Lurraldebuseko autobusek txartel morea jaulkiko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta
Lurraldebuseko autobusek txartel morea jaulkiko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, martxoaren 8tik aurrera eta hainbat egunez, Lurraldebusen emakidetan jaulkitzen diren paperezko txartelak moreak izango dira, emakume guztiei omenaldia egiteko.

Lurraldebuseko autobusek txartel morea jaulkiko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta
Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Lurraldebuseko autobusek igande honetatik aurrera, eta hainbat egunez, sistema osatzen duten emakidetan kolore moreko txartelak jaulkiko dituzte. Hala iragarri du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak; azaldu duenez, keinu honen bidez Gipuzkoako hiriarteko garraio publikoko zerbitzuak 8-Maren ospakizunekin bat egin nahi du. Gainera, beste behin, Lurraldebus Emakundek abiatutako “Eman tokia berdintasunari” kanpainara atxikiko da, horretarako prestatutako kartelak autobusetan jarriz.
“Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eguneroko borroka da, eta bai Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan bai Lurraldebusean gure egiten dugu egunero”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. Halaber, gogorarazi du bere departamentua Lurraldebusen indarkeria sexistaren aurkako lehen protokoloa prestatzen ari dela, eta datozen asteetan argitaratuko dela.
“Mugikortasun jasangarria estuki lotuta dago berdintasunarekin ere. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik ulertzen dugu garraio publikoa ez dela soilik leku batetik bestera joateko zerbitzu bat; aitzitik, funtsezko tresna da osasuna, hezkuntza, enplegua edo aisialdia bezalako eskubideetara benetako sarbidea bermatzeko. Baina irisgarritasun hori errazteaz eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna bermatzeaz gain, uste dugu garraio publikoaren sistemak paper aktiboa izan dezakeela eta izan behar duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gizarte-justizia, elkarrekiko errespetua eta emakumeen ahalduntzea bezalako balioak sustatzen bizitzako esparru guztietan”, adierazi du diputatuak.
Eta gaineratu du: “Ultraeskuineko zenbait sektorek bultzatutako diskurtso negazionistek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bezalako oinarrizko aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituzten garai honetan, bereziki garrantzitsua da gizarte-kontzientzia indartzea. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu garraio publikoaren erabiltzaileak sentsibilizatzen jarraitzea, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera egiten jarraitzearen garrantziaz. Oraindik ere emakumeei eragiten dieten desberdintasun sakonak daude hainbat esparrutan, eta konpromiso kolektiboaren, balioetan oinarritutako hezkuntzaren eta politika publikoen bidez bakarrik eman ahal izango ditugu pauso sendoak desberdintasun horiek desagerrarazteko eta guztiontzako gizarte bidezkoagoa eraikitzeko”, amaitu du.
2322