Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak genero-hirigintzarako laguntzak handitu ditu, eta lehen aldiz hiri-lanak egitea finantzatuko du

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak genero-hirigintzarako laguntzak handitu ditu, eta lehen aldiz hiri-lanak egitea finantzatuko du

Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, dirulaguntzaren aurrekontu osoaren % 30 arte genero-ikuspegia hirigintza-plangintzan txertatzeko azterlanak eta bestelako dokumentuak idaztetik eratorritako gastuetarako izango da, eta aurrekontu osoaren % 70, berriz, espazio publikoan genero-ikuspegia duten hiri-jarduketak gauzatzetik eratorritako gastuetarako.

Azahara Domínguez diputatua

Azahara Domínguez diputatua


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Gipuzkoak emakume eta gizonentzako udalerri berdinzaleagoak diseinatzeko urrats sendoak ematea nahi du. Horregatik, 50.000 euro gehiago jarri ditu hirigintza-plangintzetan genero-ikuspegia txertatzeko laguntza-lerroan, eta, gainera, lehen aldiz, dirulaguntza hori genero-desberdintasunak murrizteko hiri-jarduerak gauzatzeko erabili ahal izango da.

Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, "aurrerapauso honekin, emakumeentzat pentsatutako udalerrien diseinuan udal gehiago inplikatu nahi ditugu".

Diputatuak azaldu duen bezala, laguntza-lerro horren guztizko zuzkidura honela banatuko da: hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzera bideratutako azterlanak eta bestelako dokumentuak idaztetik eratorritako gastuetarako aurrekontu osoaren % 30era arte, 10.000 euroko mugarekin udal onuradun bakoitzeko. Eta aurrekontu osoaren % 70era arte, espazio publikoan, mugikortasuneko eta garraio publikoko ekipamenduetan eta azpiegituretan egiten diren hiri-jarduketen ondoriozko gastuetarako, baldin eta ekipamendu eta azpiegitura horiek genero-berdintasuneko eta segurtasuneko baldintzetan erabili ahal izatea eta erabiltzea bermatzen badute. Udal onuradun bakoitzak 30.000 euroko muga izango du.

Eskabidearen xede diren jarduerak 2026an hasi beharko dira, eta aurtengo abenduaren 1a baino lehen amaituta eta justifikatuta egon beharko dute.

Eskaerak aurkezteko epea gaur hasiko da, apirilaren 16an, eta interesa duten udalek hilabete izango dute aurkezteko. Eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

Azahara Dominguezek eskutitz bidez animatu ditu Gipuzkoako alkateak dirulaguntza hau eska dezaten eta adierazi du bere departamentua lanean ari dela "udalekin batera Gipuzkoa justuago bat eraikitzeko, non emakumeek eta gizonek aukera berdinak izango dituzten. Horretarako, funtsezkoa da elkarlanean aritzea hirigintza bidezkoagoa, inklusiboagoa eta pertsonen errealitatearekin konektatuagoa bultzatzeko". "Gure kaleak, plazak eta ekipamenduak ez dira neutroak, baizik eta zuzenean eragiten dute nola bizi garen, nola mugitzen garen eta nola erlazionatzen garen. Horregatik, ingurunean zuzenean esku hartzen duten jardueren aldeko apustua egiten dugu, pertsona guztientzako espazio seguruagoak, irisgarriagoak eta pentsatuagoak sortzeko helburuarekin. Horrek esan nahi du gure herri eta hirietan bizi diren premien aniztasuna entzun, behatu eta ulertu behar dela, haurtzarotik hasi eta adinekoenganaino, espazio publikoa modu desberdinetan zaintzen, lan egiten edo gozatzen dutenenganaino", gaineratu du. "Irmoki uste dugu hirigintzan genero-ikuspegia ezin dela paperean geratu. Herritarren egunerokotasuna eraldatuko duten proiektuen bidez ikusgai, ukigarri eta ebaluagarri egin behar da, ildo horretan egiten den ekintza bakoitzak Gipuzkoa berdinzaleagoa eraikitzen lagunduko digulako", amaitu du.
 

  

885