Mugaren bi aldeetako 90 ikaslek bertatik bertara ezagutzen dute emakumeek industrian duten lidergoa, Aspegi, Atelier Lanberri eta Aldundiaren arteko lankidetzari esker
Mugaren bi aldeetako 90 ikaslek bertatik bertara ezagutzen dute emakumeek industrian duten lidergoa, Aspegi, Atelier Lanberri eta Aldundiaren arteko lankidetzari esker
Mugaren bi aldeetako 90 ikaslek bertatik bertara ezagutzen dute emakumeek industrian duten lidergoa, Aspegi, Atelier Lanberri eta Aldundiaren arteko lankidetzari esker
Emakumélan ekimenak, Ideiak foru programaren barruan, industria arloko emakume erreferenteak hurbildu ditu Gipuzkoako eta Iparraldeko gazteengana. Bihar Hendaian “Nesken Errugbi Eguna” ospatuko da, 2025eko edizioan hautatutako proiektuetatik sortutako beste jarduera bat

Gipuzkoako eta Iparraldeko unibertsitateetatik eta lanbide heziketako zentroetatik etorritako 90 ikaslek hartu dute parte Emakumélan proiektuan. Ekimen horren helburua da industrian erreferente diren emakumeen lidergoa eta ibilbidea ikusaraztea eta belaunaldi berrietara gerturatzea. Proiektua Aspegik (Gipuzkoako Profesional eta Enpresarien Elkartea) eta Atelier Lanberrik, Baionako eremuko lurralde garapeneko kolektiboak, sustatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoaren bi aldeen arteko lankidetza sustatzeko bultzatutako Ideiak ekimenaren baitan kokatzen da.
Proiektuaren helburua izan da industria enpresetan ardura postuak dituzten emakumeei ikusgarritasuna ematea eta belaunaldi berriak inspiratu ditzaketen erreferenteak sortzea. Ekimenak oso harrera positiboa izan du parte hartu duten ikasleen artean, eta lanbide industrialekiko begirada parekideagoa sustatzen lagundu du.
Azken hilabeteetan, parte-hartzaileek bisitak egin dituzte mugaren bi aldeetako enpresetara, eta bertan, emakumeen lidergo esperientziak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte. Lapurdin, taldeak Lynxter enpresa bisitatu zuen, fabrikazio mekanizatuan diharduena, baita Ferme Elizaldia ere, Baionako urdaiazpiko ekoizlea, non erakunde horiek gidatzen dituzten emakumeen esperientziak ezagutu ahal izan zituzten. Gipuzkoan, bisitak Alegiako Sutargira eta Agui Tailerretara egin ziren, eta enpresa horietan ere entzun eta esperientziak partekatu ahal izan zituzten arduradunekin.
Proiektua aste honetan burutu da, emaitzak jendaurrean aurkeztuta. Topaketa horretan, egindako lanaren balioa nabarmendu da, bai eta industriarena bezalako sektoreetan emakumezko erreferenteak sortzen jarraitzearen garrantzia ere.
9 proiektu abian
Gipuzkoako eta Iparraldeko herritarrek, elkarteek eta entitateek sustatutako proiektu berritzaileak bultzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an abian jarritako Ideiak ekimenaren parte da Emakumélan. Deialdi honen bidez, lankidetzazko proposamen bateratuak babesten dira kulturan, elikaduran, berdintasunean edo gizarte ekimenetan, mugaz gaindiko lankidetza indartzeko eta mugaren bi aldeetako herritarren arteko loturak estutzeko.
Ideiak-en edizio honetan, bi aldeetako taldeen artean bultzatutako 9 proiektu hautatu dira, hainbat esparru jorratzen dituztenak, hala nola industrian erreferente femeninoak sustatzea, emakumeen errugbia bultzatzea, ekimen kultural eta musikal partekatuak, Bidasoaren bi aldeetako prestakuntza zentroen arteko hezkuntza proiektuak edo elikadurari eta garapen komunitarioari lotutako proposamenak. Horiek guztiek Gipuzkoako eta Iparraldeko elkarte eta eragileen arteko lankidetza dute amankomunean, eta beren komunitateen arteko topaketa eta lankidetza guneak sortzeko helburua.
“Nesken Errugbi Eguna” Hendaian
2025eko edizioan bultzatutako proiektuen barruan, bihar “Nesken Errugbi Eguna” ospatuko da Hendaian, Ondarraitz zelaian, 10:00etatik aurrera. Programan parte hartu nahi duten neska guztientzako entrenamendu irekia, Hendaiako eta Txingudi Rugby taldeko jokalarien arteko topaketa, eta bi norgehiagoka, bata kadete mailakoa, Hasparren taldearen aurka, eta bestea senior mailakoa, Uni Bilbaoren aurka. Jardunaldiak emakumezkoen errugbia sustatzea eta mugaren bi aldeen arteko kirol lankidetza indartzea du helburu, Ideiak ekimenak sustatzen duen lankidetza espirituaren ildotik.
1564