Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

LABe – Digital Gastronomy Lab, martxan da

Foto LABe – Digital Gastronomy Lab, martxan da

LABe – Digital Gastronomy Lab, martxan da

Gastronomiaren arloko berrikuntza teknologikora bideratutako espazioa, inauguratu da gaur Donostian.

LABe – Digital Gastronomy Lab, martxan da

LABe - Digital Gastronomy Lab-ek gaur goizean ireki ditu ateak Tabakalerako prisman, Donostian. Basque Culinary Center-ek kudeatzen duen berrikuntza irekiko living lab honek teknologia eta pertsonak integratzen ditu, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz. Etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da, betiere kode digitalean.

Inaugurazio-ekitaldian, bisita gidatu bat egiteko ere aprobetxatu da, espazio gakoetan zehar. Bertan izan dira Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusia; eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia.

“LABe ekimena Euskadiko Elikadura eta Gastronomia Planean kokatzen dugu. Berrikuntzan eta dibertsifikazioan oinarrituta, produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko lan lerroa garatzen duena”, dio Arantxa Tapia. “Digitalizazioa da une honetan gure herriak esku artean duen erronka nagusienetako bat eta Basque Industry 4.0 estrategiaren bidetik, enpresei gune praktiko bat eskaintzen diegu euren aukera berriak landu ditzaten. I+G froga dezakete eta produktu berrien sorrera- gune gisa erabili, horien merkaturatze prozesuari ekin aurretik. Ikuspegi industriala jarri diogu elikaduraren balio kate osoari, sektorea  bera eta enpresak ez daitezen atzean geratu, bi abiadurako garapen ekonomikoa saihestea baita gakoa”.

Gipuzkoa bere kultura gastronomikoagatik da ezaguna, eta Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du “LABe-k lagundu egingo duela Gipuzkoako sektore gastronomikoak nazioartean duen lidergo hori mantentzen, lehiakortasuna sustatzeari eta teknologia berriak aplikatzeari esker”. Olanok gogorarazi du 2deo-ren ondoren, LABe Etorkizuna Eraikiz-en esparruan ateak irekitzen dituen bigarren erreferentzia-zentroa dela; eta hau gehitu du: “LABe batera sortzeko espazioa da, esperimentazio aktibokoa eta ahalduntzekoa; gastronomia digitalaren arloko berrikuntzarako laborategia da, herritarrei irekia, eta jarduera ekonomiko berria sortuko duena”. Foru-arduradunak azpimarratu du LABe egia bihurtu dela lurraldeko sektore gastronomikoaren lankidetzari esker, zeinak “Gipuzkoan garrantzi, tradizio eta balio handia” baitu.

Zentzu horretan, Eneko Goiak hau adierazi du: “Donostia munduko erreferente izan da gastronomiaren esparruan, eta orain ere hala da. Gure hiria nazioartean zerbaitegatik nabarmentzen bada, hain zuzen ere helmuga gastronomiko gisa duen posizionamenduagatik da. Esparru honetan, Champions League-ean jokatzen dugu. Eta posizio pribilegiatu horrek ezin gaitu autokonplazentziara edo honek betiko iraungo duela pentsatzera eraman. Mundua etengabe ari da mugitzen, eta lehiakide anitz ditugu. Ezinbestekoa da gure lidergoa indartzeko erabakiak hartzea”. Goiak, halaber, hau azpimarratu du: “gure sukaldaritzaren erroetatik abiarazitako berrikuntza ekarri zuen sukaldari taldearen ikuspegiak kokatu gaitu mapan. Kalitatezko produktua eskaintzen duten ehunka jatetxe eta tabernaren eguneroko lanak mantentzen gaitu gailurrean. Basque Culinary Center sortzearen aldeko apustua erreferentzialtasun hori borobiltzeko erabakia izan zen. Eta gastronomiaren laborategi digital hau sortzearen aldeko apustua ere norabide berean doa”.

