Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Cáritasekin lankidetzan jarduten du gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten errazteko

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Cáritasekin lankidetzan jarduten du gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten errazteko

Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, laguntza honen bidez MUGI txartel anonimoak erostea eta kargatzea finantzatzen da; ondoren, Cáritasek kudeatzen ditu artatzen dituen pertsonen artean.

2026/03/12
Azahara Domínguez diputatuak Cáritas bisitatu du

Azahara Domínguez diputatuak Cáritas bisitatu du


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Cáritasekin lankidetzan dihardu erakunde horrek artatzen dituen gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten. Ekimen honen bidez, Azahara Domínguez buru duen departamentuak berriro ere berretsi du garraio publikoa bezalako oinarrizko zerbitzu batera sartzea errazteko konpromisoa, gizarte-babes sistematik kanpo geratzen diren pertsonentzat. Horretarako, laguntzak ematen dizkie baita ere SOS Arrazakeria, Sarea Fundazioa, Zehar Errefuxiatuekin eta Gurutze Gorriari.

Azahara Domínguez diputatuak adierazi du lankidetza honek MUGI txartel anonimoak erosi eta kargatzeko finantzaketa ahalbidetzen duela; ondoren, kasu honetan Cáritasek, banatzen ditu bere laguntza jasotzen duten erabiltzaileen artean.

Azahara Domínguezek Donostiako Ategorrieta auzoko Cáritasen instalazioak bisitatu ditu, eta bertan aukera izan du erakundeko arduradunekin eta onuradun batzuekin biltzeko, pertsona guztiek garraio publikoa eskuratzeko aukera bermatzearen garrantziari buruz hitz egiteko. Bisitan Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzia den Iñigo García ere izan da.

“Garraio publikoa eskubide bat da, eta beste eskubide batzuk baliatzeko aukera ematen du, hala nola osasuna, prestakuntza, enplegua edo aisialdia. Gainera, herritarren artean aukera-berdintasuna sustatzeko funtsezko tresna da. Horregatik, garrantzitsua da Cáritas bezalako erakundeak babestea, haiek laguntzen dituzten pertsonek osasun-arreta eskuratu ahal izan dezaten edo lan-merkatuan sartzeko benetako aukerak izan ditzaten”, adierazi du diputatuak. Halaber, nabarmendu du ekimen mota hauek “gizarte- eta lan-integrazioa errazten dutela eta, azken finean, pertsona horien errotzea gure lurraldean eraikitzen laguntzen dutela”.

Era berean, Azahara Domínguezek MUGI sistema nabarmendu du “pertsona guztiek bizitzan aukera berak izatea bermatzen duen tresna” gisa, “haien egoera ekonomikoa edo jatorria edozein dela ere”. Ildo horretan, azpimarratu du MUGI sistemarako sarbidea egoera ahulean dauden pertsonengana ere zabaltzeko beharra dagoela, “hasierako urrats bat baita gure artean bizi-proiektu duin bat eraiki ahal izateko”.

“Gaur egungo testuinguruan, non mezu xenofoboek eta arrazistek gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari diren, Gipuzkoan lurralde kohesionatuago eta solidarioago baten alde egiten jarraitzen dugu, pertsona guztiek tokia izan dezaten eta duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten”, ondorioztatu du.

Funtsezkoa lan-merkatura sartzeko eta sare sozialak ehuntzeko
Cáritasek azaldu duenez, 2022. urtetik guztira 229 pertsonak jaso dituzte MUGI sistemara sartzeko laguntzak; horietatik %63 gizonak dira eta gainerako %37 emakumeak. Gainera, hamarretik bederatzi atzerritar jatorriko pertsonak dira, eta %65 18 eta 44 urte arteko adin-tartean dago.

“Guztira 829 diru-laguntza eman ditugu MUGI sistemarako. Kontuan izan behar da normalean laguntza periodikoak direla eta denboran gehiago edo gutxiago luzatzen direla, garraioa behar duen jardueraren iraupenaren arabera; adibidez, laguntzaren helburua prestakuntza- edo lan-ibilbide bat sustatzea eta indartzea denean”, adierazi dute erakundetik. Gainera, gaineratu dute: “Onuradun nagusiak Gizarte Babes Sistemako laguntza publikoetatik kanpo geratzen diren pertsonak izan dira, sarbide-baldintzak betetzen ez dituztelako. Era berean, neurri txikiagoan, diru-sarrerak izan arren oso prekarioak diren pertsona batzuek ere jaso dituzte laguntzak, ezin baitituzte oinarrizko beharrak estali”.
Cáritasek laguntza horiek “funtsezkoak” direla baloratu du, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonek prestakuntza-ibilbideetara, lan-merkatura eta sare sozialak eraikitzera iritsi ahal izateko.

“Pertsona askorentzat garraio publikoa aukera bat da, baina beste askorentzat behar bat. Laguntza hauek oso garrantzitsuak izan dira gure onuradunek lana bilatzeko eta, halaber, Gipuzkoara iritsi zirenetik sortu dituzten harreman pertsonalak mantentzeko”, adierazi dute.

Bestalde, Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcíak azpimarratu du Cáritasek hirian egiten duen “lan aparta”, “egoera ahulean dauden pertsonei hurbiltasunez, profesionaltasunez eta konpromiso sozialarekin lagunduz”. “Haien lan isila Donostiako gizarte-kohesioa sostengatzen duen komunitate-sarearen funtsezko pieza da”, adierazi du.

Iñigo Garcíak azpimarratu du, halaber, garraio publikoa “inklusiorako, enplegurako, prestakuntzarako eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea ematen duen tresna” dela. “Pertsona guztiek baldintza berdinetan mugitu ahal izatea bermatzea hiri justuago, irisgarriago eta kohesionatuago baterantz aurrera egitea da”, adierazi du. Gainera, berretsi du “Cáritas bezalako erakundeekin eta lurraldeko erakundeekin elkarlanean jarraituko dugula, desberdintasunak murriztu eta aukerak zabaltzen dituzten politikak indartzeko. Izan ere, gehien behar dutenen mugikortasuna zaintzen duen hiria, zalantzarik gabe, aurrera egiten duen hiria da”.
 

  

1461