Koordinazio mahaiak indarkeria matxistaren biktima gazteen arreta hobetzeko gako berriak aurkeztu dit
Koordinazio mahaiak indarkeria matxistaren biktima gazteen arreta hobetzeko gako berriak aurkeztu dit
Koordinazio mahaiak indarkeria matxistaren biktima gazteen arreta hobetzeko gako berriak aurkeztu dit
Azterketa partekatuak agerian utzi du gazteen artean indarkeria matxista handitzen ari dela, eta hobetzeko lehentasunezko sei esparru definitzen ditu arreta eraginkorragoa eta egokitua izan dadin eta ez dadin birbiktimizatzailea izan. Erakundeek 2026rako ezarri dituzten lehentasun berriek arreta jartzen dute biktimek errekuperazio prozesuan parte-hartze aktiboa izango dutela bermatzean, Hariberria bezalako baliabide gakoak ebaluatzean eta jarduteko protokoloak modu koordinatuan aplikatzean

Gipuzkoako Indarkeria Matxistaren Arretarako Koordinazio Mahaiak laugarren osoko bilkura egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Gunea espazioan, erakundeen arteko elkarrizketarako, azterketarako eta koordinaziorako funtsezko gune gisa.
Mahaia 2023ko martxoan sortu zen, eta, harrezkero, erakundeen erantzuna indartzeko eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien seme alabei arreta integralagoa eta koordinatuagoa emateko lan egiten du.
Urte hauetan, Mahaiak arreta-mekanismoak indartzean, esku hartzeko jardunbideak indarreko araudira egokitzean eta jarduketa-eredu integralagoetarantz aurrera egitean oinarritu du bere lana. 2024an, erakunde parte hartzaileek ahalegin berezia egin zuten sistemen arteko koordinazioan oinarritutako esku hartze eredu bat ezartzeko, arreta berezia jarrita intersekzionalitatean eta konplexutasun handieneko kasuetako erantzunean.
Biktima nerabe eta gazteengan oinarritutako lana
2025ean, Mahaiaren Batzorde Teknikoak indarkeria matxistaren biktima diren nerabe eta gazteei arreta ematea eta haiekin esku hartzea zailtzen duten oztopoak sakon aztertzera bideratu du bere lana, bereziki prozedura judizialetan errekuperazio prozesuak baldintzatzen dituztenak aztertzera.
Prozesu horren helburua izan da oinarriak ezartzea inplikatutako operadore eta zerbitzuen jardunbideak pixkanaka hobetzeko, sistemen arteko koordinazioa indartzeko eta biktimen birbiktimizazioa prebenitzeko.
Egindako lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku-hartze eredua inspiratzen duen etengabeko hobekuntzaren eta kontu-ematearen printzipioari erantzuten dio, betiere zerbitzu publikoen kalitatea, irisgarritasuna eta egokitzapena etengabe ebaluatzera eta etengabeko hobekuntza sustatzera bideratuta.
Horretarako, Batzorde Teknikoak lan egin du kasu horien bereizgarri diren faktoreak zehatz-mehatz ezagutzeko, jardunbide onak eta txarrak aztertzeko, sistemen arteko ezagutza indartzeko —sistema judiziala barne— eta funtsezko arloak hausnartzeko, hala nola hezkuntza edo gazteria, horien esku-hartzea funtsezkoa baita ikuspegi integral batetik.
Aztertzeko eta hobetzeko prozesu egituratua
Gogoeta hiru faseko lan-prozesu baten bidez burutu da: kasuen ezaugarriak eta esku-hartzea baldintzatzen duten faktoreak identifikatzea; jardunbide onak eta txarrak aztertzea, kasu erreal konplexuetatik abiatuta; eta epe labur, ertain eta luzera hobetzeko orientabideak eta proposamenak egitea inplikatutako sistemetarako.
Hortik ateratzen den dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: egoeraren diagnostiko xehatua, esku-hartzea zailtzen duten korapilo kritiko nagusien identifikazioa, hobetzeko proposamenen multzo bat eta parte hartzen duen erakunde bakoitzerako orientabide espezifikoak dituen eranskin bat, guztiak ere jarduketa-konpromiso berriak hartzeko oinarri gisa erabili ahal izango direnak.
