Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteak bere IV. Euskadi Minbiziaren Aurka Kongresua ospatuko du, pazienteentzat eta haien senideentzat zuzendutako topaketa

Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteak bere IV. Euskadi Minbiziaren Aurka Kongresua ospatuko du, pazienteentzat eta haien senideentzat zuzendutako topaketa

Kongresua datorren urriaren 16ean izango da, Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. "Pazientea eragile eraldatzaile gisa" lelopean, jardunaldiak minbizia duten pertsonen paper aktiboan jartzen du arreta, eta elkartearen humanizazio konpromisoari erantzuten dio. Programak pazienteen eta haien gertukoen esperientzian eragina duten eremuak landuko ditu, tailerren eta parte hartzeko espazioen bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Donostia, 2026ko irailak 30. Minbiziaren Aurka Euskadin elkartea, Euskadi Minbiziaren Aurka IV. Kongresuaren antolaketan murgilduta dago. Datorren urriaren 16ean, ostiralean, ospatuko da paziente eta haien senideentzako topaketa hau Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian.

Gaur ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa egin da Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Plazan (Donostia) duen Foru Jauregian eta jardunaldiaren xehetasun guztiak kontatu dira bertan. Ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Marisa Arriola, Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteko presidentea; Maite Peña, Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatua eta  Rosa Gómez, elkarteko pazientea eta boluntarioa.

“Garrantzia handiko” topagunea izango dela nabarmendu du Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, izan ere, erdigunean pazientea kokatuko duen kongresua egingo da urriaren 16an Donostian; “beste behin ere gure jardunaren muina diren pertsonak gure egitekoaren erdigunean ipiniz”. Gipuzkoako Foru Aldundiak filosofia hori bera partekatzen duela nabarmendu du, proiektu, egitasmo eta estrategia guztiak lau oinarritan finkatzen direla gogoraraziz: zainketen pertsonalizazioan, komunitate loturen indartzean, berrikuntzan eta sistemaren jasangarritasunean. Bide horretan, Minbiziaren Aurka Euskadin egiten ari den lana, eta “partekatzen dugun ibilbide orria” balioetsi ditu: “Ezinbestekoa da erakundeak, gizarte eragileak eta herritarrak eskutik helduta lan egitea; horixe da guztion ongizate integralean aurrera egiten jarraitzeko bide bakarra”, ondorioztatu du.

Marisa Arriola, Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteko presidenteak azpimarratu du kalitatezko arretak ez duela soilik sendatzen. Entzun, ulertu, lagundu eta zaindu ere egiten duela.

Rosa Gómez, elkarteko paziente eta boluntarioak nabarmendu nahi izan du prozesu onkologiko batetik pasatzen ari diren edo pasatu diren pertsonen parte-hartzea positiboa dela denontzat: bai pazienteentzat, familientzat, profesionalentzat eta baita etorkizunean antzeko prozesu batetik pasa behar izango duten pertsonentzat ere.

Izena emateko epea urriaren 12ra arte egongo da zabalik, eta esteka honen bidez egin daiteke: https://congresos.contraelcancer.es/euskadi/eu/. Kongresuaren egunean bertan presentzialki izena emateko aukera egongo da, plaza libreak dauden tailerretan bakarrik.

Humanizazioa, elkartearen zutabe estrategikoa

Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteak, humanizazio eredu baten aldeko apustua egiten du, pertsona bakoitza prozesu onkologikoaren erdigunean jarriz; bere duintasuna, esperientzia eta autonomia aitortuz eta pertsona bakoitzak eta haren diagnostikoak berezko premiak dituela ulertuz. Hori dela eta, gaixotasuna ez ezik, ongizate emozionala, soziala eta fisikoa ere zaintzen dituen eredu bat babesten du;  pertsonek beren bizitzari  eragiten dioten erabakietan parte hartzea bultzatuz, babesa eta orientazioa ematen duten inguruneak eraikiz eta arreta eta laguntza ematen duten pertsonak zainduz.

Pazientea, eragile eraldatzailea

"Pazientea eragile eraldatzaile gisa" kongresuko leloak guztiz bat egiten du elkarteak duen humanizazio ikuspegiarekin. Jardunaldi honen helburua zaindu, ikertu eta pazientearen ahotsa modu aktiboan barneratzen duen errealitate onkologiko baterantz aurrera egitea da, minbiziak eragindako pertsonak arreta jasotzeaz gain aldaketaren protagonista izan daitezen.

Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteak entzun, ikasketak elkarbanatu eta minbiziaren bizipenak ikerketa, osasun-laguntza, zaintza-guneak eta milaka pertsonari eragiten dieten politikak eraldatzen lagun dezakeela erakutsi nahi du.

Jardunaldiaren egitaraua

Jardunaldia ohiko irekiera ekitaldiarekin eta ordezkari instituzionalen eta pazienteen arteko mahai inguru batekin hasiko da. Goizean zehar, kongresuak 8 tailer parte hartzaileren hiru txanda eta "Elkarrekin saretuz" topagunea izango ditu. Topagune honetan, parte-hartzaileek elkartrukerako, eraikuntzarako eta eraldaketa partekaturako esperientzia bizitzeko aukera izango dute, kongresu hau jardunaldi berritzaile, parte-hartzailea eta bereizgarri batean bihurtuz. Eguna itxiera ekitaldiarekin bukatuko da, hemen, kongresuko ondorio nagusiak partekatu eta paziente baten diskurtsoa entzun ahal izango da.

Guztiok minbiziaren aurka

Minbiziaren Aurka Euskadin elkarteak kongresuan parte hartzera gonbidatu nahi ditu minbizia gertutik bizitu duten eta bizitzen ari diren pertsona guztiak, haien senideak, gertukoak, profesionalak eta gizarte guztia orokorrean. Bizipen bakoitza garrantzitsua da eta ahots bakoitzak hobekuntza bat proposatu dezake. Izan ere, elkarri entzun, lagundu eta eraikitzen dugunean, errealitatea eraldatzeko gai gara.

Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie. jardunaldi hau gauzatu ahal izatea ahalbidetu duten enpresa babesle, laguntzaile, erakunde eta elkarte guztiei. Rural Kutxa, Bankoa-Abanca, Laboral Kutxa, Fundación La Caixa, Kutxa Fundazioa, AstraZeneca, Johnson & Johnson, Gilead, Daichii-Sankyo, Novartis, VIVEbiotech, Biogipuzkoa, Osakidetza, Policlínica Gipuzkoa, Asuncion Klinika, BIC Gipuzkoa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Radio Euskadi eta EITB, Cadena SER, Solán de Cabras, La Casa del Café, Rotulek, Limpiezas Arki, Agadelprise, Iñurri, Aspanogi, Aspanovas, Asociación Española de Cáncer de Mama Mestastásico, Maite Ta Bizi, Asociación de Ostomizados de Bizkaia Argia, Asgicer eta Osakidetzaren Osasun Eskolako Paziente Aktibo baliabideari.

  

660