Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kontrolpean dago gaur goizaldean Zestoako Gisasola egoitzako logela batean piztutako sutea

Kontrolpean dago gaur goizaldean Zestoako Gisasola egoitzako logela batean piztutako sutea

Sua logela bakar batera mugatu da, eta pertsona bat ospitalera eraman dute erredura arinak artatzeko. Gainerako egoiliarrek ez dute kalterik izan, eta larrialdi-zerbitzuek esku hartu ondoren, egoitzak normaltasuna berreskuratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du gaur goizaldean Zestoako Gisasola egoitzan izandako sutea erabat kontrolpean dagoela eta zentroko autobabes-planak behar bezala funtzionatu duela, egoiliarren segurtasuna une oro bermatuz.

Sua egoiliar baten logelan piztu da. Pertsona honek erredura arinak izan ditu, eta ospitalera eraman dute haren egoera baloratzeko. Sutea logela horretara mugatu da, eta ez da gainerako geletara zabaldu.

Sutea atzeman bezain laster, alarma-sistema aktibatu da, eta egoitzako langileek berehala jarri dute martxan horrelako larrialdi-egoeretarako aurreikusita dagoen jarduera-protokoloa. Aldi berean, larrialdi-zerbitzuei abisua eman zaie, eta minutu gutxiren buruan suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu dira.

Prebentzio neurriak

Prebentzio-neurri gisa, egoiliarrak beren geletatik eraikinaren barruko gune seguruetara eraman dituzte, ebakuazio horizontalaren bidez. Prozedura horri esker, egoera egokia denean, pertsonak eraikinetik atera gabe babestu daitezke. Sutea itzali eta beharrezko egiaztapen guztiak egin ondoren, egoiliar guztiak normaltasunez itzuli dira beren geletara.

Gisasola egoitzak mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako baimendutako 23 plaza ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie egoitzako profesionalei, izan duten jardun azkar eta eraginkorragatik, baita larrialdi-zerbitzuei ere, erakutsitako koordinazio eta esku-hartzeagatik. Haien lanari esker, egoera berehala kontrolatu ahal izan da, eta gertakariaren ondorioak ahalik eta gehien mugatu dira.

Era berean, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak gertatutakoaren ohiko jarraipena egingo du.

Autobabes-planaren berrikuspena

Lurraldeko egoitza guztiek nahitaez izan behar dute larrialdi-egoeren aurrean jarduteko prozedurak jasotzen dituen autobabes-plan bat. Plan horiek profesionalentzako aldizkako prestakuntza, simulakroen antolaketa eta jarduera-protokoloen etengabeko eguneratzea jasotzen dituzte. Horrez gain, Foru Aldundiko Ikuskaritza Zerbitzuak betebehar horiek behar bezala betetzen direla ikuskatzen du.

Ildo horretan, duela hilabete inguru, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko egoitza guztietako autobabes-planak berrikusteko kontratua lizitaziora atera zuen. Joan den astean egoitzetako ordezkariekin bilera egin ondoren, datozen asteetan zentroz zentro hasiko dira bisita teknikoak egiten, plan horiek berrikusi eta eguneratzeko. Helburua zainketa-sareko prebentzio eta segurtasun-neurriak indartzen jarraitzea da.

  

631