MUBILek etapa berri bati ekin dio Cesar Gutierrez Zuzendaritza Nagusira heltzean, mugikortasun iraunkorreko zentroaren hedapen betean
MUBILek etapa berri bati ekin dio Cesar Gutierrez Zuzendaritza Nagusira heltzean, mugikortasun iraunkorreko zentroaren hedapen betean
MUBILek etapa berri bati ekin dio Cesar Gutierrez Zuzendaritza Nagusira heltzean, mugikortasun iraunkorreko zentroaren hedapen betean
Gutierrezek zuzendaritza hartu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektuaren arlo teknikoaren buru bost urtez izan ondoren. Unai Andueza MUBILeko presidenteak, MUBIL Europako erreferente gisa sendotzeko Igor Villarrealek orain arte egindako lana baloratu du.

MUBIL mugikortasun jasangarri eta adimenduneko Europako zentroak etapa berri bati ekin dio, César Gutiérrez Zuzendaritza Nagusira iristean. Igor Villarrealek, azken bi urteetan proiektuaren buru izan denak, etapa profesional berri bati ekingo dio orain, MUBIL erreferentziazko proiektu estrategiko gisa finkatu ondoren, eta lekukoa César Gutiérrezi eman dio, azken bost urteetan zentroko zuzendari teknikoaren kargua bete duenari. Aldez aurretik CIDETECen baterien entsegu-laborategiaren arduraduna izan zen Gutiérrez, eta esperientzia handia eskaintzen du mugikortasun jasangarriaren eta adimentsuaren esparruan, bai eta proiektuaren ezagutza sakona ere. Horri esker, azken bost urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako zentroaren hazkunde eta hedapen fase berri hau lidergo eta ikuspegi estrategikoarekin gidatu ahal izango du.
2021ean martxan jarri zenetik, MUBILek Euskadi eta Gipuzkoa etorkizuneko mugikortasunaren arloan Europako erreferentziazko lurralde gisa sendotu ditu. Villarrealek adierazi bezala, gakoa izan da ekonomiaren orainaren eta etorkizunaren aldeko apustu industriala eta Gipuzkoako enpresa-ehunaren lehiakortasuna uztartzea. Etorkizunari begira, argi dauka "MUBILek, Gutiérrezen zuzendaritzapean, hazten eta sendotzen jarraituko duela etapa berri honetan, Euskadin eta Europan berrikuntza eta mugikortasun jasangarriaren garapena bultzatuz. Niretzat ohore handia izan da proiektu honen buru izatea, eta, zalantzarik gabe, aurrerantzean ere gure mugetatik haratago finkatzen joango da".
Gutierrezek, bere aldetik, kargua "ilusioz eta erantzukizunez" hartzen duela adierazi du. "Proiektua barrutik ezagutzen dut, eta gogotsu egiten diot aurre MUBILen hazkunde-fase berri honen lidergoari", adierazi du zuzendari izendatu berriak.
MUBILeko presidente eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak Villarrealek egindako lana eta trantsizio-etapa honen garrantzia azpimarratu ditu: “Eskerrak eman nahi dizkiot erakutsitako konpromiso eta dedikazioagatik; funtsezkoak izan dira MUBIL proiektu estrategiko gisa sendotzeko. Aldi berean, ongietorria ematen diogu César Gutiérrezi, ziur bait gaude berrikuntza eta proiektuaren hazkundea gure mugetatik harago indartzen jarraituko duela”.
Trantsizio honek, gainera, bat egiten du MUBILentzat funtsezkoa den une batekin; izan ere, datorren martxoaren 25ean hasiera emango zaio MUBIL Mobility Expo azokari. Ekitaldi hori estrategikoa da bai proiekturako, bai mugikortasun jasangarriaren sektorerako, eta aurrerapen teknologikoen eta ingurunean garatutako berrikuntzaren erakusleiho gisa balioko du. Bi urtean behingo azoka hau Ficoban egingo da eta sektoreko ehun bat enpresa bilduko ditu.
Zuzendaritza Nagusian egindako erreleboarekin, MUBILek berretsi egiten du berrikuntza teknologikoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa, bere estrategiaren jarraipena ziurtatuz eta sektorean Europako erreferente gisa duen posizioa sendotuz.
2416