Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea MUBILek mugikortasun ekosistemako enpresen eta sortzen ari den talentuaren arteko lotura sustatu nahi du “MUBIL EV Academy Experience” ekitaldiaren bidez

MUBILek mugikortasun ekosistemako enpresen eta sortzen ari den talentuaren arteko lotura sustatu nahi du “MUBIL EV Academy Experience” ekitaldiaren bidez

Ekitaldian ikasleak, enpresak eta ekosistemako eragileak elkartu dira MUBIL Centerren, mugikortasunaren arloan talentua bultzatzeko. Euskadi guztiko Formula Student eta MotoStudent taldeek beren gaitasun teknikoak eta profesionalak aurkeztu dizkiete sektoreko enpresei. Eider Mendozak ekimen horien garrantzia azpimarratu du, kalitatezko enplegua eta ongizatea sortzeaz gain, lurraldeko indarguneetan oinarritutako balio handiko sektoreak sustatzen dituztelako eta gazteei ateak irekitzen dizkietelako.

Gipuzkoako Foru Aldundia

MUBIL EV Academy Experience ekitaldia izan da gaur MUBIL Center-en. Jardunaldia mugikortasunaren sektoreko ikasleak eta enpresak bat egiteko topagunea izan da, sortzen ari den talentuaren eta arlo horretako aukera profesionalen arteko lotura bultzatzeko.

Ekitaldian izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, babesa adierazteko MUBILek talentua eta lurraldeko enpresa sarea lotzeko eragile gisa duen eginkizuna indartzen duen ekimenari.

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "horrelako topaketak proiektu estrategikoen bidez lortu nahi dugun helburuaren adibide argia dira, hau da, gure lurraldearen indarguneetan oinarrituta balio handiko sektoreak sustatzea, lanpostu onak sortzen dituztenak eta, azken batean, gizartearentzat ongizatea dakartenak". Halaber, azpimarratu du lanpostu horiek etorkizunean berebiziko garrantzia izango duen sektore batekoak direla, mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren arlokoak, hain zuzen ere, eta MUBILek aukerak sortzen dituen eragile gisa egiten duen lan handia eta baliotsua goraipatu du; gainera, helburu hori ekimen zehatzetan gauzatuz talentua eta enpresa bultzatzen eta uztartzen dituen motor gisa duen eginkizuna nabarmendu nahi izan du.

Topaketak talentu gazteak mugikortasun jasangarriaren garapenean duen funtsezko zeregina izan du ardatz, eta ingeniaritzan eta mugikortasunean espezializatutako ikasleek eta arlo horretan profil kualifikatuak bilatzen dituzten enpresek elkar ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, gazteek ikasteko duten konpromisoa eta gogoa azpimarratu dira, bai eta enpresek sortzen ari den talentu hori erakartzeko, babesteko eta garatzeko duten jarrera ere.

Jardunaldian zehar, ibilgailu elektrikoen programak lantzen dituzten unibertsitateko eta lanbide heziketako zenbait taldek beren gaitasun teknikoak eta profesionalak jarri dituzte ikusgai benetako kasuen bidez, eta agerian utzi dute talentu akademikoak sektorearen egungo erronkei erantzuteko duen gaitasuna.

Gainera, ekitaldiak ibilgailuen erakusketa eta networking-gune bat izan ditu, harreman profesionalak sortzeko, lan aukerak aztertzeko eta enpresa parte-hartzaileetan talentua txertatzeko prozesuak ahalbidetzeko. Zehazki, 5 taldek parte hartu dute: Bizkaiko Formula Student (EHU); Gasteizko MotoStudent (EHU); Donostiako Formula Student (TECNUN) eta MotoStudent (EHU), eta TKNIKA – EUSKELEC, lanbide heziketako zenbait programatako ikasleak aurkeztuz.

MUBIL EV Academy Experience eremu akademikoaren eta enpresa sarearen arteko lotura gune gisa finkatu da, eta, horrela, MUBILek mugikortasun jasangarritasunaren sektorean talentuaren dinamizatzaile eta aukeren bideratzaile gisa betetzen duen zeregina indartuta atera da.

  

863