Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko Eskuzaitzeta eta Zubietarako linea berria irailaren 21ean jarriko du martxan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko Eskuzaitzeta eta Zubietarako linea berria irailaren 21ean jarriko du martxan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko Eskuzaitzeta eta Zubietarako linea berria irailaren 21ean jarriko du martxan
Linea berri honek goizeko lehen ordutik emango du zerbitzua (5:30etik Donostiatik eta 6:05etik Eskuzaitzetatik), eguneko azken ordura arte (21:30era eta 22:05era, hurrenez hurren), eta astelehenetik igandera bitartean ibiliko da.

Azahara Domínguez diputatua, Eskuzaitzetako enpresa eta elkarteetako ordezkariekin
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, bere departamentuak Donostia Hernanirekin eta Eskuzaitzeta eta Zubietako industrialdearekin lotzeko ezarri duen Lurraldebuseko linea berria irailaren 21ean, astelehenean, jarriko da martxan.
Azaldu duenez, autobus honek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik (5:30ean Donostiatik eta 6:05ean Eskuzaitzetatik) eguneko azken ordura arte (21:30ean eta 22:05ean, hurrenez hurren). Ordubeteko maiztasuna izango du, eta 17 zerbitzu egingo ditu noranzko bakoitzean. “Ordutegi zabala da, eta, gainera, asteko egun guztietara iristen da, Eskuzaitzeta/Zubieta inguruneak planteatzen dizkigun mugikortasun-behar ezberdinei erantzun ahal izateko”, azaldu du Azahara Domínguez diputatuak. Gogorarazi duenez, “linea ez da soilik sortu industrialdeko langileei zerbitzua emateko —gero eta gehiago baitira—, baita espetxera joan behar duten profesional, elkarteetako ordezkari eta senideei erantzuteko ere; era berean, orain arte existitzen ez zen garraio publikoko alternatiba bat eskaintzeko ere bada, Zubietara, batez ere Sanseren edo Realeko emakumezkoen taldearen partidak ikustera, joaten diren Realaren zaleentzat”. Izan ere, nabarmendu du linea berria martxan jartzea adostu egin dela industrialdean dauden enpresekin, baita bertako elkarte eta erakundeekin ere, bai ordutegiari dagokionez, bai geralekuei dagokienez.
Izan ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GTLA) kanpaina bat jarri du martxan, eta industrialdeko enpresetara stand bat eramango du, langileek MUGI txartela eskatu ahal izan dezaten, oraindik ez badute, eta, horrela, garraio publikoaren erabilera sustatzeko.
Ibilbideari dagokionez, BU15 izenarekin ibiliko den lineak Donostiako Zorroaga pasealekuan, Anoeta estadioaren ondoan, hasiko du ibilbidea. Handik Hernanirantz abiatuko da, Galarretan (Jauregi, 78) geldituko da, eta Errekaldeko Topoaren geltokiaren ondoan (Errekalde hiribidea), Bugatin (Arrapide pasealekua), Zubietako Real Sociedadeko instalazioetan, Zubietako espetxean eta Eskuzaitzeta I (zentral) geralekuetan ere geldituko da. Itzuleran, autobusak ibilbide bera egingo du kontrako noranzkoan. Diputatuak azaldu duenez, “linearen intermodalitate izaera indartzeko” helburuarekin erabaki da ibilbidea Anoeta estadioaren inguruan hasi eta amaitzea, “erabiltzaileek Topoarekin modu eroso eta azkarrean egin ahal izango baitute truquea”, eta Errekaldetik eta Bugatitik igarotzea, “bertan Euskotren eta Lurraldebuseko hainbat linea gelditzen baitira, hurrenez hurren”.
“Eskuzaitzeta Gipuzkoako enpresa-gune nagusietako bat da. Gure enpresa punta-puntakoenetako batzuk bertan kokatu dira, eta lan-aukera garrantzitsuak sortu dituzte. Gainera, etengabe hazten ari den industrialdea da; beraz, ezinbestekoa zen dagoen beharretara egokitutako eta erabilgarria den garraio publikoaren alternatiba bat eskaintzea, pertsona guztiek hemen lan egiteko aukera izan dezaten eta garraio publiko egokirik ez izateagatik lanpostu bati uko egin behar izan ez diezaioten”, nabarmendu du. Era berean, balioan jarri du “Zubietako kirol-eremua ere hartzen dugula, orain arte zerbitzurik ez baitzuen”.
“Linea berri honekin, berriro ere pertsonen beharretara egokitutako eta erabilgarria den garraio publikoaren aldeko apustua egiten dugu, lanera edo Zubietako kirol-eremura joateko desplazamenduak errazteko”, amaitu du.
1488