Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kultura Departamentuak 3 milioi bideratu zituen 2025ean kulturako dirulaguntza eta beketara, duela hamarkada bateko aurrekontua hirukoiztuz

Kultura Departamentuak 3 milioi bideratu zituen 2025ean kulturako dirulaguntza eta beketara, duela hamarkada bateko aurrekontua hirukoiztuz

Goizane Álvarez: “Gipuzkoarren % 87k etxetik hamabost minutu baino gutxiagora du kultura eskaintzaren bat aukeran. Bokazio sozial argia duen kultura politika baten emaitza da hori: askotariko kultura sare bat sortzea, kultura ohitura berrietara egokitua eta herritar guztien eskura dagoena".

2026/02/05
Cultura

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Goizane Álvarezek gaur goizean aurkeztu du kultura sektoreari 2025ean emandako laguntzen balantzea Patxi Presa Kultura Sustapeneko eta Zabalkundeko zerbitzuburuarekin batera, eta azaldu duenez, "argi gelditu da gizarte bokazio argia duen kultura politikaren eredua erabat finkatuta dagoela, azken hamar urteetan hirukoiztu egin baita haren zenbatekoa".                                        

Guztira, departamentuak ia 9,4 milioi euro bideratu zituen iaz ekimenak sortu, ekoitzi eta zabaltzeko zuzeneko laguntzetara, bai eta kultura erakunde edo ekipamenduetara ere, "lurraldeko kultura sistemaren arteria guztiak lotzen dituen hari gidari ikusezin bihurtuz". Zehazki, ia 2,7 milioi euro bideratu ziren kultura sorkuntza eta prestakuntzara; 1,5 milioi euro arte ekoizpenera, erakunde, pertsona fisiko eta kultura elkarteei zuzenduta; eta 5,2 milioi euro sorkuntza artistikoen erakusketa eta hedapenera, pertsona fisikoen, elkarteen, ekipamenduen eta kultura erakundeen bidez.

Horrela, Gipuzkoan kulturari ematen zaion laguntza publikoa hiru zutabe handiren inguruan egituratzen dela azaldu dute. Lehenengoa, kultura sortzeko/prestatzeko, ekoizteko eta zabaltzeko laguntzena da, artista, konpainia, elkarte, ekipamendu eta erakundeei zuzendua; bigarrena, herritarrei zuzendutako kultura programazioa, Koldo Mitxelena Kulturunean (KMK) antolatutako ziklo eta jaialdiak bitarteko direla; eta, azkenik, sortzaileentzako laguntzak daude, aholkularitza eta laguntza profesionaleko zerbitzuen bidez, K- Bulegoa zerbitzua bitarteko dela.

Álvarezek adierazi duenez,  “gipuzkoarren % 87k etxetik hamabost minutu baino gutxiagora du kultura eskaintzaren bat aukeran. Argazki honek bokazio sozial argia duen kultura politikaren eredu bat islatzen du, kultura irisgarri, askotariko eta kultura ohitura berrietara egokitutako baten alde egiten duena, baina ahaztu gabe kultura eskaintza hori sortzen eta mantentzen duten profesionalek baldintza onetan eta bermeekin egin behar dutela”.

Dirulaguntza lerroei dagokienez, 2025ean ia 9,4 milioi euro bideratu ziren guztira: zuzeneko laguntza eta beketara, 3 milioi; lurraldeko kultura ekipamendu eta erakundeetara, 4,6 milioi, hala nola Kursaalera, Tabakalerara edo Donostiako Zinemaldira; eta 1,8 milioi kultura-baliabide propioetara, hala nola, EQZE eta Dantzagunea. Zehazki, zuzeneko laguntzei esker (9 dirulaguntza lerro, 5 beka, 2 sari eta bono 1), lurraldeko artistek, konpainiek, udalek, kultura elkarteek eta erakundeek sustatutako 300 kultura proiektuk baino gehiagok jaso zituzten laguntzak.

Gaur aurkeztutako balantzeak argi eta garbi uzten du Gipuzkoako kultura arloko inbertsioak azken hamarkadan izan duen bilakaera iraunkorra. Zehazki, Kultura Departamentuaren dirulaguntzak, bekak eta sariak bideratutako aurrekontua hirukoiztu egin da, 2015ean 900.000 euro izatetik 2025ean 3 milioi euro izatera igaro baitira. "Hazkunde jarraitu eta iraunkor horrek kulturaren aldeko apustu irmoari erantzuten dio, funtsezko elementua baita gizarte kohesiorako, lurralde garapenerako eta demokrazia indartzeko", adierazi du Álvarezek; eta azpimarratu du, gainera, kulturan inbertitutako euro bakoitzeko bere balio ekonomikoa halako bi baino gehiago itzultzen dela lurraldera, inpaktu sozial eta kulturala eragiteaz gain, eta hori nekez neur daiteke.

