Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak goizeko lehen orduan Loiuko aireportura joateko autobusa eskainiko du urte osoan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak goizeko lehen orduan Loiuko aireportura joateko autobusa eskainiko du urte osoan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak goizeko lehen orduan Loiuko aireportura joateko autobusa eskainiko du urte osoan
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, urriaren 1etik aurrera, linearen neguko ordutegia indarrean sartzen denean, 4:15ean zerbitzu bat eskainiko da, Loiutik irteten diren lehen hegaldietara garaiz iritsi ahal izateko.

Azahara Domínguez diputatua
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Loiuko aireportura goizeko lehen orduan joateko autobus zerbitzua eskainiko du urte osoan. Hala baieztatu du Azahara Domínguez diputatuak, eta azaldu duenez, urriaren 1etik aurrera, linea honetako neguko ordutegia indarrean sartzen denean, Donostiatik 4:15ean abiatuko den zerbitzua eskainiko da, Loiutik irteten diren lehen hegaldietara garaiz iritsi ahal izateko.
“2024an, aurrerapauso garrantzitsua eman genuen linea honen erabilera sustatzeko, MUGI sisteman txertatu baikenuen, eta, horri esker, prezioa askoz ere eskuragarriagoa bihurtu zen. Orain, beste urrats bat emango dugu: zerbitzua goizagotik eskainiko dugu, behar duten pertsona guztiek garraio publikoan Loiuko aireportura garaiz iritsi ahal izan daitezen, goizeko lehen hegaldietan bidaiatzeko”, nabarmendu du diputatuak. Era berean, aireporturako autobusa erabiltzaileen aldetik “oso ondo baloratuta” dagoela azpimarratu du. “Udan egiaztatu ahal izan dugunez, hazten jarraitzen duen linea da, eta jendearen konfiantzari erantzuteko gai izan behar dugu, gero eta zerbitzu hobea eskainiz”.
Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, urriaren 1etik aurrera, asteko egun guztietan 4:15ean aterako da autobusa Donostiako autobus geltokitik, eta, ondoren, orduro zerbitzua egongo da 5:00etatik 21:00etara. Kontrako noranzkoan, Loiuko aireportutik aterako den lehen autobusa 7:45ean izango da (6:45ean asteburu eta jaiegunetan), eta orduro zerbitzua egongo da 22:45era arte. Loiutik Donostiarako azken irteera 00:00etan izango da. Horri dagokionez, gogorarazi du “Lurraldebusen zerbitzua aireportutik programatutako hegaldien ordutegietara egokituta dagoela, azpiegitura hori erabiltzen duten pertsonek, lanagatik zein aisialdiagatik hegan egin behar dutenean, bertara iristeko aukera izan dezaten, ibilgailu pribaturik eduki beharrik gabe edo hoteleko gau bat ordaindu beharrik gabe”.
“Gure helburua kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen jarraitzea da, mugikortasun-behar desberdinei erantzuten dieten ordutegiekin, herritarrek aireportura modu eroso, eskuragarri eta seguruan iritsi ahal izan dezaten”, ondorioztatu du Azahara Domínguezek. Era berean, gogorarazi du bere departamentuak hainbat neurri jarri dituela martxan, hala nola txartelak erosteko aurrez aurreko arreta edo MUGI txartela Bizkaiko terminalean bertan erosi eta kargatzeko aukera. Neurri horiei esker, zerbitzua “are eskuragarriagoa” bihurtu da.
Txartelak bihartik aurrera, irailak 25, erosi ahal izango dira.
1285