Jasangarritasun Departamentuak Zegamako Aitamarren parkea babesleku klimatiko berri bihurtu du
Jasangarritasun Departamentuak Zegamako Aitamarren parkea babesleku klimatiko berri bihurtu du
Proiektuak aukera eman du parkearen funtzionaltasun ekologikoa hobetzeko eta gizarte- eta aisialdi-erabilerari eusteko, naturan oinarritutako irtenbideen eta espezie autoktonoak berreskuratzearen bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatutako jarduerak 46.978,25 euroko inbertsioa izan du.
Proiektuak belardi naturalak sortzea, flora autoktonoa landatzea eta biodibertsitatea eta polinizazioa errazten duten elementu naturalak kontserbatzea ahalbidetu du, espazioa herritarrentzako babesleku klimatiko gisa finkatuz.
José Ignacio Asensio: “Klima-aldaketaren aurkako borroka gure herri eta auzoetan ere egiten da. Jasangarritasun Departamentuak Aitamarren bezalako jarduerak bultzatzen ditu berdeguneak berreskuratzeko, aterpe klimatiko berriak sortzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departametuak Aitamarren parkea naturalizatzeko eta haren funtzionaltasun ekologikoa hobetzeko proiektua inauguratu du gaur Zegaman. Jarduera horren helburua izan da biodibertsitatea indartzea, hiri-paisaia hobetzea eta udalerriak klima-aldaketara egokitzen aurrera egitea, naturan oinarritutako irtenbideen bidez.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Iker Zubeldia Zegamako alkateak parte hartu dute inaugurazioan, eta parkea bisitatu dute hiriko berdegune horren iparraldean egindako obrak amaitu ondoren.
Aitamarren parkeak 3.830 metro koadroko azalera du, Gipuzkoako azpiegitura berdeen sarearen parte da, eta Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklima Fundazioak sustatutako babesleku klimatikoen sarean sartzen da. Gune horrek muturreko bero-gertakarien aurrean ingurune freskoagoa, naturalagoa eta erosoagoa eskaintzen lagunduko die herritarrei, eta, aldi berean, topagune, pasealeku eta bizilagunentzako aisialdi-gune izaten jarraituko du.
Jarduerak 46.978,25 euroko inbertsioa izan du guztira. Parque y Jardines de Abadiano SA enpresak egin ditu lanak, AR Consultores en Medio Ambiente SLren obra-zuzendaritzaren pean, eta hiru asteko epean garatu dira.
Natura eta klima-egokitzapena hiri-ingurunean
Proiektuak parkean dagoen zuhaizti historikoari eusten dio – izeiak, haritzak, lizarrak edo ehun urtetik gorako zedroak, besteak beste –, eta pixkanaka espezie autoktonoekin ordeztea aurreikusten du, bizi-zikloa amaitu ahala. Gainera, hildako edo hondatutako zuhaitzetatik datozen motzondoak kontserbatu dira, onddoak, intsektuak eta ekosistemarako onuragarriak diren beste espezie batzuk babesteko balio duten habitat naturalak sortzen laguntzeko.
Esku-hartzearen helburu nagusietako bat lorezaintza konbentzionalaren eredua espazio jasangarriago eta erresilienteago bihurtzea izan da. Horretarako, pinu azalaren estalkia substratu natural batez ordeztu da, eta belardi naturalak soropil tradizionalaren aurrean sortzearen aldeko apustua egin da, ur, sega eta produktu kimikoen beharrak murrizteko.
Proiektuaren barruan sartzen da, halaber, tokiko belardietako berezko belar- eta lore-espezieak ereitea, bai eta landare bizikorrak eta zuhaixka autoktonoak landatzea ere, urtaro desberdinetan loratzea ahalbidetuko dutenak eta intsektu polinizatzaileen eta hegaztien jarduera erraztuko dutenak.
Txertatutako espezieen artean, txilarrak, otsababak, lirioak, lilipak, haginak eta urkiak nabarmentzen dira, berdegune anitzagoa eta egungo klima-baldintzetara egokitua eratzen baitute.
Bisitaldian, José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “klima-aldaketara egokitzea tokikotik ere eraikitzen da, hiri-espazioak berreskuratuz eta naturalizatuz, leku osasungarriagoak, freskoagoak eta erresilienteagoak izan daitezen”. Era berean, azpimarratu duenez, “Gipuzkoako babesleku klimatikoen sareak aukera ematen du gero eta udalerri gehiagok izan ditzaten herritarrak tenperaturen igoeratik babesteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko prestatutako espazioak”.
521