Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro hobetu du Lurraldebuseko zerbitzua Elgeta eta Bergara artean, sei espedizio berri gehituz

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro hobetu du Lurraldebuseko zerbitzua Elgeta eta Bergara artean, sei espedizio berri gehituz

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Domínguezek, jakinarazi du datorren martxoaren 9tik, astelehena, aurrera DG20E lineak (Bergara > Elgeta, eskaripekoa) bi espedizio berri izango dituela Elgetatik 10:00etan eta 11:00etan, eta beste lau kontrako noranzkoan: 8:00etan, 9:30ean, 10:30ean eta 18:00etan. Gainera, Bergaratik 15:30ean irteten den zerbitzua hamar minutu aurreratuko da (15:20an), Bergaran ikasten duten gazteek etxera arinago eta erosoago itzuli ahal izan dezaten, itxaronaldia murriztuz.

2026/02/28
Azahara Domínguez diputatua Elgetan

Azahara Domínguez diputatua Elgetan


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro hobetuko du Lurraldebuseko konexioa Elgeta eta Bergara artean, sei espedizio berri gehituz. Arloko diputatuak, Azahara Domínguezek, jakinarazi du martxoaren 9tik, astelehena, aurrera, Lurraldebuseko zerbitzuak zabalduko direla DG20E linean (Bergara > Elgeta, eskaripekoa), bi espedizio berrirekin: 10:00etan eta 11:00etan Bergararako noranzkoan, eta lau Elgetarako noranzkoan: 8:00etan, 9:30ean, 10:30ean eta 18:00etan.

Diputatuak gogorarazi duenez, hobekuntza hauek joan den uztailaren 4an abian jarritakoei gehitzen zaizkie; orduan, linea honek bi espedizio berri gehitu zituen: 8:30ean Bergararako noranzkoan eta 17:00etan Elgetarako noranzkoan.

Horrela, azken hilabeteotan bi udalerrien arteko konexioak zortzi espedizio berri gehitu ditu, “eskaintzen den zerbitzua nabarmen hobetuz”.

Era berean, egunero Bergarara joaten diren ikasleen etxerako itzulera errazteko asmoz, 15:30eko zerbitzua hamar minutu aurreratuko da; martxoaren 9tik aurrera, Bergaratik 15:20an irtengo da, etxerako itzulera arinagoa eta erosoagoa izan dadin, itxaronaldia murriztuz. “Horrelako doikuntzek zerbitzu erosoagoa eskaintzea ahalbidetzen dute, itxaronaldi gutxiagorekin, eta, ondorioz, mugikortasun ohitura jasangarriagoak sustatzen dituzte belaunaldi gazteen artean. Gainera, autonomia handiagoa lortzen dute, ez baitira inoren mende egoten klasera joan edo itzultzeko”, adierazi du diputatuak. Halaber, azpimarratu du “udalerri txikietan zerbitzu publiko on bat bermatzearen garrantzia; izan ere, horrek ahalbidetuko digu udalerri horiek bizirik mantentzea eta gazteak beren etorkizuna beste herri batzuetan bilatzera behartuta ez egotea”.

Hobekuntzak Debagoienan
Azahara Domínguezek azaldu du zerbitzuan egindako aldaketa hauek bere departamentua lurraldeko eskualde guztietan garatzen ari den hobekuntza planaren barruan kokatzen direla, eta Debagoienan azken hilabeteotan 18 autobus berri sartzea ekarri dutela emakidan. Horietako bat DG21E lineari estaldura emateko da (Leintz Gatzaga > Eskoriatza > Arrasate), gatzagatarrek asko eskatutako eskaera bati erantzunez; baita DG05 linea (Eibar > Eskoriatza >Gasteiz) indartzea ere, linea horretako bidaiari kopuruaren hazkundeari erantzuteko, nagusiki ikasleak.

“Honela erantzuten diogu Gipuzkoako eskualdeetan eskaintzen dugun garraio publikoaren zerbitzua hobetzen jarraitzeko hartu dugun konpromisoari, herritarren benetako beharretara egokituz”, adierazi du Domínguezek. Gogorarazi duenez, Debagoienean eta ibilbide luzeko zerbitzuetan 2025ean 6 milioi bidaia baino gehiago erregistratu ziren, aurreko urtean baino %8,02 gehiago. “Datuek erakusten digute hilabetez hilabete erabiltzaileak irabazten jarraitzen dugula; beraz, ikusten ari gara garraio publikoa sustatzeko abian jarri ditugun politikek —prezio eskuragarriez gain, zerbitzuen hedapena ere jasotzen dutenek, kasu honetan ikusi dugun bezala— fruituak ematen ari direla. Gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dute garraio publikoan mugitzea, baita Debagoienean ere”, azpimarratu du.

Ildo horretan, gogorarazi du legealdi honetan bere departamentuak “ahalegin handia” egin duela Lurraldebusen flota berritzeko. “Debagoienaren kasu zehatzean, 50 autobus berritu ditugu eta beste 7 berri erosi ditugu flota handitzeko; horrek esan nahi du Avanzaren autobusen %74 berriak direla”, adierazi du Domínguezek. Azpimarratu du, halaber, emakidadun honetan autobusak “batez beste zortzi urte izatetik bi urteko batez bestekora igaro direla” denbora honetan.
 

  

2252