Herritarrentzako programazioa

Kultura programazioaren esparruan, 2025ean 153 ekitaldi egin ziren; horien artean, 63 jarduera 11 ziklotan banatuta, 33 ekitaldi jaialdiei lotutakoak, eta beste 57 jarduera mota. Programazio askotarikoa eta orekatua da, era guztietako interesei eta ikusleei erantzuteko prestatua, eta herritarrek lurralde osoan kultura eskaintza zabala eta kalitatezkoa eskuratzeko aukera sendotzen duena, tradizioa, berrikuntza eta formatu berriak uztartuz, jendearen profil desberdinetara egokituta.

Programazio honek azken hamar urteetan garatzen joan diren lan ildo batzuei erantzuten die, eta KMK kultura eta elkarrizketa kritikorako espazio bihurtzea du erronka nagusi, herritarrei gizarte garaikidearen erronkak eta eraldaketak ulertu, eztabaidatu eta gogoeta eginez aurre egiteko tresnak eskainiko dizkiena.

Iazko berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da ‘Sustraiak eta ahotsak. Raíces conectadas’ zikloa, eta egindako hiru saioek "arrakasta handia izan zuten". Presak azaldu duenez, proiektu hori “migratzaile jendea programazioan sartzeko sortu zen; Gipuzkoako biztanleen zazpitik batek osatzen du kolektibo hori, eta orain arte ez zen gure programazioak behar beste interpelatua sentitzen”.

Ziklo berri horrekin batera, Crossover jaialdia —estatuan telesailen arloan erreferente dena eta zortzigarren edizioan parte-hartze errekorrak lortu dituena— eta LUMAfest jaialdia —gazte literaturan oinarritua eta gazteak erakartzea helburu duena— sendotu egin ziren hazkundeari eta eraginari dagokionez eta, horrela, etorkizunean Koldo Mitxelenara publiko berria eramateko oinarriak ezarrita gelditu dira; izan ere, gune horrek gazte literaturarako eta gazteentzako espazio propioa izango du.

KBulegoaren bidezko aholkularitza

Kultura Departamentuak bultzatutako kultura ekosistemaren hirugarren hanka KBulegoa da, Gipuzkoako kultura sektoreari zuzendutako kontsulta- eta laguntza-zerbitzu publiko espezializatua. Zerbitzu horrek aholkularitza eskaintzen die bai pertsona eta kolektibo amateurrei, bai lurraldeko kultura profesional eta erakundeei.

2025ean, K-Bulegoak 50 erabiltzaile berri izan zituen, guztira 225, eta 85 harpidedun berri batu ziren, ia 2.000 pertsonara iritsi arte. Kontsulta gehienak Aldundiaren beka eta dirulaguntza deialdiei buruzkoak izan ziren, eta laguntza lerro nagusietara aurkeztutako proiektuen % 30 zerbitzu honetatik pasa ziren aurretik. Gainera, 125 proiekturi laguntzak eman zitzaizkien, 170 laguntza saio egin ziren, eta aurrez aurreko hiru jardunaldi antolatu ziren, sorkuntzan, proiektuen garapenean eta finantzaketa eta kudeaketa estrategietan oinarrituak.

Ikuspegi horrek aukera ematen du ekosistema kultural orekatu, askotariko eta profesionalizatu bati eusteko, arreta jarriz bai sorkuntzari bai jendaurreko lanari eta bai kultura bitartekaritzari.

Kultura Departamentuak kultura sistema etengabe hazten eta indartzen jarraituko du hurrengo urteetan, kultura sorkuntzarako baldintza duinak eta Gipuzkoako herritar guztientzako kultura eskaintza eskuragarri eta kalitatezkoa bermatzen jarraitzeko helburuarekin. Laguntza horrek bermatzen du, adibidez, lurraldeko 18 udalerri programaziorik gabe ez geratzea, arte konpainiak ez desagertzea eta gipuzkoarren % 87k kultura eskaintzak etxetik 15 minutu baino gutxiagora izatea», adierazi du amaitzeko Kulturako diputatuak.

  

1151