Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Korronte autoritario eta populisten aurrean, berdintasun politiken aldeko aldarria egin du Eider Mendozak, “funtsezko balio demokratiko” gisa

Korronte autoritario eta populisten aurrean, berdintasun politiken aldeko aldarria egin du Eider Mendozak, “funtsezko balio demokratiko” gisa

Emakumeen eta gizonen berdintasunean, “atzera pausorik gabe”, “urrats berriak emateko” beharra aldarrikatu du Gipuzkoako diputatu nagusiak; beharrezkotzat jo du erakundeen eta elkarte feministen arteko elkarrizketa eta elkarlana

Gipuzkoako Foru Aldundia

“Berdintasunean eta demokrazian atzera” egin nahi duten korronte autoritario eta populisten aurrean, berdintasun politiken aldeko aldarri irmoa egin du gaur goizean Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Demokrazia arriskuan: feminismoaren ekarpenak Uda Ikastaroaren irekieran eskainitako hitzetan. “Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ahalegina, funtsezko balio demokratikoa da. Ezinbestekoa. Feminismoak, bere zabaltasunean, demokraziaren eta kultura politiko demokratikoaren aldeko gogoeta eta proposamen oso indartsuak eskaintzen dizkigu”, adierazi du. Horregatik, ekarpen horiek erakundeon jardunean txertatzen jarraitzearen alde mintzatu da eta horretarako “maila guztietan elkarlana” sustatu behar dela azpimarratu du, ahalegin horretan Aldundiaren “konpromisoa” berretsiz.

“Europan eta munduan hedatzen ari den indibidualismoaren eta autoritarismoaren aurrean, demokrazia berrindartzeko ekarpena egin behar dugu eta hori lortzen da komunitate gisa aurrera eginez, gizarte desberdintasunei aurre eginez, gizarte kohesioa zainduz. Horrek esan nahi du, besteak beste, politika publiko berritzaileak identifikatzea, planteatzea eta eztabaidatzea, erakundeen eta gizarte-ehunaren arteko lankidetzatik abiatuta, berdintasunaren arloan urrats berriak egitera eramango gaituztenak”, gogoeta egin du diputatu nagusiak Donostiako Miramar jauregian, EHUren Uda Ikastaroetan.

Izan ere, Mendozak azaleratu duenez, “Europaren oinarri demokratikoak kolokan jarri nahi dituzten muturreko korronteek” ziurgabetasuna eta desafekzioa baliatzen dute, “aniztasunaren, giza eskubideen eta elkarbizitzaren aurkako ideiak eta uste faltsuak” hedatzeko. “Horien guztien jomugan daude, modu berezian, berdintasun politikak, feminismoa eta asko kostata lortutako aurrerapenak”, ohartarazi du diputatu nagusiak.

Mendozaren ustez, berdintasunaren aldeko ahaleginean “asko aurreratu” dugu azken hamarkadetan, datuek erakusten duten moduan. “Baina asko dugu oraindik egiteko. Ezinbestekoa dugu erakundeon aldetik konpromiso horretan sakontzea eta, aldi berean, oraindik bizirik dauden arrakalak azaleratzea, berdintasuna jokoan den esparru guztietan buru-belarri eragiten jarraitzea, inolako atzera pausorik onartu gabe”, aldarrikatu du.

Hori horrela, berdintasun politiketan erakundeek egindako aurrerabidea aitortzearen alde agertu da eta, aldi berean, elkarte feministek jokatzen duten “funtsezko funtzioa” goraipatu du. Bien ala biak egindako ibilbidea aitortzeak, gehitu duenez, “demokrazia indartzea” dakar. Hori dela eta, “berdintasunaren eta demokraziaren aldeko ahalegin partekatuan, elkarlanean jarraitzera” dei egin du.

  

651