Aldundiak makina-erremintaren sektoreko enpresa liderrak elkartu ditu industria-lehiakortasuna indartzeko foro sektorialen lehen topaketan
Aldundiak makina-erremintaren sektoreko enpresa liderrak elkartu ditu industria-lehiakortasuna indartzeko foro sektorialen lehen topaketan
Aldundiak makina-erremintaren sektoreko enpresa liderrak elkartu ditu industria-lehiakortasuna indartzeko foro sektorialen lehen topaketan
Eider Mendoza diputatu nagusia Elgoibarko IMHko lehen lan-bileraren buru izan da. Bilera hori ADEGIrekin eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin batera bultzatu da, sektorearen erronkak aztertzeko eta enpresen eta erakundeen artean batera har daitezkeen neurriak identifikatzeko. Ekimenak jarraipena izango du automobilgintzari, mugikortasunari eta sektore emergenteei eskainitako foro berriekin, industriaren erronkei aurrea hartzeko eta Gipuzkoako sare ekonomikorako aukera berriak aztertzeko.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza buru izan da Elgoibarko IMHn gaur egin den makina-erremintaren lehen foro sektorialean. Ekimen hori Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du, ADEGIrekin eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin batera. Topaketak hasiera eman die Eider Mendoza diputatu nagusiak joan den astean Re-Think Industry kongresuan iragarri zituen Gipuzkoako ekonomiaren sektore estrategikoetako enpresa erreferenteekin lan egiteko hainbat guneri.
Bileran parte hartu dute, halaber, Unai Anduezak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak; Paul Liceagak, ADEGIko zuzendariondoko nagusiak; bai eta, Javier Zubiak, Ganberako zuzendari nagusiak ere.
Enpresa-sektorearen aldetik, honako hauek izan dira: Elias Badiola, Gurutzpeko zuzendari nagusia; Rafa Idigoras, Soraluceko CEOa; Koldo Arandia, Ibarmiako zuzendari nagusia; Juan Etxeberria, Fagor Arrasateko negozio garapeneko zuzendaria; Óscar Pastor, Bost Machine Toolseko zuzendari nagusia; eta Ainhoa Rementeria, Lagun Machineryko zuzendari nagusia. Xabier Ortuetak, AFMko zuzendari nagusiak ere parte hartu du.
Sektore estrategikoa eraldaketako egoera baten aurrean
Gipuzkoa makina-erremintaren gune nagusietako bat da estatu mailan, espezializazio teknologiko, ezagutza eta esportazio-bokazio handiko industria baitu. Gainera, lurraldean biltzen da sektoreko euskal esportazioen zati handi bat.
Hala ere, makina-erremintaren industriak ziurgabetasun geopolitikoak, Asiako lehia gero eta handiagoak eta merkatu nagusietako batzuen eraldaketak markatutako egoera bati aurre egin behar dio.
Bileran, sektorea osatzen duten jardueren bilakaera ezberdina aztertu da. Deformazioaren eremuak % 11,9ko beherakada izan du, automobilgintzaren ahultasunak bereziki baldintzatuta, baina txirbil-harroketak bilakaera egonkorragoa izan du, % 1,6ko hazkundearekin.
Landutako gai nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: nazioarteko lehia-presioa prezioetan, entrega-epeetan eta garapen teknologikoan; automozioa ibilgailu elektrikorantz eraldatzearen inpaktua; eta dibertsifikazio-aukerak aeronautika, energia edo trenbidea bezalako esparruetara.
Digitalizazioarekin eta adimen artifizialarekin lotutako erronkak ere aztertu dira, bai eta industria zerbitzuekin, mantentze prediktiboarekin eta ekipoen modernizazioarekin lotutako negozio-eredu berriak garatzeko aukerak ere.
Enpresen dimentsioak, lankidetza-aukerek, belaunaldi-erreleboak, hornidura-kateek eta talentu espezializatuaren eskuragarritasunak osatu dute diagnostiko partekatua.
Lehiakortasuna indartzeko baterako neurriak identifikatzea
Azterketa sektorialetik harago, topaketaren helburua izan da enpresen eta erakundeen arteko jarduera-ildo bateratuak identifikatzea, industriaren beharrei erantzun ahal izateko.
Ildo horretan, berrikuntzari, nazioartekotzeari, prestakuntzari eta inbertsioari laguntzeko egungo tresnak jorratu dira, baita erantzun berriak behar izan ditzaketen beharrak ere.
Diputatu nagusiak nabarmendu du garrantzitsua dela lurraldeak industria-erronkei aurre egiteko duen lankidetza-gaitasuna aprobetxatzea.
“Gipuzkoa lankidetzaren lurraldea da. Lurralde txikia gara, kasu askotan dimentsio mugatua duten enpresak ditugu, eta gaur egungo testuinguruan, inoiz baino gehiago, batasunak indarra dakar. Gehiago eta hobeto jardun behar dugu lankidetzan enpresen artean, erakundeen artean eta enpresen eta erakundeen artean, gure industria indartzeko, industria eraldatzen laguntzeko eta agertzen diren aukera berriak aprobetxatzeko", adierazi du Mendozak.
Era berean, azpimarratu du foro horien helburua dela enpresei zuzenean entzutea eta haiekin kontrastatzea landu beharreko lehentasunak. “Industriari laguntzeko ekosistema bat dugu eta Gipuzkoaren indargune handienetako bat da. Gaitasun hori baliatu nahi dugu diagnostikoak partekatzeko eta gure industriaren lehiakortasuna bermatzea ahalbidetuko diguten neurriak elkarrekin identifikatzeko, bai gaur, bai etorkizunean", gaineratu du.
Hurrengo topaketak automobilgintzarekin, mugikortasunarekin eta sektore emergenteekin
Makina-erremintari buruzko lehen bilera horren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak automobilgintzan eta mugikortasunean oinarritutako foro berriak bultzatuko ditu datozen asteetan, eraldaketa teknologikoek eta nazioarteko testuinguruak bereziki eragindako sektoreak baitira.
Ekimen horretan, halaber, sektore emergenteei buruzko topaketa espezifiko bat egingo da, dibertsifikazio-aukerak eta Gipuzkoako industria-sarearentzako etorkizuneko jarduera berriak identifikatzera bideratua.
Lurraldeko eragile ekonomiko nagusiekin batera antolatutako foro horiei esker, jarraipena eman ahal izango zaio enpresekiko elkarrizketari eta Gipuzkoako industria indartzen lagunduko duten ekimenak esploratu ahal izango dira.
1904