Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gabonetako turismoa sustatuko du, Gipuzkoako udalei zuzendutako laguntza-ildo baten bidez

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gabonetako turismoa sustatuko du, Gipuzkoako udalei zuzendutako laguntza-ildo baten bidez

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, 100.000 euroko dirulaguntza honen helburua da garai hauetan herrietako dinamismo ekonomikoa sustatzea.

2026/10/05
Azahara Domínguez diputatua

Azahara Domínguez diputatua


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak laguntza-lerro bat jarriko du abian Gabonetako turismoa sustatzeko eta, horrela, lurraldeko hainbat herritan dinamismo ekonomiko handiagoa bultzatzeko.

Azahara Domínguez foru diputatuak eman du horren berri, eta gogorarazi duenez, “Gabon garaia urteko bigarren turismo-gailurrik garrantzitsuena da Gipuzkoan, udaren ondoren; beraz, garrantzi handia du, ez bakarrik gure ostatuentzat, baita ostalaritzarentzat eta tokiko merkataritzarentzat ere, horiek enplegu-iturri garrantzitsua baitira gure lurraldean”. Horregatik, laguntza horien bidez “Gabonak beren turismo-, kultura- eta merkataritza-programazioa indartzeko aukera gisa baliatzen ari diren udalerriak babestu” nahi dira, eta, horrela, data horietan sortzen diren turismo-fluxuak “lurralde osoan modu orekatuagoan banatzea” sustatu.

“Turismoaz hitz egiten dugunean, enpleguaz eta jarduera ekonomikoaz ere hitz egiten dugu; tokiko merkataritzan kontsumitzen duten, gure establezimenduetan jaten duten, lurraldean ostatu hartzen duten eta kultura- eta aisialdi-jardueretan parte hartzen duten pertsonez. Baina sektore honetan beren lan-proiektua garatzen duten pertsonez ere ari gara. Horregatik, dirulaguntza honen bidez, Gipuzkoako herritarrek zein bisitariek lurraldeko hainbat txoko ezagutzeko arrazoi berriak sortu nahi ditugu, eta, horrela, aukera berriak sortu gure herrientzat eta bertan bizi eta lan egiten duten pertsonentzat. Eta horretan azpimarra jartzen dugu, gure helburua sektore honetako enpleguak egonkorrak eta kalitatezkoak izatea baita Gipuzkoa osoan, urte osoan zehar”, adierazi du.

Diputatuak azaldu duenez, udal bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta finantzaketa eskatzen duen Gabonetako programazio osoa jaso beharko du. Eskaerak elektronikoki izapidetu beharko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, dirulaguntzen atarian sartuta.

Eskaerak baloratzerakoan, programazioaren kalitatea, koherentzia eta turismo-interesa hartuko dira kontuan, baita bisitariak erakartzeko, hurbileko turismoa sustatzeko eta turismo-fluxuak Gipuzkoa osoan modu orekatuagoan banatzen laguntzeko duen gaitasuna ere. Halaber, udalerriko jarduera ekonomikoan izango duen eragina, tokiko merkataritza-, ostalaritza-, turismo- eta kultura-sarearekiko lankidetza, jasangarritasun-, irisgarritasun- eta berdintasun-irizpideen txertaketa eta aurrekontuaren egokitasuna baloratuko dira. Era berean, modu positiboan baloratuko dira Gipuzkoako Gabonetako kultura eta tradizio propioak nabarmentzen dituzten proposamenak, lurraldearen nortasunari eta kulturari lotutako esperientzia autentikoa eskaintzen laguntzen duten heinean.

Eskaerak aurkezteko epea bihar, urriaren 6a, asteartea, hasiko da eta 2026ko urriaren 30eko 12:00etan amaituko da.
 

  

1355