MUBIL Centerrek aurrera egiten du Gipuzkoa mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente gisa sendotzeko bidean
MUBIL Centerrek aurrera egiten du Gipuzkoa mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente gisa sendotzeko bidean
MUBIL Centerrek aurrera egiten du Gipuzkoa mugikortasun jasangarri eta adimendunean Europako erreferente gisa sendotzeko bidean
MUBILek bere hazkunde-estrategia aurkeztu du lehen urteurrenean, eta sektoreko enpresen hazkundera bideratutako eraikin berri baten sorrera iragarri du; 7,5 milioi euroko inbertsioa izango duena. Eider Mendozak adierazi du zentroa martxan jartzeak "aurreikuspen guztiak" gainditu dituela, eta ziurtatu du instalazio berriek "industriaren eta ekonomia berriaren sorkuntzaren zerbitzura dagoen ahalmen eraldatzailea" handituko dutela.

MUBIL Mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren poloak bere hazkunde eta finkatze estrategia aurkeztu du gaur, inaugurazioaren lehen urteurrenean. Ekitaldiaren buru Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Cesar Gutiérrez MUBILeko zuzendari nagusia izan dira, eta bertan izan da baita ere Unai Andueza, MUBILeko presidentea eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua.
Jardunaldian, zentroaren lehen jarduera-urteko bilakaera balioetsi da, funtsezko konexio-nodo gisa finkatu baita mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren barruan. Era berean, datozen urteetarako ibilbide-orria aurkeztu da, MUBIL mugikortasun adimenduneko Europako erreferente izan dadin.
Eider Mendoza diputatu nagusiak baieztatu duenez, MUBIL Centerrek Zubietan egin duen lehen ibilbideak "aurreikuspen guztiak gainditu ditu", nahiz eta hasieratik Europa mailan "azpiegitura top" bat izateak konfiantza handia sortu. "Urte honetan, enpresen, zentro teknologikoen eta mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren esparruko eragileen ekosistema finkatu da eta mugikortasunari lotutako eraldaketan, Gipuzkoa Europako erreferente gisa kokatzeko helburuan aurrera egiten ari gara ", adierazi du.
Gaineratu duenez, MUBILen "arrakasta" ez da soilik bere instalazioen inguruan sortutako "testeo-jardueragatik, ekintzailetzagatik eta lankidetzagatik" eman, baizik eta bere alboan datozen hilabeteetan "mugarri garrantzitsuak" biziko dituen "ezagutza eta berrikuntza-polo aurreratua" sortzen ari delako. "MUBILek ere hazkunde horretan aurrera egingo du, industriaren zerbitzurako eta ekonomia berriaren sorkuntzarako duen ahalmen eraldatzailea handituko duen eraikin batekin. Izan ere, hori da lortu nahi dugun helburu bikoitza: batetik, mugikortasunaren esparruko enpresa txiki eta ertainei laguntzea, eta, bestetik, mugikortasun jasangarri, adimendun eta konektatuari lotutako industria berriaren sorrera sustatzea ", azaldu du.
Bestalde, Cesar Gutierrez MUBILeko zuzendari nagusiak azpimarratu du: “Lehen urte honetan, plangintzatik, mugikortasun jasangarri eta adimendunaren ekosistemaren konexio-eragile garrantzitsu bihurtu den proiektu bat benetan gauzatzea igaro gara. MUBIL erreferente bihurtzen ari da Europan, eta oinarri sendoa du, handinahiz hazteko eta haren eragina indartzen jarraitzeko aukera ematen diguna, hartara datozen urteetan talentua, enpresak eta proiektu estrategikoak Gipuzkoara erakartzeko”.
MUBILek bere hazkundea bultzatuko du enpresa-zentro berri batekin, eta talentua eta enpresak erakartzeko lurzoru gehiagorekin
Fase berri honen mugarri nagusietako bat MUBIL Business Center eraikitzea da. 4.500 m²-ko eraikin berri bat da, hazkunde-fasean dauden mugikortasun jasangarri eta adimenduneko ekosistemako enpresei zuzendua. Zentroa Eskuzaitzetan kokatuko da, egungo MUBIL Center-en ondoan, eta bulego-espazioak, I+G laborategiak eta testak eta prototipoak egiteko gune teknikoak izango ditu.
Azpiegitura horrekin, MUBILek ingurune espezializatu bat eskaini nahi du, sektoreko enpresa berritzaileen eskalagarritasuna errazteko. Aurreikusitako inbertsioa 7,5 milioi euro da eta obren hasiera 2026ko amaierarako dago aurreikusita.
Aldi berean, irailetik aurrera 6.683 m² eta 3.336 m²-ko bi lurzati jarriko direla eskuragarri iragarri da. Espazio horien xedea enpresa berriak erakartzea eta MUBILen ingurunean mugikortasun jasangarri eta adimendunarekin lotutako proiektu berritzaile berrien ezarpena sustatzea da.
Gipuzkoak mugikortasun adimendunaren Europako polo gisa duen posizionamendua indartu du
Diputatu nagusiak eta zuzendari nagusiak azpimarratu dute beharrezkoa dela foku estrategikoa mugikortasun konektatu eta adimendunerantz zabaltzen jarraitzea, ekosistemako eragileekiko lankidetza indartuz, eremu horretan Gipuzkoaren lidergoa sendotzeko.
Ildo horretan, iragarri da Donostian egingo dela, lehen aldiz Global CSL Summit nazioarteko kongresua, azaroaren 4tik 6ra, Kursaal Jauregian. Topaketa hau MITen (Massachusetts Institute of Technology) City Science Network-en hiri-zientziaren, plangintzaren eta hirien eraldaketaren arloko hitzordu nagusia da, eta sektoreko nazioarteko erreferenteak biltzen ditu. Gipuzkoan egitea mugarri estrategiko bat da, lurraldea hiri-berrikuntzaren abangoardian kokatzen duena eta hiri adimendunen arloan nazioarteko proiekzioa sendotzen duena.
Aldi berean, mugikortasun konektatuaren eremuan, BCCAMek proposamen estrategiko bat helarazi dio Europako Batzordeari, Partnership CCAMaren esparruan –VICOMTECH bertako parte da–, Gipuzkoa eta Euskadi erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko mugikortasun autonomo, konektatu eta adimenduneko soluzioak garatzeko eta hedatzeko. Proposamen horrek berriz ere MUBIL eta LandaGo ekosistemako aktibo giltzarri gisa identifikatzen ditu, mugikortasun adimendunean erabilera-kasu aurreratuak baliozkotzeko, erakusteko eta hedatzeko plataforma eragile gisa duten rola indartuz.
Datozen asteetan, gainera, Vicomtechen eta CIDETECen mugikortasun-zentro berriak inauguratuko dira, eta horrek beste bultzada bat emango dio ekosistemari.
Aurrerapen horiekin guztiekin, MUBIL poloak 2026an Europako erreferente gisa finkatzeko bidean aurrera egiten du, lurraldeari azpiegiturak eta gaitasunak emanez mugikortasun-eredu jasangarriago, konektatuago eta berritzaileago bat bultzatzeko.
931