Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dirulaguntzak handitu ditu udalerri txikiek beren udal-plangintza garatu ahal izateko eta aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dirulaguntzak handitu ditu udalerri txikiek beren udal-plangintza garatu ahal izateko eta aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dirulaguntzak handitu ditu udalerri txikiek beren udal-plangintza garatu ahal izateko eta aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, 306.000 euro baino gehiago bideratuko dira dirulaguntza hau eskatu duten hamabi udalei erantzuteko. Hasieran aurreikusitakoa baino % 11,5 gehiago izango da.

Getaria
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 7.000 biztanletik beherako udalerriek hirigintza-plangintzan aurrera egin ahal izan dezaten dirulaguntza-programa zabaldu du aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko. Hala jakinarazi du Azahara Domínguez diputatuak. Azaldu duenez, laguntza hauetarako diru kopurua % 10 handitu da 2025ekoarekin alderatuta, baina, hala ere, beste handitze bat egin behar izan da, guztira 306.474,12 eurora iritsi arte. Horrela, dirulaguntza jaso nahi duten udal guztien eskaerei erantzun ahal izango zaie.
Foru diputatuak azaldu duenez, 2025ean hamar udalerrik jaso zuten dirulaguntza hau: Alkizak, Altzagak, Ataunek, Baliarrainek, Getariak, Larraulgoak, Lizartzak, Mutiloak, Oriok eta Orexak. Aurten, berriz, hamabi udalerrik agertu dute laguntza jasotzeko interesa: Alkiza, Baliarrain, Lizartza, Mutiloa, Legorreta, Gaintza, Larraul, Elduain, Antzuola, Segura, Aduna eta Getaria.
Azahara Domínguez diputatuak azpimarratu duenez, garrantzitsua da “Gipuzkoako udalerri txikienek beren beharretara eta egungo erronketara egokitutako hirigintza-plangintzarako tresnak izatea”. Izan ere, “plangintza eguneratua izateak lurraldea hobeto antolatzeko aukera ematen du. Horri esker, hainbat gai garrantzitsu landu daitezke, hala nola klima-aldaketara egokitzea, hondatuta dauden hiri-eremuak berreskuratzea eta eskura ditugun baliabideak arduraz erabiltzea. Gainera, gizarte-kohesioa indartzen eta tokiko ekonomiarako aukera berriak sortzen laguntzen du”, gaineratu du.
“Hirigintzak gure herriak bizigarriagoak eta orekatuagoak izateko balio behar du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta egon daitezen, betiere herritarren beharrak erdigunean jarrita. Hala ere, hori ez da lan erraza, herri txikiek askotan ez baitute behar adina baliabide ekonomiko eta langile plan horiek garatzeko. Horregatik, dirulaguntza hauen bidez, baliabide faltak gure herrien etorkizuna planifikatzeko orduan desberdintasunak sortzea saihestu nahi dugu”, amaitu du Azahara Domínguezek.
1108