Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Longebitatea, berdintasuna, elikadura osasuntsua, pantailak, gazteen ongizatea eta itsasoaren inguruko bizipenak mintzagai, Pasaiako Ongizatearen Plazan

Longebitatea, berdintasuna, elikadura osasuntsua, pantailak, gazteen ongizatea eta itsasoaren inguruko bizipenak mintzagai, Pasaiako Ongizatearen Plazan

Aldundiak, hainbat eragilerekin elkarlanean eta Udalaren laguntzarekin, egitarau zabala antolatu du gune ireki honetan, hilaren 4 eta 5an; helburua da ongi egon eta ongi sentitzeko gako eta bizipenei buruz hitz egitea eta elkarri entzutea

Gipuzkoako Foru Aldundia

Longebitatea, autonomia eta hauskortasunaren prebentzioa, itsasoaren inguruko belaunaldien arteko bizipenak, berdintasuna eta feminismoa, pantailen erabilera, gazteen ongizatea eta elikadura osasuntsua mintzagai izango dira, hilaren 4an eta 5ean, osteguna eta ostirala, Pasaian. Horrela, San Pedroko Lonjaren plazan kokatutako espazio ireki honetan, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu espazio berritzaile honek, pertsona orok ongi egoteko eta ongi sentitzeko funtsezkoak diren gakoak eta bizipenak ardatz hartuta.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da”, aurreratu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen pasaitarrak hil honetako lehen ostegun eta ostiralean Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Izan ere, gogoratu duenez, herritarroi eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak eta abar.

“Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia. Ongizatearen Plazaren bitartez, gai horien guztien inguruko dialogoa eta partaidetza sustatu nahi dugu”, nabarmendu du Mendozak. Plaza irekia da, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean eta Udalaren laguntzarekin antolatu dena. Adin guztietarako pentsatutako jarduerak izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.

Irekitzeko, Adinberrirekin saioa

Ostegunean, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatuko da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskainiko du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartuko du parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, Autonomia eta prebentzioa zahartzaroan izenburupean solasaldia egingo da. Zaintzaren inguruko ikuspegi berriek autonomia, bizi-proiektua eta komunitate loturak jartzen dituzte erdigunean, pertsonak ahalik eta denbora gehienean bere etxean bizitzen jarrai dezan. Prebentzioaren garrantziaz ariko gara, eguneroko ohiturek, harreman sozialek eta komunitate sareek zahartzaro duin, aktibo eta autonomoa sustatzen nola lagun dezaketen hausnartuz.

Ostegun arratsaldean, Itsasoak eman eta kentzen diguna solasaldia egingo dugu 17:00etan, kontuan izanda bizitzeko modu bat izan dela itsasoa Pasaian, belaunaldiz belaunadi. Lana, komunitatea eta nortasuna eraiki ditu, familietan eta herriaren memorian arrasto sakona utziz. Itsasoaren inguruko bizipenak eta errealitateak partekatuko ditugu, belaunaldi eta ikuspegi desberdinak elkartuz. Eguneko egitaraua borobiltzeko, 18:00etan, Zine Foruma egingo dugu Nire gorputza, nire erabakia izenburupean. IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiarekin elkarlanean, Ainhoa Urgoitia Santamariaren Orain zer? (2025, 14 min.) dokumentala proiektatuko da. Filmaren ondoren, gizarteak emakumeen gorputzaren gainean nola epaitzen duen, gorputzaren eraikuntzak nortasunean nola eragiten duen eta norberak bere gorputzaz hartzen dituen erabakiez eztabaidatuko da herritarrekin.

Ostiralean, hilaren 5ean, gosari tailerra egingo dugu, elikadura osasungarria ardatz hartuta. Tailer praktikoa izango da, Elikaenearen eskutik egingo dena; tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko azalpenekin. Eguerdi partean, berriz, gazteen ongizatea mintzagai izango dugu 11:30etik aurrera. Sare sozialen erabilera, presio estetikoa, bullyinga, etengabeko konparaketa, bakardadea… Hiperkonexioaren eraginak ote dira soilik? Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak.

Arratsaldean, 17:00etan, Altxa Burua elkartearekin batera, Pantailen aroan, erabilera osasuntsuaz solas egingo dugu. Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa izango da, bereziki gurasoei bideratua. Amaitzeko, dagoeneko ohitura bihurtu den moduan, 18:30etatik 19:30etara, jan-edana eta musika lagun, giro informalean bi egunetako esperientziak partekatzeko modua izango dugu sagardo eta gazta dastaketarekin Euskal Sagardoaren eskutik, eta Arando Txiki abesbatzaren habanerekin goxatuz.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/pasaia

  

557