen bidez, sendotu egiten dugu trantsizio ekologiko bidezkoaren aldeko konpromisoa, inor atzean utziko ez duena eta osasuna, ongizatea eta berdintasuna politika publikoen erdigunean kokatuko dituena”. Era berean, nabarmendu duenez, “ingurumen-ezagutza herritarrengana hurbiltzen duten, parte-hartze aktiboa sustatzen duten eta eguneroko ohituretan benetako aldaketak sustatzen dituzten proiektuak bultzatu nahi ditugu, eredu jasangarriago, arduratsuago eta solidarioago baterantz aurrera egiteko”.

Lau jarduera-eremu

Deialdiak elkarren artean lotutako lau jarduera-eremu jasotzen ditu, ingurumen-erronkei ikuspegi integral batetik heltzeko aukera ematen dutenak:

  • Ingurumenaren egoerari, klima-aldaketaren eraginari eta hura arintzeko, egokitzeko, kontserbatzeko eta lehengoratzeko tresnei buruzko azterlanak, txostenak eta ikerketak.
  • Herritarrei zuzendutako informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak, hautatutako GJHetan zentratuak.
  • Ingurumen-boluntariotza sustatzeko proiektuak, naturaren kontserbazioa eta leheneratzea erraztera bideratuak.
  • Herritarren zientziako ekimenak, publiko orokorrari zuzenduak eta ibilbide zientifiko aitortua duten erakundeek edo pertsonek koordinatuak.

Dirulaguntza-lerro horren bidez, Jasangarritasun Departamemtuak herritarren ingurumen-ezagutza handitu nahi du, eguneroko bizitzan ohitura arduratsuak sustatu, eta herritarrak ingurunearen hobekuntzan aktiboki inplika daitezen bultzatu.

Elkarteak, aliatu giltzarriak

Laguntzak helburu orokorrak dituzten Gipuzkoako irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzenduta daude, herritarrengandik gertu daudelako, gizartea mobilizatzeko gaitasuna dutelako eta ingurumen-kontzientzia kolektiboa eraikitzeko funtsezko eginkizuna dutelako.

Erakunde horiek funtsezkoak dira parte-hartze soziala bultzatzeko, elkarte-sarea indartzeko eta ingurumena babestearen aldeko dinamika komunitarioak sortzeko, justizia sozialarekiko trantsizio ekologikoari lagunduz.

Lege-esparrua eta konpromiso instituzionala

Deialdia Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean eta Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko 9/2021 Legean sartzen da. Lege horrek lehentasun hauek ezartzen ditu: ingurumen-ezagutza hobetzea, hezkuntza, herritarren sentsibilizazioa eta boluntariotza sustatzea.

Era berean, laguntza-lerro hau 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, eta genero-ikuspegia txertatzen du erakunde onuradunen balorazio-irizpideetan eta betebeharretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  

1831