Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak Eibarko Armeria Eskolako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bisitatu du

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak Eibarko Armeria Eskolako autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bisitatu du

Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren 36.000 euroko dirulaguntza izan du, Gipuzkoako eskoletan jasangarritasun-inbertsioak bultzatzeko laguntza-lerroaren barruan.

2026/05/14
Armeria Eskola

José Ignacio Asensio: “Eskolak funtsezko espazioak dira trantsizio energetikoa bultzatzeko eta belaunaldi berriak jasangarritasunean prestatzeko. Proiektu honek berrikuntza, prestakuntza eta ingurumen-konpromisoa uztartzen ditu, eta Armeria Eskola erreferentziazko eredu bihurtzen du”.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Gloria Vázquez Ingurumen Administrazioko zuzendariarekin batera, Armeria Eskola bisitatu du gaur, eskolaren estalkian dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria bertatik bertara ezagutzeko.

Eskolako zuzendari Imanol Urreistik eta Jasangarritasun arduradun eta zuzendariordea Ibai Mugarzak hartu dute erakunde-ordezkaritza.

Jarduketak 47.204,19 euroko inbertsioa ekarri du guztira, eta horietatik 36.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntza-deialdiaren bidez finantzatu dira, lurraldeko eskoletan garapen jasangarrian hezten, trebatzen eta sentsibilizatzen laguntzen duten ekipamendu, instalazio eta espazioetan inbertsioak egiteko.

Guztira, Jasangarritasun Departamentuak 240.000 euro bideratu ditu aurten dirulaguntza-lerro horretara, Gipuzkoako eskoletan jasangarritasunarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako hezkuntza-proiektuak bultzatzeko.

Bisitan, José Ignacio Asensiok nabarmendu duenez, “eskolak funtsezko espazioak dira trantsizio energetikoa bultzatzeko eta belaunaldi berriak jasangarritasunean prestatzeko. Proiektu horrek berrikuntza, prestakuntza eta ingurumen-konpromisoa uztartzen ditu, eta Armeria Eskola erreferentziazko eredu bihurtzen du”.

Era berean, diputatuak azpimarratu duenez, “eskoletan energia berriztagarrien aldeko apustua egiteak, emisioak eta energia-kontsumoa murrizteaz gain, etorkizuneko erronka eta aukerei lotutako prestakuntza praktikoa ere eskaintzen die ikasleei”.

Bestalde, Armeria Eskolak azaldu duenez, instalazio hau handitzeak aukera emango du instalazioa erabiltzen jarraitzeko Lanbide Heziketako ikasleentzat tresna pedagogiko gisa, bereziki instalazio elektrikoekin eta energia berriztagarriekin lotutako ikasketak egiten ari direnentzat.

Autokontsumorako energia berriztagarria

Armeria Eskolan egindako esku-hartzeari esker, eskolan dagoen instalazio fotovoltaikoa handitu ahal izan da, eta, horrela, energia berriztagarria sortzeko gaitasuna indartu da, autosufizientzia energetikorako eta deskarbonizaziorako estrategian aurrera eginez.

Instalazio berriak 590 Wp-ko bi aurpegiko 54 modulu fotovoltaiko ditu, 31,86 kWp-ko guztizko potentzia instalatuarekin eta 30 kW nominalekin, autokontsumorako, soberakinak konpentsatuta. Panelak zentroaren estalkiaren gainean daude, eta urtean 35.000 kWh energia berriztagarri inguru ekoizteko aukera ematen dute. Sistemak, gainera, denbora errealeko monitorizazio-teknologia aurreratua du, eta horrek aukera ematen die ikasleei instalazioaren energia-errendimendua aztertzeko eta energia berriztagarriekin eta energia-trantsizioarekin lotutako ikaskuntza-tresna praktiko gisa erabiltzeko.

Instalazioa eskolaren energia-efizientzia hobetzeko ez ezik, Armeria Eskola energia berriztagarriei lotutako prestakuntza teknikoko erreferentziazko espazio gisa finkatzeko ere diseinatu da, ikasleei sektore fotovoltaikoko puntako teknologiekin zuzeneko esperientzia emanez.

Zentroak ibilbide luzea du jasangarritasunarekin eta hurbileko energia berdea sortzearekin lotuta. Instalazioaren handitze berriari esker, instalatutako potentzia handitu ahal izango da, eta eskolan kontsumitutako energiaren gero eta zati handiago bat iturri berriztagarri propioen bidez sortzeko helburua lortzen jarraituko da.

  

852