Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak indarkeria sexisten aurkako bere lehen protokoloa aurkeztu du, Lurraldebusen ingurune seguruak bermatzeko helburuarekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak indarkeria sexisten aurkako bere lehen protokoloa aurkeztu du, Lurraldebusen ingurune seguruak bermatzeko helburuarekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak indarkeria sexisten aurkako bere lehen protokoloa aurkeztu du, Lurraldebusen ingurune seguruak bermatzeko helburuarekin
Azahara Domínguez diputatuak azaldu duenez, protokoloak prebentzio-neurriak ezartzen ditu, salaketako eta jarduketako mekanismo seguru eta konfidentzialetarako sarbidea ikusarazten eta errazten du, langileen gaitasuna indartzen du erantzun egokia bermatzeko, eta biktimak babesteko eta laguntzeko neurri zehatzak jasotzen ditu.

Lurraldebuseko indarkeria sexisten aurkako lehen protokoloaren aurkezpena
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak indarkeria sexisten aurkako lehen protokoloa prestatu du Lurraldebusen. Azahara Domínguez diputatuak dokumentu hori aurkeztu du asteazken honetan Donostian, "garraio publikoan indarkeria sexistarik gabeko ingurune seguru bat bermatzeko".
Hala adierazi du foru arduradunak, eta azaldu du protokolo hori hainbat udalekin lankidetzan egin dela, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzarekin, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin, Ertzaintzarekin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoekin, udaltzaingoen ordezkariekin eta hainbat erakunde sozial eta herritarrekin, bai eta Lurraldebuseko erabiltzaileekin eta langileekin ere.
Guztiak Miramongo ekitaldi batean izan dira, non Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburua eta Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotzia ere bertan izan diren. Gainera, Ana Redondo Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak eman dio amaiera ekitaldiari, bideokonferentzia bidez.
Azahara Domínguezek gogorarazi du azken urtean 30 milioi bidaia baino gehiago egin direla Lurraldebusen, eta horietatik "ia 20 emakumeek" egin dituztela. "Protokolo hau edozein eraso sexista (fisikoa, ahozkoa edo sinbolikoa) prebenitzeko sortu da, pertsona guztiak konfiantzaz eta lasaitasunez mugitzeko moduko ingurunea sustatuz, eta, batez ere, uneoro segurtasun-pertzepzioarekin", adierazi du. Horretarako, prebentzio-neurriak ezartzen dira, salaketako eta jarduketako mekanismo seguru eta konfidentzialetarako sarbidea ikusarazten eta errazten da, langileen gaitasuna indartzen da erantzun egokia eta biktimak babesteko eta laguntzeko neurri zehatzak bermatzeko. Gainera, ekintza horiek guztiak erabiltzaileei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainekin osatzen dira, jokabide sexistak desnormalizatzeko eta errespetuzko eta elkartasunezko bizikidetza sustatzeko diseinatuak.
Jarduteko prozedura
Protokoloak ezartzen duenez, pertsona batek ikusten badu indarkeria sexistako egoera bat gertatzen ari dela, urrats hauek jarraitu behar ditu: biktimarengana hurbildu eta/edo indarkeria sexistako egoera eten; biktimari zer behar duen eta nola lagun dakiokeen galdetu, bere erabakiak errespetatuz eta zalantzan jarri gabe; laguntzeko aukerak eskaini, hala nola poliziari deitzea, gidariari abisatzea eta/edo konfiantzazko pertsonaren batekin harremanetan jartzea; eta biktimari leku seguru batera edo joan behar duen leku batera laguntzea, edo harekin konfiantzazko norbait iritsi arte itxarotea. Gainera, indarkeria-egoera oso larria bada, 112 zenbakira deitu behar da.
Gidariei dagokienez, biktimaren segurtasunari eta ongizateari honela lagunduko die: harentzako espazio seguru bat erraztu, betiere segurtasun-baldintzek ahalbidetzen badute, gida-kabinatik gertu edo aurreko eserlekuetan kokatzeko aukera eskainiz, biktima babestuago eta lagunduago senti dadin; gidaritzako espazio babestuan dagoen larrialdi-botoia aktibatu, Kontrol Zentroarekin berehala harremanetan jartzeko, gertatutakoaren berri emateko; eta ekintzaren larritasunak hala eskatzen duenean, ibilgailua geratu lekurik hurbilenean, erabiltzaileentzat arriskurik ez dakarrenean, betiere kaltetutako pertsonaren segurtasuna bermatuz. Kontrol Zentroak 112 zerbitzuari jakinaraziko dio larrialdi-egoera eta autobusaren kokapena.
Protokoloak, halaber, emakumezko langileen aurkako indarkeria sexistako egoerak gertatzen direnean egin beharreko urratsak jasotzen ditu. Egoera hori emakume gidari batek pairatzen badu, larrialdiko botoia aktibatuko du, Kontrol Zentroarekin komunikatzeko aukera ematen diona; Kontrol Zentroak 112 telefonora deituko du, dagokion esku-hartzea eskatzeko; eta ibilgailua leku seguru batean geldituko du, bere eta gainerako erabiltzaileen osotasuna bermatuz.
Bestalde, leihatiletako langileek Kontrol Zentroarekin harremanetan jarri behar dute, gertatutakoaren berri emateko; geltokian edo terminalean dauden segurtasun-langileei esku hartzeko eskatu behar diete; eta, gertaeraren larritasunak hala eskatzen badu, 112 telefonora deitu behar dute zuzenean, edo polizia-kidegoei laguntza eskatu behar diete, geltokiaren kokapenaren arabera.
Langileentzako prestakuntza
Lurraldebuseko langileak indarkeria sexistako egoeren prebentzioan eta kudeaketan duten garrantziaz jabetuta, Azahara Domínguezek azaldu du berariazko prestakuntza jasotzen ari direla, indarkeria horri buruzko ezagutza teorikoa eta egoera horietan esku hartzeko trebetasun praktikoak barne hartzen dituena.
Sentsibilizazio kanpainak
Era berean, protokoloarekin batera sentsibilizazio-kanpainak egingo dira, herritarrei eskura dauden baliabideen berri emateaz gain, horrelako egoeren aurrean zero tolerantzia azpimarratzeko.
Kanpaina horiek kanal anitzeko ikuspegia izango dute pertsona gehiagorengana iristeko, eta indarkeria sexistaren egoera bat ikusiz edo biktima izanez gero nola jokatu jakiteko informazio praktikoa eta eskuragarria biltzen dute.
"Argi dugu protokolo honek, berez, ez duela arazoa konpontzen. Emakumeok jasaten dugun matxismo estrukturalaren aurkako borrokak guztioi eragiten digun itun sozial bat behar du. Itun kolektibo sendo bat lortu behar dugu, indarkeria mota horien lekuko garenean beste aldera ez begiratzea ahalbidetuko diguna, ezin baitugu onartu emakume bakar batek mugikortasun iraunkorrerako eskubideari uko egin behar izatea beldurra sentitzeagatik", defendatu du Azahara Domínguezek, eta azpimarratu du "salaketa bakoitzak, babes keinu bakoitzak eta biktimen aldeko jarrera bakoitzak Gipuzkoa demokratikoago eta askeago bat eraikitzen laguntzen digu pertsona guztientzat".
Kontsultatu protokoloa hemen.
936