Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Sarea Fundazioarekin elkarlanean dihardu, gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten laguntzeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Sarea Fundazioarekin elkarlanean dihardu, gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten laguntzeko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Sarea Fundazioarekin elkarlanean dihardu, gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten laguntzeko
Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez, bere departamentuak MUGI txartel anonimoak erosteko eta kargatzeko dirulaguntzak ematen ditu 2024tik. Ondoren, erakundeak txartel horiek banatzen dizkie laguntza ematen dieten pertsonei.

Azahara Domínguez diputatua Sarea Fundazioak Arrasaten duen egoitzan
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Arrasaten Sarea Fundazioak dituen instalazioak bisitatu ditu asteazken honetan. Departamentuak 2024az geroztik egiten du lankidetza erakunde horrekin, fundazioak artatzen dituen gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonek MUGI sistemara sarbidea izan dezaten. Lankidetza hori diputatuak Arrasateko zentroa egindako bisita baten ondorioz sortu zen.
Diputatuak azaldu duenez, “lankidetza honi esker, Sarea Fundazioak ondoren laguntzen dituen pertsonei banatzen dizkien MUGI txartel anonimoak erosi eta kargatzeko gastua finantzatu dezakegu. Horrela, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonek garraio publikoa erabili ahal izatea sustatzen dugu; izan ere, ezinbesteko zerbitzua da egunerokoan autonomiaz moldatzeko eta lanbide-tailerretara joateko”.
Bisitan, herriko alkate Maider Morras ere izan da. Diputatuak fundazioko arduradunekin eta programaren onuradun diren zenbait lagunekin biltzeko aukera izan du, eta haiekin iritziak trukatu ditu garraio publikoaren erabilerak eguneroko bizitza nola erraztu dien ezagutzeko.
“Askatasunez mugitu ahal izatea leku batetik bestera joatea baino askoz gehiago da. Garraio publikoak enplegurako, prestakuntzarako, osasun-arretarako eta gizarte-bizitzan parte hartzeko ateak irekitzen ditu. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu oztopoak kentzea eta Sarea Fundazioa bezalako erakundeei laguntzea. Izan ere, funtsezko lana egiten dute gizarte-babeseko sistemaren bazterretan dauden pertsonek aukerak berreskura ditzaten eta autonomia handiagoko bizitza baterantz aurrera egin dezaten”, nabarmendu du Azahara Domínguezek.
Halaber, diputatuak azpimarratu duenez, “Gipuzkoan pertsona guztiek tokia izango duten lurraldea eraiki nahi dugu; izan ere, betidanik izan gara harrera-lurraldea, eta hala izaten jarraitu behar dugu. Horretarako, bermatu behar dugu inor ez dela bazterrean geratuko baliabide edo aukerarik ez duelako. Garraio publikorako sarbidea bezain oinarrizkoa den zerbait erraztea lehen urratsa izan daiteke egoera oso konplexuak bizi dituzten pertsonek Gipuzkoan beren bizi-proiektua garatzen hasteko, beren egoera normalizatzeko eta komunitatean erabat parte hartzeko”.
“Gure konpromisoa da Gipuzkoa kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa sustatuko duten politikak bultzatzen jarraitzea, aukera-berdintasuna benetakoa izango den eta pertsona guztiek etorkizuna duintasunez eraikitzeko behar dituzten tresnak izango dituzten lurraldea eraikitzeko”, amaitu du.
Bestalde, Agustin Tranche Aguirre Sarea Fundazioko zuzendariak “eskerrik beroena” eman dio aldundiari “garraio-txartelak emanez gizarte-egoera ahulean dauden pertsonen mugikortasuna errazten laguntzen dutelako”. “Laguntza hori baliabide material bat baino askoz gehiago da: funtsezko tresna da enplegua, prestakuntza, osasun-zerbitzuak, gizarte-baliabideak eta komunitatean parte-hartze osoa lortzen laguntzeko. Lankidetza horri esker, pertsona askok gainditu ditzakete gizarteratzeko eta laneratzeko prozesua zailtzen duten oztopo ekonomikoak. Gure erakundearen eta onuradun guztien izenean, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu ekimen honengatik. Izan ere, ekimen honen eragin positiboak nabarmen laguntzen du gehien behar dutenen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzen”, adierazi du.
323