Sektoreak aurre egin beharreko erronkak eta LABe-k hartuko duen rola direla eta, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, honako hau nabarmendu du: “gastronomiaren digitalizazioa errealitate bat da dagoeneko. Azken hamarkadan, berrikuntza teknologiko ugarik guztiz eraldatu dituzte etapa eta prozesu ezberdinak HORECA sektorean. Teknologia berriak bezeroaren eta gastronomia eta ostalaritza establezimenduen kudeaketaren zerbitzura ipini dira. Basque Culinary Centerreko ekintzailetza ildoarekin bat, LABe-k gastronomiaren etorkizunean kode digitalean sakontzea dakar, nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegiari esker. Gastronomiaren eraldaketa digitalean erreferente bihurtuko gaituen espazioa da”.

Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroak kultur eta sormen industriak inspiratu eta erakartzea du helburu, besteak beste. Edurne Ormazabalek esandakoaren arabera, Tabakalerak "sortzaile eta industrien arteko zubiak eraikitzeko eta gure lurraldean berritzaileak diren ekimen publiko-pribatuak sortzeko duen rola errealitate bihurtu da LABe iritsi izanari esker". "Gastronomia digitalaren berrikuntzarako laborategiak bizkortu egingo du Tabakaleraren garapena industria eta gizartearen zerbitzura dagoen esperimentaziorako laborategi gisa", adierazi du Ormazabalek.

LABe – Digital Gastronomy Labek berrikuntza eta garapen elkargunea osatzen du, zeinak esperimentazio, proiektuen garapen eta soluzio teknologikoetarako espazio bat integratuko duen gastronomiaren balio-katea osatzen duten arloen zerbitzuan. Modu arinean batera sortzeko, esperimentatzeko eta testatzeko laborategi bat osatzen du. Halaber, I+Gren proiektu eta garapen berrien azeleratzaile gisa jarduten du gastronomiaren sektoreko enpresekin.

Berrikuntza irekiko laborategi hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOTek diseinatu dute. Bi solairu ditu eta 1.400 metro karratu, eta bertan instalatu dira, besteren artean, startup-ak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat, garapen gastronomiko berriak prototipatzeko sukaldeak, produktuak, zerbitzuak, auditorium txiki bat eta batera sortzeko espazio bat.

Orobat, Basque Culinary Centerreko ikertzaileek kudeatzen duten gastronomia-espazio bat du, eta datorren uztailaren 22tik aurrera herritarrentzat irekita egongo da. Jatetxe-espazio horietan, startupek konponbide teknologikoak ingurune erreal batean probatu ahal izango dituzte. 360º-ko esperimentazio-areto bat izango du, eta gastronomian murgiltzeko esperientziak eskainiko dira.

LABe – Digital Gastronomy Laben lan metodologia aintzatetsi du European Network of Living Labs-ek (ENoLL), Europako Living Lab onenak biltzen dituen nazioarteko federazioak. LABe-k zortzi adituko batzorde bat dauka, sektoreko erreferenteak nazioarte mailan, startup eta ekintzaile berriei laguntza emango dietenak; aipagarriak dira, horien artean, Brita Rosenheim (Better Food Ventures), Amit Zoran (Jerusalengo Unibertsitateko gastronomia digitaleko ikertzailea) eta Beatriz Romanos (TechFoodMag).

Beste alde batetik, lankidetzarako akordio estrategikoak sortzen ari dira enpresekin, startupei deialdi ireki ezberdinak aktibatzen, eta herritarrak proiektuan nahastera bideratutako jarduerak diseinatzea ere pentsatu da; Mindtegi edo Startup Weekend Donostia – San Sebastián Gastronomy (duela gutxi egina) bezalako ekintzak.

LABe – Digital Gastronomy Labek, digitalizazioaren eta teknologiaren bidez, aukerak eta erronkak sortzeko espazio bat osatzen du gastronomia sektorean jokatzen dutenentzat, pertsonak prozesuaren erdian kokatuz.