Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Korronte populista eta autoritarioen aurrean, “konpromiso demokratikoaren indarra” aldarrikatu du Eider Mendozak

Korronte populista eta autoritarioen aurrean, “konpromiso demokratikoaren indarra” aldarrikatu du Eider Mendozak

“Krisialdiak gizartea zatitzeko eta sestrarako” darabiltzaten muturreko korronteen aurka mintzatu da diputatu nagusia Uda Ikastaroetan; “konfiantza eta elkarlanerako espazioak” eraikitzearen azaldu da

Gipuzkoako Foru Aldundia

 

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, “muturreko korronte ideologikoek eta autoritarismoak” demokraziari eta Europar Batasunaren proiektuari egiten dioten “mehatxuaz” ohartarazi du gaur goizean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroetan. Horien aurrean, “etsipenean erori” beharrean, gizartearen eta erakundeen “konpromiso demokratikoaren indarra” aldarrikatu du. “Demagogia, populismoa eta autoritarismoaren aurrean, elkarbizitza demokratikoak ahalbidetzen du konfiantza eta elkarlana. Eraldatzen ari den munduan, demokrazia da erantzun sendoak eta partekatuak topatzeko modu bakarra”, berretsi du.

 

Mendozak azaleratu duenez, zenbaitek krisialdiak erabiltzen dituzte “gizartean zatiketa eta sestra politikoa” eragiteko eta horrek “sekulako kaltea” egiten dio demokraziari eta herrigintzari. Horregatik, diputatu nagusiak kontrajarri nahi izan du “seriotasuna eta jarrera eraikitzailea, ereduak zintzoki mahai gainean jarri eta konfrontatzea, baina enfrentatu gabe”. 

 

“Berrikuntza politikoa politikagintzara eta administrazio publikora eraman behar dugu. Horrela izango gara eragile eraginkorrak gure garaiko eraldatze sozial, teknologiko eta ingurumenekoari aurre egiteko. Dinamika berriak sorrarazi behar ditugu erakundeen arteko elkarlanerako eta herritarrekin lankidetzan jarduteko”, azaldu du Mendozak. Izan ere, ordena geopolitikoa aldatzen ari da eta horrek guztiak “sekulako inpaktua” du demokrazietan, Europar Batasunean eta “gure bizitzetan, ongizatean eta komunitatean”.

 

Aldi berean, Mendozak ezinbesteko jo du “ekonomia industrialaren defentsan” sakontzea, Gipuzkoa bezalako lurralde industrial batek “eutsi” egin behar diolako izaera horri, mundu zabalean izaera industriala galtzen duten guneak bilakatzen direlako “muturreko ideologien bazkaleku”. “Exijenteak gara. Europar Batasuneko erakundeengandik ere erreakzio sendoa espero dugu, gure industria babesteko, dela arantzel gerretatik, dela potentzia erraldoien presio komertzialetik”, eskatu du.

 

“Demokrazia eta Europa, bi balio horien bilakaera elkarri loturik egongo da etorkizunean. Eraldatzen ari den mundutik aterako diren demokrazia eta Europa baliteke egungoak bezalakoak ez izatea. Guztion esku dago nolakoak izango diren”, aurreratu du.

 

Diputatu nagusiak gogoeta horiek Miramar jauregian partekatu ditu, EHUren Uda Ikastaroetan, testuinguru geopolitiko berrian Europa eta demokrazia indartzeko bideei buruzko jardunaldiaren irekieran. Nazioarteko hainbat erreferentziazko adituk hartu dute parte, aztertuz Gipuzkoa bezalako lurralde batek zer nolako ekarpen berritzailea egiten duen eta egin dezakeen gobernantza demokratikoan sakontzeko garaian, baita Europar Batasunaren autonomia estrategikoa eraikitzeko ahaleginean ere.

 

Horrela, Mendozarekin batera, ikastaroa ireki du EHUren Gipuzkoako errektoreorde Joana Goizuetak. Ondoren, Jorge Tamamesek, Elkano Errege Institutuko ikerlariak, Eraldatzen ari den mundu bat: testuinguru geopolitiko berria ulertzeko gakoak jorratu ditu. Tamamesek "Europa mailako" ikuspegiarekin pentsatzearen alde egin du, Europar Batasunaren nazioarteko papera berreskuratzeko eta "autonomia estrategikoan" aurrera egiteko, "potentzia autoritarioen mehatxupean dagoen mundu batean". Testuinguru horretan, adituak adierazi duenez, beharrezkoa da Europak "ondasun publiko batzuk bermatzea, hala nola energia eta segurtasuna, herritarren babesaren kontzepzio zabalenean". Horretarako, bere ustez, beharrezkoa da segurtasunaren alorrean Europak agenda "propioa eta anbiziotsua" izatea, eta lau eremu proposatu ditu horretarako: "soziala, klimatikoa eta energetikoa, ekonomikoa eta defentsakoa".

 

Bigarren hitzaldian, Plataformizazioa, post-egia eta esfera publikoaren eraldatzea izan ditu mintzagai Silvio Waisbord George Washington Unibertsitateko Komunikabideen eta Gai Publikoen Eskolako irakasleak. Herritarren "arreta handia" biltzen duten eta disuasio-boterea "ia kontrolik gabe" erabiltzen duten plataforma digitalek iritzi publikoan duten ondorioetan sakondu du Waisbordek. Adierazi duenez, plataforma digital horien bidez zabaldutako edukiek, "arreta sortzea bilatzen dute, informazioa sortzea baino gehiago", desinformazioa, muturreko ideologiak eta etsaiaren deshumanizazioa eraginez, besteak beste. Errealitate horren aurrean, Waisbordek aitortu du ez dagoela oraingoz tresna eta taktika erabat eraginkorrik. Horretarako, baina, "diagnosi zuzena" egitearen alde agertu da, "komunikazioaren, soziologiaren eta politikaren arteko bidegurutzetik" heldu beharreko erronka horri aurre eginez.

 

Tamames eta Waisborden gogoeten ondoren, bi mahai ingururen bitartez Europaren eta demokraziaren erronketan sakondu dute jardunaldian. Lehen solasaldian, Europa testuinguru geopolitiko berriaren aurrean: erakundeak, herritarrak eta legitimitate demokratikoa izan dute aztergai, Geert Bouckaert-ek (Lovainako Unibertsitatea) Paloma Piqueiras Conlledo-k (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta Katarina Staronova-k. Bigarren mahai ingurua lurraldera begira jarri da, honako parte-hartzaile hauen bitartez: María José Canel (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), Igor Ahedo Gurrutxaga (EHU), Xabier Barandiaran Irastorza (Deustuko Unibertsitatea), Andoni Eizagirre Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea), Naiara Goia Imaz (Arantzazulab).


Ikastaroaren amaieran, Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako lankidetzazko gobernantzako prozesuei egindako ekarpenagatik Geert Bouckaert irakasleari aitortza instituzionala eskaini zaio.

 

  

1783