Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua hobetu du Gaintzan, GO23E linean bi espedizio berri eginez

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua hobetu du Gaintzan, GO23E linean bi espedizio berri eginez

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, irailaren 7tik aurrera, astelehenetik ostiralera bitartean bi espedizio berri egingo dira, Ordiziatik 14:40an eta 20:45ean aterako direnak.

2026/09/04
Azahara Domínguez diputatua, Gaintzan izandako bileran

Azahara Domínguez diputatua, Gaintzan izandako bileran


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzua hobetuko du Gaintzan, GO23E linea (Gaintza>Zaldibia>Ordizia, eskaripekoa) zabalduz eta irailaren 7ko astelehenetik aurrera bi zerbitzu berri eskainiz.

Hala jakinarazi du Azahara Domínguez diputatuak, ostiral honetan herriko ama eta aita taldearekin eta herriko gestoreko ordezkariekin bildu ondoren. Bilera horretan azaldu die datorren astelehenetik aurrera aipatutako lineak Ordiziatik bi irteera berri izango dituela astelehenetik ostiralera, zehazki 14:40ean eta 20:45ean. Horrela, herriko bizilagunek helarazitako beharrari erantzuten zaio; izan ere, zerbitzu gehiago eskatu zituzten, institutuetatik, bai eta herriko gazte gehienek Ordizian egiten dituzten eskolaz kanpoko jardueretatik eta kirol-entrenamenduetatik ere, etxera modu errazagoan itzuli ahal izateko.

“Garraio publikoko zerbitzu ona izatea funtsezkoa da gure herri txikienen etorkizuna bermatzeko, bertan bizi direnek beren bizitza-proiektua garatu ahal izan dezaten, zerbitzu faltagatik edo mugitzeko alternatibarik ezagatik herri handiagoetan bilatu behar izan gabe”, nabarmendu du Azahara Dominguez diputatuak. Bere ustez, “garraio publikoaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da, pertsona bakar batek ere, non bizi den gorabehera, ibilgailu pribatua erosteko beharrik izan ez dezan edo hirugarren pertsonen mende egon behar izan ez dezan hezkuntza, lana, osasuna edo aisialdia eta kultura bezalako hainbat eskubidetara iritsi ahal izateko”.

Azahara Dominguezek eskerrak eman dizkie Gaintzako bizilagunei garraio publikoa hobetzeko erakutsitako inplikazioagatik, eta nabarmendu du “Administrazioaren eta herritarren arteko harreman arinak izateak sortzen diren beharrei azkar eta eraginkortasunez erantzutea errazten duela”. “Garraio publikoa pertsona askoren eguneroko bizitzaren funtsezko parte da, batez ere gazteena; haien autonomia, neurri handi batean, zerbitzu on bat izatearen araberakoa da. Horregatik, gure lurraldeko mugikortasun-behar aldakorretara egokitzeko gai izan behar dugu. Hobekuntza hau adibide ona da erakusteko herritarrekin elkarrizketan eta lankidetzan aritzeak gero eta erabilgarriagoa, irisgarriagoa eta Gipuzkoako errealitatera egokituagoa den garraio publikoko zerbitzua eraikitzen jarraitzen laguntzen digula”, amaitu du.

Bestalde, Gaintzan gobernatzen duen gestoraren presidenta den Uxue Irastorzak, honako hau esan du: “Herrri txikietan oso garrantzitsua da zerbitzu publiko hau izatea. Azken finean, umeak jeitsi eta igotzeko garraio publikoa izateak askatasun bat ematen die. Guk hemen beti behar dugu guraso bat, kotxea duena, Ordiziara edo beste toki batera jeisteko. Orduan autobus publikoa izatea gurasoei ere askatasun hori ematen die eta gazteek Ordizira jeisteko aukera dute, beren ekintzak egin eta gero autobusez itzuli, gurasoekiko menpekotasun hori izan beharrik gabe”.  “Guretzat oso abantaila handia da”, ospatu du. 
 

  

1377