Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldebuseko linea esperimental berri batek Eskuzaitzetako industrialdea eta Zubieta lotuko ditu iraileko bigarren hamabostalditik aurrera

Lurraldebuseko linea esperimental berri batek Eskuzaitzetako industrialdea eta Zubieta lotuko ditu iraileko bigarren hamabostalditik aurrera

Linea berri honek zerbitzua emango du goizeko lehen ordutik (5:30-6:00) eguneko azken ordura arte (22:00-22:30), astelehenetik igandera bitartean.

2026/07/01
Azahara Domínguez diputatua Eskuzaitzetako poligonoan

Azahara Domínguez diputatua Eskuzaitzetako poligonoan


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, iraileko bigarren hamabostalditik aurrera, Lurraldebuseko linea esperimental bat jarriko du martxan, Eskuzaitzetako industrialdearekin lotzeko. Autobus horrek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik (5: 30-6:00) eguneko azken ordura arte (22:00-22:30) eta intermodala izango da.

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak asteazken honetan iragarri duenez, erabaki horrek "orain arte ibilgailu pribatuaren eta zerbitzu berezien menpe egon diren ehunka langileren mugikortasuna erraztuko du, azken urteotan oso hazkunde handia izan duen industrialde honetan sartu ahal izateko. Gainera ireki berri den espetxerako sarbidea bermatuko du eta Zubietara garraio publikoan sartzea ahalbidetuko, Realeko edo Sanseko emakumezkoen taldearen partidetara joateko". Azahara Domínguezek Eskuzaitzetako industrialdean bertan egin du agerraldia, eta bertan izan dira, halaber, Justiziako sailburuorde Alfonso Gómez, industrialdean ezarritako enpresen ordezkariak, bai eta ESEN presoen gizarteratzearen eta duintasunaren alde lan egiten duen Euskadiko gizarte-erakundeen sareko ordezkariak ere.

Astelehenetik igandera, goizeko lehen ordutik gauera arte
Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, linea berriak BU15 izena izango du, eta industrialdeko langileei zein Zubietako espetxera edo Zubietako kirol-hirira joan behar dutenei erantzuteko pentsatuta dago. "Ordutegi zabala da, Eskuzaitzetan aurkitzen ditugun errealitate ezberdinei erantzuteko pentsatua", berretsi du Azahara Domínguezek, eta eskerrak eman dizkie bai enpresetako arduradunei bai ESENeko ordezkariei azken hilabeteetan erakutsi duten prestasunagatik, poligono honetan garraio publikoaren alternatibarik ez egoteari erantzuteko irtenbide bat martxan jartzeko.
"Orain arte ez zegoen garraio publikoko irtenbiderik industrialde honetarako mugikortasun-eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Horregatik, Foru Aldunditik Lurraldebus Eskuzaitzetara helarazteko apustua egin dugu. Enklabe estrategiko horretan, hamar bat enpresa handik, bakoitza bere sektorean erreferenteak eta puntakoak, egunero ehunka lanpostu sortzen dituzte, eta modu erabakigarrian laguntzen dute Gipuzkoa lurralde oparoa, lehiakorra eta lan-aukera egonkor eta kalitatezkoak sortzeko gai izaten jarrai dezan. Lantoki horietarako sarbidea erraztea gure ehun ekonomikoa indartzeko eta pertsona guztientzako lurralde kohesionatuagoa eta aukera gehiago ematen dituena eraikitzen jarraitzeko modu bat ere bada, hemendik aurrera inork ez baitio uko egin beharko Eskuzaitzetan lan egiteari ibilgailu pribaturik edo eramango duen hirugarren pertsonarik ez izateagatik", nabarmendu du Azahara Domínguez diputatuak eta azaldu du Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzak kanpaina bat egingo duela langileen artean zerbitzu horren erabilera sustatzeko.

Era berean, linea berriari esker, "ireki berri den espetxeak garraio publikoko zerbitzu egokia izango du, espetxearen beharrizanetara egokituta, langileei beraiei, presoen familiei eta espetxearen eremuan lan egiten duten elkarte eta profesionalei erantzuna emanez".

Bestalde, autobus linea horri esker, emakumezkoen zein Sanseren partidetara joaten diren Realeko zaleak garraio publikoan iritsiko dira Zubietara.
 

  

1108