Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua autobus artikulatuak erabiltzen hasi da BU12 eta BU13 lineetan, linea horien erabiltzaile kopuruari erantzuten jarraitzeko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua autobus artikulatuak erabiltzen hasi da BU12 eta BU13 lineetan, linea horien erabiltzaile kopuruari erantzuten jarraitzeko

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, behin Hernaniko Udalak departamentuak 2024an eskatutako obra amaituta, autobus horiek linea horien ohiko ibilbidea egin ahal dute.

2026/02/13
Azahara Domínguez diputatua Hernanin

Azahara Domínguez diputatua Hernanin


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua autobus artikulatuak erabiltzen hasiko da BU12 (Hernani>Astigarraga>Donostia (Martutenetik) eta BU13 (Hernani>Astigarraga>Donostia) lineetan, linea horiek dituzten erabiltzaileen eskaera handiari erantzuteko.

Hala adierazi du Azahara Domínguez diputatuak, eta azaldu du Hernaniko Udalak amaitu duela departamentuak 2024an eskatutako obra, eta horri esker autobus horiek linea horien ohiko ibilbidea egin ahal izango dutela. 

Urtebete baino gehiagoz, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak zerbitzua hobetu du,  7:20, 8:20 eta 9: 00etako espedizioak indartuz bigarren autobus batekin. Neurri horri esker, zegoen egoera arindu bada ere, orain hobetu egingo da, edukiera handiagoko autobus horiek sartu baitira.

"Hernanik obra egin duen arte, urtebete baino gehiagoz zerbitzua hobetu dugu, bigarren autobus batekin indartuz, baina ibilgailu artikulatuak sartu ahal izateak pertsona gehiagori arreta emateko aukera emango digu, batez ere puntako orduetan, orduan pilatzen baitira gehien autobusak", ospatu du Azahara Domínguezek, eta ziurtatu du "zerbitzuak indartzen jarraituko dela erabilera-datuek hori egitea beharrezkoa dela adierazten badigute".

"Gure helburua herritar guztiak autobusera sartu ahal izatea da, lanera, ikastera, osasun-arreta jasotzera edo aisialdiaz gozatzera joan ahal izateko ibilgailu pribatua izan ala ez, horrela pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatuz", esan du.

Astigarragatik Donostiarako konexio berria
Azahara Domínguezek gogorarazi du hori ez dela Astigarragak duen Lurraldebus zerbitzuan gauzatuko den hobekuntza bakarra. Ildo horretan, adierazi du bere departamentua lanean ari dela Astigarraga Donostiako ospitale-gunearekin eta unibertsitateekin lotuko duen linea berria abian jartzeko. Diputatuak uda baino lehen martxan jartzea espero du.

Linea berri hori bere departamentuak 2026. urteari begira egin duen apustu estrategikoetako bat dela adierazi du diputatuak, eta Mugitu Astigarraga herri-plataformarekin hartutako konpromisoari erantzuten diola. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak uste du udalerriaren konektibitatea "nabarmen hobetzeko" aukera emango duela.
 

  

2140