Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak BU08 lineari zerbitzu berri bat gehitu dio, langileek lanaldia amaitu ondoren etxera itzultzeko aukera izan dezaten
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak BU08 lineari zerbitzu berri bat gehitu dio, langileek lanaldia amaitu ondoren etxera itzultzeko aukera izan dezaten
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak BU08 lineari zerbitzu berri bat gehitu dio, langileek lanaldia amaitu ondoren etxera itzultzeko aukera izan dezaten
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, urriaren 13tik, asteartea, Donostia eta Tolosa zuzenean lotzen dituen lineak zerbitzu berri bat izango du astelehenetik ostiralera, 22:10ean abiatuko dena Donostiako Askatasunaren Etorbidetik.

Azahara Domínguez diputatua, Matia Fundazioko langile taldearekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, bere departamentuak zerbitzu berri bat gehituko dio BU08 lineari (Tolosa>Donostia zuzenean), urriaren 13tik, asteartea, aurrera. Zehazki, egun horretatik aurrera, astelehenetik ostiralera, aipatutako lineak irteera berri bat izango du 22:10ean, Donostiako Askatasunaren hiribidetik. Diputatuak gogorarazi duenez, espedizio berri horrek “lanetik berandu ateratzen diren langile askoren beharrei erantzungo die; izan ere, aurrerantzean, etxera itzultzeko zuzeneko garraio publikoko zerbitzu bat bermatuta izango dute”.
Diputatuak azaldu duenez, zerbitzuaren hobekuntza hori Matia Fundazioko emakume langileen talde batek egindako eskaerari erantzuteko dator. Emakume horiek diputatuarekin harremanetan jarri ziren, orain arte zaila egiten zitzaielako garraio publikoan etxera itzultzea: batetik, autobusa itxaron behar zuten denboragatik, eta, bestetik, eskaintzen zen zerbitzua zuzena ez zelako. “Erabiltzaileei entzutea funtsezkoa da eskaintzen dugun zerbitzua hobetuko duten erabakiak hartu ahal izateko, eta hau horren adibide garbia da”, adierazi du diputatuak. Horrez gain, honakoa gaineratu du: “Garraio publikoak pertsonen benetako beharrei erantzun behar die, baita beranduago lan egiten dutenen beharrei ere; izan ere, horrela, inork ez du lan-aukera bati uko egin beharko etxera itzultzeko garraio publikoko alternatibarik ez izateagatik edo beste pertsona baten mende egon behar izateagatik”.
Diputatuak Gipuzkoan eskaintzen den garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko erakutsitako jarrera eraikitzailea eskertu nahi izan die Matia Fundazioko langileei hauekin bildu ondoren. “Asko hitz egiten dugu zaintzen gaituztenak zaintzearen garrantziaz, eta honelako neurriek hori errealitate bihurtzea ahalbidetzen dute. Izan ere, ez gara soilik mugikortasuna errazteaz ari; atseden hartzeko eskubideaz eta familia eta lana uztartzea ahalbidetzeaz ere ari gara. Zerbitzu berri honi esker, emakume horiek eta gaueko hamarretan lanetik ateratzen diren pertsona guztiek denbora gutxiago emango dute autobusa itxaroten eta lehenago iritsiko dira etxera, beren bizitza garatzen jarraitu ahal izateko. Eta hori guztia etxera itzultzeko garraio publikoko aukera eroso eta eskuragarri bati esker”, ondorioztatu du.
Bestalde, Matia Fundazioko langileek, Mari Jose Rivasek, Patricia Pinedak eta Belkis Orozco-k, diputatuari eskerrak eman dizkiote “guregana hurbiltzeko erakutsi duen jarreragatik, adeitasunagatik eta gizatasunagatik”. “Lehenik, posta elektronikoz; ondoren, telefonoz; eta, azkenik, bilera batean, gure kezkak, zalantzak eta eskaerak bertatik bertara ezagutzeko. Eskaera horiek gure lantokietatik joan-etorriak egiteko egunerokoan aurkitzen ditugun zailtasunekin lotuta daude. Bereziki nabarmendu eta eskertu nahi dugu gu entzuteko erakutsi duen prestutasuna, bere gertutasuna eta gure beharrekiko erakutsitako interesa, baita gure egoerari heltzeko erakutsi duen profesionaltasuna ere. Eskerrik asko gure eskaerei hainbesteko gizatasun eta konpromisorekin erantzuteagatik”, ondorioztatu dute.
723