Fenomenoaren garrantzia agerian uzten duen diagnostikoa
Egindako azterketak agerian uzten du nerabe eta emakume gazteei eragiten dieten kasuek gero eta garrantzi handiagoa dutela. Azken urteetan, egiaztatu da indarkeria matxista areagotu egin dela adin horietan, eta horrek erakusten du fenomenoa gehiago ikusarazten dela eta desberdintasun- eta kontrol-ereduek bere horretan jarraitzen dutela bizitzaren hasierako etapetan.
Euskadin eskuragarri dauden datuek erakusten dute sexu-indarkeriaren biktimen zati handi bat adingabeak direla, eta bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktimen ehuneko handi bat emakume gazteak direla. Lurraldeka, Gipuzkoan, harrera-zentroetan sartzen diren emakumeen % 31 18 eta 25 urte artekoak dira, eta Urrats berehalako harrerako foru-zentroan artatutako hiru pertsonatik bat adin-tarte horretakoa da; joera goranzkoa da.
Diagnostikoak nabarmentzen du, gainera, nerabeek eta gazteek bizi-ibilbide, harreman-testuinguru eta premia espezifikoak dituztela, eta erantzun desberdinak behar dituztela prebentzioan, detekzioan, laguntzan eta errekuperazioan.
Esku-hartzea hobetzeko sei korapilo kritiko
Egindako lanari esker, ikusi da funtsezko sei arlo hobetu behar direla arreta eraginkorragoa eta ez birbiktimizatzailea izango dela bermatzeko: informazio osoa eskuratzea eta sistemen artean partekatzea; ofiziozko komunikazioaren inguruko dilemak; arreta-prozesuak eta -espazioak biktima gazteen beharretara egokitzea; kasuak goiz identifikatzea; aurreiritziak eta birbiktimizazio-dinamikak prebenitzea; eta zerbitzuen arteko koordinazioa eta jarraipena indartzea.
Diagnostiko horretatik abiatuta, erakundeek hobekuntza-proposamenak definitu dituzte erakundeen arteko koordinazioa indartzeko, lanbide-espezializazioa hobetzeko, prozedurak nerabeen eta gazteen beharretara egokitzeko eta erantzun pertsonalizatu eta jarraituagoetarantz aurrera egiteko.
2026rako lan-ildoak
Osoko bilkurak Mahaiaren 2026rako lehentasunak aurkezteko ere balio izan du; lehentasun horien helburua da erakundeen arteko koordinazioa indartzen jarraitzea eta biktimei ematen zaien arretaren kalitatea hobetzea, ikuspegi konpontzaile eta ahalduntzaile batetik.
Lan-ildo nagusien artean, nabarmentzekoa da emakume biktimen parte-hartze aktiboa sustatzea arreta- eta laguntza-prozesuetan, haien ahotsa eta erabakiak hartzeko gaitasuna bermatzeko beren babes- eta errekuperazio-ibilbidean. Lan horrek ondorio partekatuak, zerbitzuetarako tresna praktikoak eta esku-hartze parte-hartzaileagoak erraztuko dituen jardunbide egokien gordailu bat ekarriko ditu.
Era berean, Mahaiak Hariberria baliabidearen funtzionamenduaren jarraipena egingo du, eta Emakundek eta Eudelek sustatutako Indarkeria Matxistaren arloko Tokiko Protokoloen Gidaren eguneraketaren baterako irakurketa sustatuko du, erakundeen arteko aplikazio koordinatua indartzeko.
Arreta-sistema hobetzeko gune finkatu bat
Gaurko osoko bilkurari esker, lan horren emaitzak partekatu ahal izan dira, erakundeen etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa indartu da eta jarduketa-ildo berrien definizioan aurrera egin da.
Horrela, Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Koordinazio Mahaiak finkatzen jarraitzen du baterako azterketarako, ezagutza partekatua sortzeko eta arreta-sistema etengabe hobetzeko espazio estrategiko gisa, erantzun eraginkorragoak, koordinatuagoak eta biktimen benetako premietan zentratuagoak eskaintzeko helburuarekin.
1681