Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, beste behin ere, Retina Gipuzkoa Begisare elkartearekin elkarlanean jardungo du, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, beste behin ere, Retina Gipuzkoa Begisare elkartearekin elkarlanean jardungo du, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko

Azahara Domínguez diputatuak eta Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteorde Ana Grijalbak datozen egunetan Erretinaren eta Ikusmenaren Munduko Egunak direla eta Lurraldebuseko autobusetan egingo den kanpaina aurkeztu dute.

2026/09/25
Azahara Domínguez diputatua eta Ana Grijalba, Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordea

Azahara Domínguez diputatua eta Ana Grijalba, Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordea


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, beste behin ere, Retina Gipuzkoa Begisare elkartearekin elkarlanean jardungo du, Gipuzkoako herritarrak gure lurraldean ikusmen-arazo larriak dituzten 13.000 pertsona inguruk bizi duten errealitatearen inguruan sentsibilizatzeko.

Hala adierazi du Azahara Domínguez diputatuak. Azaldu duenez, beste urte batez, bere departamentuak, Lurraldebusen bidez, Retina Begisare Gipuzkoa elkarteak Erretinaren Munduko Egunaren (irailaren 27a) eta Ikusmenaren Munduko Egunaren (urriaren 8a) harira abian jarritako kanpainaren berri emango du. Zehazki, gaurtik urriaren 10era, Lurraldebuseko autobusek berriro ere ‘Ikusmen murriztua dut’ bereizgarria duten kartelak izango dituzte, eta bereizgarri hori ezagutarazteko bideoak proiektatuko dituzte. “Gipuzkoa lurralde enpatikoa eta solidarioa da, baina kanpainak bultzatzen jarraitu behar dugu, gure ezaugarri den gizarte-konpromiso hori gal ez dadin”, nabarmendu du diputatuak.

“Oso kontziente gara ikusmen murriztua duten pertsonentzat zein garrantzitsua den garraio publikoa erabiltzean seguru sentitzea, horrek haien garapen pertsonala eta autonomia bermatzen baititu. Horregatik, Retina Gipuzkoa Begisare elkartearekin elkarlanean arituko gara berriro kanpaina honen bidez, konfiantza emateko, gure autobusak gune gizatiarragoak izaten jarraitzeko eta bai gure langileek bai gainerako erabiltzaileek ‘ikusmen murriztua dut’ bereizgarria daramaten pertsonek izan ditzaketen behar berezien berri izan dezaten”, adierazi du diputatuak.

Ildo horretan, Azahara Domínguezek gogorarazi du Lurraldebuseko autobusek 2025. urtea 31,2 milioi bidaiarekin itxi zutela, eta milaka pertsonek erabili zituztela. Horrek “gizarte-sentsibilizazioko mota honetako kanpainetarako bozgorailu handia” bihurtzen ditu. “Retina Begisare Gipuzkoa bezalako elkarteekin elkarlanean jarraituko dugu garraio publikoa zerbitzu irisgarriagoa eta gizatiarragoa izan dadin, pertsona guztiek, gure gaitasunak edozein direla ere, lekua izan dezagun. Izan ere, hori bermatzea pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzea da”, amaitu du.

Bestalde, Retina Gipuzkoa Begisareko presidenteordeak nabarmendu duenez, “ikusmen-urritasuna dugunoi tentsio handia eragiten digu ulertuak ez izateko beldurrak, eta horrek min handiagoa ematen du desgaitasunak berak baino. Gipuzkoako Foru Aldundiaren moduko erakundeen babesa ezinbestekoa da gu ikusgai egiteko. Lausoki ikusteak edo ikus-eremu oso murritza izateak gaizki-ulertuak eragiten dizkigu harremanetan. Kanpaina honen bidez, herritarrei eskatu nahi diegu soilik gure desgaitasuna kontuan har dezatela epaitu aurretik”.
 

  

868