Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ia 55.000 eurorekin finantzatuko ditu Tolosako hiri-autobusaren zerbitzua hobetzeko jarduerak

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ia 55.000 eurorekin finantzatuko ditu Tolosako hiri-autobusaren zerbitzua hobetzeko jarduerak

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, Hiribusako "ibilbideak eta maiztasunak hobetzearekin" zerikusia duten neurriak lehenetsiko dira

2025/12/17
Andu Martínez de Rituerto alkatea eta Azahara Domínguez diputatua

Andu Martínez de Rituerto alkatea eta Azahara Domínguez diputatua


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Tolosako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren bidez, foru-erakundeak ia 55.000 eurorekin finantzatuko ditu herri horretako autobus-zerbitzua hobetzeko jarduerak.


Hala iragarri du asteazken honetan Azahara Domínguez diputatuak, eta azaldu du hitzarmen honen helburua dela Tolosak "udalerrian kapilaritatea garatzeko eta hobetzeko aukerak dituen hiri-garraio publikoa bultzatzea, hiri-konektibitatea eta irisgarritasun unibertsala sustatuz".


Dirulaguntza herriko hiri-autobusaren zerbitzuaren "eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko jarduerak" finantzatzeko erabiliko da, "garraio horren defizitari, kudeaketa operazionalari eta udalerrian mugikortasun iraunkorra garatzeko ekintza eta programei aurre egiteko, Garapen Iraunkorreko Helburuen esparruan", adierazi du diputatuak, eta Hiribusaren "ibilbideak eta maiztasunak hobetzearekin" zerikusia duten jarduketak lehenetsiko direla zehaztu du.


"Badakigu udalek zailtasunak dituztela kalitatezko hiri-garraio publikoaren zerbitzua eskaintzeko, horregatik, eta jakin badakigulako garraio publikoa tresna indartsua dela pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, laguntza ekonomikoa ematen diegu hobekuntzak ezartzen jarrai dezaten, eta, horrela, gero eta pertsona gehiagok eman dezaten garraio publikoa joan-etorrietarako erabiltzeko urratsa", adierazi du Azahara Domínguezek, eta azaldu du Aldundiak  2026ko aurrekontuen proiektuan zuzeneko laguntzak aurreikusten dituela udalerrientzat, hiri-autobusen balidatzaileak berritzeko, kreditu-txartelarekin ordaintzeko, MUGI birtuala martxan jartzeko eta Bat eta Barik txartelen elkarreragingarritasunerako ezinbesteko urratsa delako.


Bestalde, Tolosako alkate den Andu Martínez de Rituertok, gaineratu du Tolosa bezalako herri batentzat esfortzu handia dela Hiribusa bezalako zerbitzu bat ematea: “Azken bost urteotan, 335.000 euro inbertitu ditu udalak, urtean zerbitzu hori eman ahal izateko. Zentzu horretan, laguntza oro garrantzitsua da”. Horrez gain, zerbitzuak izango dituen aldaketak ere nabarmendu ditu:  “Hilabeteak eman ditugu lanean zerbitzua hobetzeko eta biztanle gehiagorengana iristeko asmoz. Autobuseko gidarien gomendioak jarritu eta erabiltzaileen eskaerak aztertuta, eta eskaera guztien artean ahalik eta orekarik handiena bermatzen saiatuz, ibilbide berria diseinatu dugu. Hura frogatu eta hobekuntzak txertatu dizkiogu. Abenduko osoko bilkuran emango diogu behin betiko onarpena, eta aurki jarriko da martxan”.
 

  

1543